Pasa den larunbatean, Atletismoko Ohorezko Mailako Kluben Ligako azken jardunaldia jokatu zen La Nucian (Alakant), eta bertan, eskualdeko hiru atleta izan ziren Real Sociedad eta Atletico San Sebastian klubekin lehiatzen.
Batetik, Andu Martinez de Rituerto (Real Sociedad) tolosarrak, bigarren postua lortu zuen pertika jauziko finalean. 5 metro eta 20 zentimetroko langa gainditu zuen, marka pertsonal berria (5, 11 metrokoa zuen lehen) eta Gipuzkoako 20 urtez azpiko errekora ezarriz; 5 metro eta 30 zentimetroko langa gainditzen saiatu zen gero, baina huts egin zuen hiru saiakeretan. Errekor honi esker, Calin (Kolonbia) jokatuko den 20 urtez azpiko Munduko Txapelketan lehiatzeko gutxieneko marka lortu du. Tolosarrak 18 urte ditu eta abenduan beteko ditu 19.
Final horretan, Grupompleo Pamplona Atletico klubeko Juan Luis Bravo izan zen onena. 5 metro eta 35 zentimetroko langa gainditzea lortu zuen, eta gero, ezin izan zuen 5 metro eta 42 zentimetrokoa gainditu.
Realarekin ere John Cabang irurarra eta Joseba Larrauri tolosarra lehiatu ziren. 110 metroko hesi-lasterketaren finalean, laugarren izan zen Cabang, 14.29ko denborarekin. Larrauri, berriz, erreleboetako (4 x 100 metro) finalean aritu zen. Laugarren izan ziren eta Gipuzkoako maila absolutuko errekor berria ezarri zuten: 40.48.
Maria Felisa Okomo ere oso ondo aritu zen pisu jaurtiketan. 13,11 metroko jaurtiketarekin, laugarren postuan sailkatu zen. Nora Ituartek, Larraurik bezala, erreleboetako proban hartu zuen parte. Seigarren postua lortu zuten, 46.43ko denborarekin.