Ekarpen bat geure burua definitzeko moduan

Naiara Roldan de Aranguiz 2022ko eka. 11a, 16:07

Galtzaundi euskara taldeak antolatutako Sormenetik egitasmoan Jon Maia sortzaileak Itzea Urkizu kazetariaren galderei erantzuna eman die. Sorkuntzaz, izaeraz, euskaraz aritu dira Zerkausi azpian; entzuleak adi, aulki guztiak beteta –80 lagunetik gora–.

Jon Maia bertsolariak eskerrak ematen hasi du bere hitz jarioa, Sormenetik Euskal Kulturaren Azokara gonbidatu gisa parte hartzeko aukera izateagatik. Pasaia eta Tolosa alderatu ditu eta Zerkausi azpiko izaeraz ere mintzatu da, Oria ibaia ondoan zuela, arrauna presente zegoela, "etxean bezala" sentitzen zelako.
 
Jon Maiaren azken lanari erreparatuta heldu diote solasaldiari Itzea Urkizuk eta Maiak berak. Kantu bat gara, aletzen joan dira bi komunikatzaileak galderaz galdera. Disko-liburuak emanaldiak ere ekarri ditu eta horiei erreferentzia eginez, herri bakoitzean eskaintzen duen emankizunean bertako eragileak eta bertako immigrazioa –gaur egungoa– ere barneratzen ahalegintzen dela aitortu du pasaitarrak. Emanaldi bakoitzean kantuek beraiek bezainbesteko garrantzia du kantu bakoitzaren atzean dagoen istorioa. Eta istorio eta historia horiek guztiak esplikatzea da Maiaren eginkizuna.
 
Kantu bat gara-ren oinarrira jo du Maiak: bere oroitzapenetara. Liburua osatzen hasi zenean argi zuen ordea ez zuela antologia hutsa izatea nahi; ez zuela alegia, kantu bilduma soil bat izatea nahi. Horrelaxe aitortu dio Itzea Urkizuri eguerdiko solasaldian, Sormenetik egitasmoan.
 
Honela, sorkuntza eta identitatea uztarturik bere lanaren nondik norakoa azaldu du: "Ekarpen bat egin nahi nuen geure burua definitzeko moduan". "Estatu bat izan nahi dugu, erkidego xixtrin bat gara, erresuma bat izan ginen, errepublika baten parte izan ginen... Hortxe jarraitzen dugu katramilatuta. Ez dagokit niri esatea zer garen. Kantu bat gara". 
 
Euskaldunok zer garen definitzeko orduan "superbibentzia"-ri egin dio erreferentzia: "600 urte irauten duen abestiak, forma administratibo guztien gainetik aurrera jarraitu" eta guregana iristen denean, "kate horretan dago gure superbibentzia". Eta, superbibentziaren mezuak "lasaitu" egiten duela ere azpimarratu du: "Historiaren kate horretan jarraituko du gure euskarak, gure identitateak". Etengabe transformatzen den identitatea, abestiak bezala, doinuz eta estiloz aldaturik, baina poema berdina oinarri hartuta belaunaldiz belaunaldi igarota.
 
Hasiera abestien sorkuntzan
 
Jon Maia bertsolari, kantari eta idazleak 200 kantu inguru idatzi ditu 1991tik hainbat artistarentzat, horietako batzuk Ken Zazpi, Gari, Anari edota Negu Gorriak. Horiek bilduta datoz Kantu bat gara lanean. Fermin Muguruza izan zen lehena beregana gerturatzen eta kantu bat idazteko eskatzen. Momentu horretaz galdetu dio Urkizuk: "Ametsa izan zen. Idoloa, leienda zena etortzea. Dardarka erantzun nuen. 18 urte neuzkan, nire alabak orain 20 urte ditu...". "Bizitzaren opari" gisa definitu du Benito Lertxundi bati abestiak idaztea: "Ezin nuen inondik imajinatu haiek nik idatzitako zerbait kantatuko zutenik. Bizitzaren opari bat da".
 
Eta kantuak enkarguaz egiteari heldu diote jarraian bi komunikatzaileek. "Bi diziplina uztartzen bat itzalean geratzen al da?", izan da Itzea Urkizuk bota dion galdera. Antzina-antzinatik gertatutako zerbait dela adierazi du Maiak. Bernat Etxepareren liburuan, Linguae Vasconum Primitiae, euskarazko lehen liburuan, literatura kantatu izateko erreferentzia ageri da.
 
Jarraian ordea, enkarguzko lanari heldu dio bete-betean: "Idatzitako dena ia enkarguz egiten dut, beste norbaitentzat. Normala iruditzen zait bere izena izatea ikusten dena. Izan ere, ni naiz bere lanaren zatitxo bat".
 
Jon Maiak bere buruarentzat idazten duenean ordea askeago idazten duela aitortu du eta baita denboraz ezberdin jokatuta: "Niretzat denean beranduago hasten naiz idazten. Neure buruarekin ez dut gezurretan ibili beharrik, nik kantatu behar badut askeago sentitzen naiz".
 
Bestela, beste musikari bati enkarguz letra bat idatzi behar izatekotan "oso kontura hartzen dut kantatu behar duen hori nor den". Normalean musika, doinua aurretik izaten du eta saiatzen da "soinekoa musikara egokitzen".
 
Melodiak gora eta behera, soinekoa egokitzen lan horretan jarraitu dute Itzea Urkizuk eta Jon Maiak; sorkuntzaz, identitateaz, euskaraz. Eta bertaratutakoek gozatu dute plazaratutako hausnarketekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!