Osasun eta ongizate emozionalaz aritzeko deliberazio prozesua egingo dute

Ataria 2022ko eka. 9a, 19:59

Guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetzeko egin daitekeenari erantzungo diote tolosarrek prozesu deliberatibo batean. Udazkenean ausaz erabakitako 32 herritarrek osatuko duten herritarren batzarrak gidatuko du prozesua.

Herritarren osasun eta ongizate emozionalari buruzko erantzun kolektiboak bilatzeko asmoz, prozesu deliberatiboa abiatuko du Tolosako Udalak. "Zer egin dezake Tolosako Udalak lankidetza publiko-komunitarioaren bidetik, guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko?". Galdera horri erantzungo diote tolosarrek elkarrekin. Horretarako, abendutik hona, prozesua bera eta herritarren batzarraren diseinua eta inplementazioa landu ditu udalak Arantzazulab Gizarte Berrikuntza Laborategiaren eta ELGA Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen laguntzarekin. Joan den urte amaieran sinatu zuen Tolosako Udalak hitzarmena Arantzazulab-ekin, gobernantza eredu berrietan sakontzeko eta deliberazio egitasmo ordezkatzailea abiarazteko.

"Osasun eta ongizate emozionala udalerri gisa dugun erronka sozialetako bat da, erantzun kolektiboa eskatzen duena, duen dimentsioagatik eta konplexutasunagatik", esan du Joseba Ormazabal zinegotziak. Isolamendua, depresioa, antsietatea eta bakardadea bezalako errealitateak adin guztietako pertsonetan ematen dira eta COVID19 pandemiak are ageriagoan utzi ditu. "Arazo hauen aurrena estereotipoak eta estigmak sortu izan dira, hainbat eremuetatik aurre egiten saiatu garenak, baina ekimen horiek guztiak ez dira nahikoa izan". Horregatik estigmak hautsi eta elkarrekin lanean hasteko garaia dela uste dute udal ordezkariek.

Prozesu deliberatiboa diseinatu eta aurrera eramateko bideak lantzeko, ordezkari politikoek eta teknikariek nazioartetik etorritako adituen laguntza izan dute. Formakuntza saioak jaso dituzte, besteak bete, zozketa zibikoari, prozesu deliberatzaile ordezkatzaileen faseei edota komunikazioari buruzkoak. Lan saio ugari egin dituzte eta egunotan, esperientzia ezberdinak ezagutzeko jardunaldiak egin dituzte Topic-en.

"Gizarte gisa ditugun erronkei elkarlanetik egin behar diegu aurre, elkarlan publiko-komunitariotik eta horretarako ezinbestekoa da gobernantza eredu berrietan sakontzea", esan du Olatz Peon Tolosako alkateak. Joxemari Villanueva talde sozialistako bozeramaleak gaineratu du horrelako deliberazio prozesuek "indartu" egiten dutela demokrazia bera, "komunitatea eta elkarlana direlako herrigintzaren giltzarriak". Tolosa horrelako prozesu baten garapenean aitzindari izango dela nabarmendu du Villanuevak: "Kontzientzia har dezagun proiektuaren garrantziaz".

Herritarren batzarra 32 herritarrek osatua

Azken hilabeteetan talde sustatzaileko eragileak lanean aritu dira prozesuaren diseinuan, eta udazkenean abiatuko da prozesua. Nondik-norakoak saio ireki batean irailean aurkeztuko diren arren, Andu Martinez de Rituerto zinegotziak aurreratu du 32 tolosarrek parte hartuko dutela deliberazio prozesuan. "Irailean zabalduko da izen ematea eta azaroan egingo da zozketa zibikoa herritarren panela, alegia, herritarren batzarra osatzeko. Tolosar komunitatearen aniztasuna bermatuko da batzarra osatzerakoan". Parte hartzaileek formazioa jasoko dute adituen eskutik. Ondoren, udalak zehaztutako gaien inguruan hausnartu eta deliberatuko dute agintari publikoei zuzendutako politika publikoko gaiei buruzko gomendio eta proposamen zehatzak lantzeko.

Tolsoako egitasmoa esperientzia "garrantzitsua" dela nabarmendu du Naiara Goia Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak. "Gure helburua, batetik, prozesu hauen inguruko ezagutza garatzea, ezagutza hori erakunde sistemaren eskura jartzea da, eta bestetik, deliberazio prozesuak hedatzeko eta instituzionalizatzeko aukerak aztertzea da". Goiak aipatu du deliberazio publiko ordezkatzailea tresna bat dela, hainbaten artean, gobernantza inklusiboagoa sustatzeko. "Herritarrei paper protagonista ematen die zenbait erabaki publiko hartzerako orduan".

Tolosan abiatutako ekimenean nazioarteko bidelagunak izan dituzte.  Hain zuzen, Claudia Chwalisz ELGAko arduradunak adierazi du Tolosa Gipuzkoako udalerrietan parte hartze alorrean "abangoardian" dagoela. "Gaur Tolosako Udalak urrats bat gehiago egingo du herritarrak erabakien erdigunean kokatzeko, lankidetza publiko-komunitarioaren bidez guztion osasuna eta ongizate emozionala hobetuko duen Tolosa lortzeko bidean". Bereziki pozgarria iruditu zaio Chwaliszi udaleko kide politiko guztiek azaldutako konpromiso "sendoa", eta hori jo du arrakastarako funtsezko osagaitzat. "Espero dut Tolosa eredugarria izatea beste udalerrientzat, antzeko prozesuak abiatu daitezen, herritarrek gero eta pisu handiagoa izan dezaten politika publikoen garapenean".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!