Dantza Tailerraren urteurrena ospatzeko saioa

Ataria 2022ko eka. 9a, 11:53

Larunbatean izango da goizean eta arratsaldean Leidor aretoan, eta tailerraren 25 urteen errepasoa izango dela azaldu dute.

Tolosako Dantza Tailerreko ikasleek, urtero legez, ikasturte amaierako emanaldia eskainiko dute. Larunbatean izango da, Leidor aretoan, eta bi saio egingo dituzte. 12:00etan txikien baleta (4-9 urte) izango da, eta 18:00etan helduen balleta eta dantza garaikidea. 

Pasa den urtean ezin izan zuten jaialdia egin, eta aurten Dantza Tailerra hasi zeneko 25. urteurrena ere ospatzen dutenez, ikasleak eta irakasleak gogotsu daudela esan dute, oholtza gainean ikuskizuna erakutsi eta 25 urteak ospatzeko.
Prestatu dituzten dantzen bidez hogeita bost urteen errepasoa egingo dute. Larunbateko egun handirako egun osoko dantza programa prestatu dute, eta goizean eta arratsaldean gozatu ahal izango da ikasleen lanaz. Sarrerak Leidorreko leihatilan erosi daitezke, edo bestela Tolosa.eus/kultura edo Tickets.kutxabank.es helbideetan.  

Katixa Perea tolosarrak duela 25 urte egin zion Tolosako Udalari kultur etxean dantza ikastaroa martxan jartzeko proposamena, eta mende laurden geroago, Dantza Tailerrak aurrera jarraitzen du, Perea bera gidari dela. Olatz Peon Tolosako alkateak urte hauetan dantza ikastaroetan parte hartu duten pertsona guztiak zoriondu ditu, bereziki Perea irakaslea: «Leidor aretoko oholtza gainean hazi dira gure senideak eta guztien gidari profesional talde handi bat izan da»

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!