T3T eta T2T mendi lasterketak 2022

Norabide aldaketaren ondorioz T3T mendi maratoia azkartuko dela uste dute

Ataria 2022ko eka. 8a, 19:59

Aitziber Ibarbia, Robert Pkemboi, IƱaki Insausti, Matthew Kiptanui, Olatz Peon eta Iker Karrera, mendi lasterketen aurkezpenean.

Gizonezkoetan Robert Pkemboi eta Matthew Kiptanui kenyarrek parte hartuko dute mendi lasterketan, eta faborito nagusi bihurtu dira garaipena lortzeko.

Igande honetan egingo da VII. Tolosaldeko 3 Tontorrak mendi maratoi lasterketa, eta horrekin batera, Tolosaldeko 2 Tontorrak proba. Aurtengo berritasun nagusia bi mendi lasterketen norabide aldaketa izango da. Orain arte T3T lasterketan Hernio, Uzturre eta Erroizpe igotzen ziren, eta aurtengoan Erroizpe, Uzturre eta Hernio izango da hurrenkera. T2T proban ere aldatu dute, eta lehenengo Erroizpe igo eta ondoren Uzturretik pasa beharko dute. Norabide aldaketarekin lasterkariek probak azkarrago amaituko dituztela uste dute antolatzaileek.

Iñaki Insausti antolakuntzako kideak zehaztu duenez, aurtengorako berrikuntza bat egin nahi zuten eta norabide aldaketa egitea pentsatu zuten. Egitasmoarekin aurrera egiteko Tolosako Udala eta babesleak eskertu ditu eta laguntzen ariko diren 200 boluntarioen lana nabarmendu du: «Horiek gabe ez zen posible izango hau dena aurrera eramatea». Olatz Peon Tolosako alkateak mendi lasterketaren aurkezpenean azaldu duenez, «Tolosa eta eskualdea osotasunean mendizaletasunarekin erabat lotutako bailara gara eta hori islatzen da egiten diren egitasmoetan».

Tolosako Trianguloa plazan izango dute hasiera eta helmuga bi probek. 09:00etan hasiko da T3T eta 350 partaide izango ditu. Ordu erdi beranduago aterako dira T2Tko parte hartzaileak, 450 guztira. Azken honetan partaideen %25 izango da emakumezkoa. «Guretzako datu esanguratsua eta pozgarria da», esan du Insaustik. Dortsalak larunbat arratsaldean hasiko dira banatzen kultur etxean, eta igande goizean jarraituko dute.

PARTE HARTZAILE KENYARRAK

T3T proban Robert Pkemboi eta Matthew Kiptanui kenyarrek parte hartuko dute. Skyrunners Kenya proiektuaren bidez daude Euskal Herrian, eta proiektu horren gakoa Europako eta munduko beste leku batzuetako mendi lasterketetan lehiatu ahal izatea da. Zegama-Aizkorri mendi maratoian parte hartu berri dute, bosgarren eta bederatzigarren izan ziren, eta horrek zeresana eman du mendi lasterketaren munduan. Hain justu, igandean faboritoak izango dira proba irabazteko. Bi lasterkariak aurkezpenean izan dira eta T3Tn parte hartzeagatik «oso kontentu» daudela esan dute. Probaren aurreko bi asteak hemen igarotzen ari dira eta «lagun asko» egiten ari direla diote. Igandean irabazteko asmoz aterako dira.

Antolakuntzakoek elkartasun zozketa antolatu dute, Pkemboi eta Kiptanui bizi diren eskola eta kirol azpiegiturei laguntzeko. Euro baten truke jarriko dira salgai txartelak, eta besteak beste, hainbat kirolari ezagunek emandako materiala zozkatuko da.

Aitziber Ibarbia zizurkildarra ere aurkezpenean izan da. Azkenaldian mendi lasterketa gutxi batzuetan parte hartzen ari da, eta T3T horietako bat dela zehaztu du: «Oso lasterketa berezia da niretzako, eta oso sentimendu bereziak sortzen dizkit». Bestalde, norabide aldaketarekin antolakuntzak «bete-betean» asmatu duela esan du: «Ibilbide azkarragoa geratuko da, eta nire gusturako politagoa».

Ibarbiaz gain, T3T proban faboritoen zerrendan Nerea Amilibia zizurkildarra, Mayi Mujika eta Uxue Irigoien daude. Gizonezkoetan, bi kenyarrez gain, Hassan Ait Chaou eta Ugaitz Artola billabonatarrak, Iñaki Olano altzotarra, Goar Lopetegi ibartarra, Ismail Razga, Imanol Goñi eta Jaime Romo daude zerrendan. T2T proban Oier Ariznabarreta eta Onditz Iturbe izango dira faboritoak eta markak hautsi nahi dituzte. Eskualdetik, Jokin Azkue tolosarra gizonezkoetan, eta Oihana Zubillaga anoetarra eta Laiane Arrospide eta Ane Iturria tolosarrak emakumezkoetan lehen postuetan egoteko hautagaiak dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!