Iñaki Errazkin ez da izango binakako pentatloian

Imanol Garcia Landa 2022ko ekainaren 8a

Iñaki Errazkin, txingak eramaten, iazko binakako txapelketako finalean.

Entrenatzen ari zela lesioa izan zuen eskumuturrean tolosarrak eta ez du parte hartuko igandeko finalean. Xabier Zalduak ordezkatuko du.

Tolosako zezen plaza beste behin herri kirolen topagune bihurtuko da igande honetan. III. Gizonezkoen Binakako Euskal Pentatloi Sariaren finala izango da jokoan, 12:00etan hasiko den jaialdian. Sarrerak 20 euro balioko du. Berez Iñaki Errazkin tolosarrak parte hartu behar zuen, Jagoba Otaegirekin bikote eginez, baina lesio baten ondorioz ezin izango du parte hartu.

Entrenatzen ari zela lesionatu zen Errazkin: «Orain egun batzuk giza proban entrenatzen ari nintzela katea atera zitzaidan eta atzeraka erori nintzen. Eskua jarri nuen erortzerakoan eta eskumuturrean mina hartu nuen. Pentsatzen nuen masaje batekin pasako zitzaidala, baina finalerako astebete faltan minak segitzen zuen eta erabaki dut ez ateratzea». Pena «handiz» uko egin behar izan dio parte hartzeari tolosarrak: «Jagoba eta biok azken hiru entrenamendu nahiko politak egin genituen, baina ezin denean ezin da, eta horrela beharko du».

Xabier Zalduak ordezkatuko du Errazkin igandeko finalean. «Ez dute ordezko txarra bilatu. Aurrekoa baino hobea ziur asko», esan du tolosarrak. Beraz, ondorengo bikoteak ariko dira lehian igandeko finalean: Jagoba Otaegi eta Xabier Zaldua, Aritz Irazabal eta Benat Amade, Gorka Etxeberria eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Aratz Mugertza eta Julen Kañamares. Eta hauek izango dira egin beharko dituzten lanak: 100 kiloko bolari 40 jasoaldi eman, giza proban lau plaza egin, aizkoran lau kanaerdiko ebaki, txingekin zortzi plaza egin eta korrika lau kilometro.

Errazkinentzat faborito Izeta VI.a eta Etxeberria ziren, eta Zaldua bere ordez ariko bada ere, bikote bera jartzen du faborito oraindik ere: «Aurreneko bi lanetan denborarik azkarrenak beraiek markatuko dituzte eta gero txanda librean harrapatzea zaila izaten da». Hala ere, bikoteak nahiko orekatuak direla zehaztu du Errazkinek.

Irailean egingo dute aurtengo Banakako Euskal Pentatloi Sariaren bigarren kanporaketa, eta tolosarrak ordurako osatuta egoteko esperantza du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!