Bakardadeari aurre egiteko estrategia

Ataria 2022ko eka. 8a, 11:59

Rakel San Sebastian, Maite Peña eta Olatz Peon, atzo, Euskal Herria plazan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik Hariak estrategia aurkezteko topaketa egin dute Tolosan. Bakardadeari aurre egiten laguntzeko diseinatu dute.

Azken bi urteetan erakunde publikoekin eta gizarte antolatuarekin lankidetzan egindako parte hartze prozesuaren emaitza da Hariak estrategia. Adinekoen bakardadeari aurre egiten laguntzeko diseinatu dute eta Tolosako Euskal Herri plazan aurkeztu zuten atzo. Eskualdez eskualde ari dira gizarteratzen topaketa bidez eta Tolosakoa hirugarren topaketa izan da.

Tolosako hitzorduan hainbat jarduera egin zituzten bakardadearen inguruan sentsibilizatzeko eta elkarrizketa publikoa sortzeko asmoz, eta musika zein kultur emanaldiak izan ziren. Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendariak esan zuenez, "egindako lana itzuli nahi diegu beren ekarpena egin duten pertsona guztiei, eta herritar guztiak animatu nahi ditugu estrategiarekin bat egitera, guztion artean nahi ez diren bakardade egoerei aurre hartu eta gainditu ahal izateko". Gaineratu zuen estrategiak orientatzea, konprometitzea eta jarduera duela helburu, eta lau ibilbidetan antolatu dituztela konpromisoak eta proiektuak ezartzeko gomendioak eta gidalerroak. Bi urtetan luzatuko da Hariak eta lehenengo zatia 2022-2023ri dagokio. "Guztira 91 gomendio jaso ditugu, ikuspegi komunitarioarekin, aniztasunean, parte hartzean eta gizarteratzean oinarrituta, prebentziora bideratuta, modu transbertsalean eta berritzailean".

Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak esan zuen Hariak estrategiak Gipuzkoako bakardadeen aurrean esparru estrategiko bat dela. "Gida gisa funtzionatzen duen tresna bat da, eta nahi ez diren bakardadeen aurkako borrokan jarduera zehatzak konprometitu eta zehaztu nahi ditu". Hiru helburu dituela gaineratu zuen: bakardadeei buruzko elkarrizketa publikoa eraikitzea, pertsonen arteko loturak eta harremanak indartzea, eta bakardade egoerei aurre hartzea eta gainditzen laguntzea. "Azken batean, pertsonen bizitza hobetzea eta elkarlaneko jarduna, kudeaketa eta gobernantzarako sare bat eratzea da bilatzen duguna".

Estrategia diseinatzeko 51 pertsonako talde eragile bat egon da gidari moduan, bertan erakundeetako eta gizarteko ordezkariak eta adituak egon direlarik. Guztira 400 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute bi urte hauetako parte hartze prozesuan; Gipuzkoako 77 udal aritu dira, 98 gizarte erakunde eta tokiko eragile, Osakidetzako 6 ESI, eta 20 enpresa eta berrikuntza zentro. "Hasierako hurbilketa batean ikusi genuen bakardadeen gaiari heltzeko beharra zegoela. Bakardadeak azterlanak adierazi digu 55 urtetik gorako Gipuzkoako biztanleriaren %30 inguru bakarrik sentitzen dela, nahiz eta %5,5ak soilik onartzen duen modu irekian", azaldu zuen Peñak. "Lehen mailako erronka baten aurrean gaude, baina aukera testuinguru batean murgiltzen gara", gaineratu zuen.

Atxikimendu bila

Bi urteko prozesuaren ondorio den Hariak estrategia ez dago itxita eta herritarren babesa eta atxikimendu loteslea bilatzen duela esan zuen Peñak, bai modu kolektiboan eta baita herritar bezala ere. "Hariak estrategiak lagundu nahi du lurraldea eraikitzen, non pertsonek gaitasun eta baliabide pertsonak gehiago izango dituzten bakardade egoeren aurrean, lotura sozial eta afektibo esanguratsuak izateko eta, horrela, parte hartze eta lotura handiagoak izan ditzaten. Horretarako, denon ahalegina da beharrezkoa".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!