Haurren Hiria egitasmoko ideiak aurkeztu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 8a, 07:58

Herrikide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeetako haurrek "Tolosa hobetzeko" helburuarekin egin dituzte proposamenak.

Tolosako Haurren Hiria egitasmoaren zortzigarren edizioan landu dituzten ideiak aurkeztu dituzte Herrikide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeetako haurrek. Aurtengo ikasturtean landu duten gaia herriko zerbitzuak haurrentzat izan da.

Hiru ikastetxeetako 9-12 urte bitarteko ordezkariek hartu dute parte, haurren ikuspuntutik "Tolosa hobetzeko" helburuarekin. Guztira hiru lan saio egin dituzte, guztiak burbuila taldeak errespetatuz, aurrez aurreko saioak egin ahal izateko lan metodologia uneko osasun egoerara egokitu baita.

Lehen saioan, egun Tolosan dauden azpiegiturak aztertu dituzte, beti ere, haurrei zuzendutako baliabideak kontuan izanik, haurren beharrak identifikatzeko. Bigarren saioan, behar horiei aurre egingo dien espazio baten diseinua garatzeko lehen urratsak eman dituzte, eta hirugarren saioan, haurren ordezkariekin elkartu eta behar guztiak asetzen dituen "haurren espazioa" definitu dute.

Proposamenak

Haurrek Tolosan dauden kultura, kirola eta aisialdiko instalazioak aztertu dituzte eta haien beharrei erantzuteko irtenbideak proposatu dituzte. Hauek dira egin dituzten proposamenak: haurrentzako espazio balioanitz bat garatzea Tolosan, kirola egiteko aukerak areagotzea edota tirolinak eta parkour parkeak jartzea herrian.

Dagoeneko dauden espazioetarako hainbat hobekuntza ere landu dituzte. Horien artean, Lizardi plazan dagoen jolas eremuaren inguruan sare bat jartzea proposatu zuten, erabiltzen dituzten baloiak ibaira erori ez daitezen, eta Tolosako Udalak dagoeneko jarri du sarea. Haurren beste eskaera bat izan zen liburutegi handiago bat izatea, eta horren harira, kultur etxean liburutegi berria eraikitzeko proiektua lantzen ari da udala.

Tolosako haurrek ikasturtean zehar egindako lanketa eta ondorioztatutako proposamenak gurasoei aurkeztu dizkiete lehenik, eta udal ordezkariei ondoren.

Haurren Hiria egitasmoaren baitan egin den lanketa lotuta egon da Tolosako Udalak abian jarri duen Haur, Gazte eta Nerabeen diagnostiko eta planarekin. Izan ere, planak helburu du gazteen ikuspegitik, beren beharrak eta iritziak kontuan hartuta, etorkizunera begirako lan ildoak zehaztea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!