ERREPORTAJEA

Amodioa, erraldoiek argiztatuta

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko eka. 10a, 07:57

Portugalgo konpainiak inoiz egin duen jatorrizko sorkuntza handiena da. ATARIA

22:00etan hasita, kale ikuskizun berritzaile bat egingo dute, gaur, Tolosan: Lumen, maitasun istorio bat. Portugalgo SA Marionetas - Teatro & Bonecos konpainiaren eskutik, argiz jositako bost metrotako erraldoiek bizia emango diote gaueko iluntasunari.

Eskala handiko txotxongiloen antzerki-ekoizpena da Lumen, eta tokiko herritarrak eta kirol-, jolas- eta musika-erakundeak biltzen ditu. Bost metroko altuera duten pertsonaiek, tokian tokiko ondarean zehar bidaiatzen dute, bertako istorioekin nahasten diren pasarteak kontatuz. «Antzezlan liluragarria da, maitasun-istorio bat kontatzeko moduaren soiltasunagatik nabarmentzen dena», esan du Paulo Cintrao narratzaile portugaldarrak.

Topic-ek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tolosako Udalak antolatuta, gaur izango da ikuskizuna, Tolosan, 22:00etatik aurrera. Berez, 2020ko maiatzaren 16an aurkeztu behar zuten, baina pandemiaren ondorioz, atzeratu egin zuten.

"Argiaren bateratzetik jakintza sortzen da, izaki femeninoa, purutasunaren eta maitasunaren jaiotzaren sinboloa"

Portugalgo SA Marionetas - Teatro & Bonecos konpainiak inoiz egin duen jatorrizko sorkuntza handiena da; guztira, 60 lagunek hartzen dute parte. «Kalitate eta profesionaltasun-maila handia lortu duen konpainia bat da, txotxongilo-antzerkiaren eta Portugalek munduan duen ordezkaritzaren arima eta bihotza», esan du Maria Jose Machado Santos Lisboako Txotxongiloen Museoko zuzendariak.

Parte hartzaile guztien esfortzuak elkartuta, gaua, musika eta mugimendu-narratiba baten bidez argitzen duen ikuskizuna sortzen da. Konpainia portugaldarrak, ordea, herritarren partaidetza eskatu zuen; 12 urtez gorako 37 boluntario eskatu zituzten erraldoiak mugitzeko eta argi-zuziak eramateko, eta azken astean, entseatzen aritu dira. Musika eskolako ikasleek musikaz girotuko dute ikuskizuna. «Ikuskizun sinplea, zoragarria eta sormenez betea. Argia txotxongilo erraldoien barruan sartzen da, argia da txotxongilo erraldoien bihotza», azaldu du Dimitri Jageneau Théâtre Royal du Pérucheteko (Belgika) zuzendari artistikoak.

2010az geroztik, dozena bat sari lortu ditu ikuskizunak. Besteak beste, jatorrizko musika onenarena, ikuskizun tradizional onenarena eta zuzendaritza onenarena; azken hau, 2017ko Munduko Txotxongilo Jaialdian, Kazakhstanen.

"12 urtez gorako 37 boluntario eskatu zituzten erraldoiak mugitzeko eta argi-zuziak eramateko"

Portugalgo konpainiako kideen hitzetan, gizakiaren handitasuna eta historia nabarmendu nahi ditu ikuskizunak: «Berak sortutako lanen bitartez, gaurko eta biharko herriek zaindu beharreko ondare bat eraiki zuen. Bere sinesmenak sinbolizatzen dituzten eraikinak sortzeko premia handia sentitu izan du beti, eta baieztatzeko behar horrek, ezagutza bilatzera eraman izan du, bere adimena garatuz eta edertasun unibertsaleko lanak eginez. Imajina dezagun orain errealitate paraleloan gurearen antzeko desirak dituen mundu bat dagoela, non ezagutza eta jakinduria erakartzen diren».

Argia, zoriontasunaren iturri

Erraldoiek ez ezik, argi eramaileek ere bere garrantzia dute ikuskizunean. «Urruneko lurretatik, bide luzea egiten dute bere ezagutza leku sakratuan uzteko. Berri ona zabaltzen diete bide horretan lagundu nahi duten guztiei; argiaren batasunak jakituria eta argi purua emango ditu, ausartenak argitzeko eta gidatzeko. Hasieran, izaki bakun eta hilgarri batek argiaren bila jotzen du, baina bilaketa horrek beste esnatze bat du, eta horrek ere begirune kolektiborako eraikinak sortzera eramaten ditu».

Argiaren bateratzetik jakintza sortzen da, izaki femeninoa, purutasunaren eta maitasunaren jaiotzaren sinboloa. «Presentzia berri honekin bizitzak alaitasun eta espiritu handiagoa du, eta argi eta itxaropen gehiagoko sentimendua sortzen du, bere handitasuna dantzan ospatuz. Pasioaren aurkikuntzak argizko izakiak inbaditzen ditu eta lotura horretatik jakituria poz kutsakor batean zabaltzen da. Ezagutzaren eta argiaren eramaileek zoriontasunaren olatuak eramaten dituzte, dantzan eta biraka», azaldu dute.

Beranduago, baina, ezusteko bat gertatuko da: «Guztiek xurgatutako emozioen estasi horretatik, argi-amak dena suntsitzen du, eta, azkenean, denak itzaltzen dira. Orduan, berehala konturatuko dira denak, bera gabe bizitza ez dela hain distiratsua, eta kontsolatzera ausartuko dira, berdin-berdina ez den zoriontasuna berpiztuz, non armonian, maitasuna polena lore-eremu batean bezala zabaltzen den. Azkenean, argiari bizirik eusteko erantzukizuna uzten die etorkizuneko belaunaldiei, argiari eutsiz eta ondare-handitasunaren zentzua transmitituz», azaldu dute konpainiako kideek.

FITXA ARTISTIKOA


Zuzendariak: Jose Gil, Sofia Olivença Vinagre eta Natacha Costa Pereira.

Txotxongiloen diseinua: Natacha Costa Pereira.

Jatorrizko musika: Mario Marques.

Mozorroak edo jantziak: Sofia Olivença Vinagre.

Txotxongiloen eraikitzea: Jose Gil, Natacha Costa Pereira, Sofia Olivença Vinagre, Luis Gil eta Silvina Freitas.

Txotxongiloen mekanizazioa: Jose Gil, Natacha Costa Pereira eta Luis Gil.

Egitura eszenikoak: Bugalho - atelier de irros.

Txotxongiloen argiztapena eta argiztapen orokorra: Pedro Cardoso.

Bideoen proiekzioa: Olho de Boi.

Argazkigintza: Marcia Bellotti eta Luiza Porto.

Argi eta soinu teknika: Producciones audiovisuales de Óbidos.

Koordinazio proiektua: Sofia Olivenza Vinagre.

Ekoizpena: Alcobaçako Udala, Portugalgo Turismo Zentrala eta SAMarionetas - Teatro & Bonecos.

Iraupena: Ordubete. Prozesioak 30 minutu eta ikuskizunak 30 minutu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!