Emakumeen ahalduntzean laguntzeko

Ataria 2022ko eka. 7a, 14:05

Joxe Mari Villanueva, Goizane Alvarez eta Noelia Ramajo, gaur, Usabalen.

Usabal kiroldegiko igerilekuan emakumeak protagonista izango dituen erronka egingo dute larunbatean. Emakumeok mugimenduan ekimenaren barruan 25 kilometro egingo dituzte igerian emakumeen kirola ikustarazteko asmoz, eta biltzen duten dirua Tolosaldeko Emakumeen Etxera bideratuko dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta Emakumeok mugimenduan ekimena egingo dute larunbatean, 16:00etatik 18:00etara, Usabal kiroldegiko igerilekuan. Gipuzkoako Igeriketa Federazioarekin eta Tolosako Udalarekin elkarlanean antolatu dute eta parte hartzen duten emakume guztien artean 25 kilometro egingo dituzte igerian. Horretarako parte hartzaile bakoitzak gutxienez ehun metro egin beharko ditu. Emakume guztiei irekita dagoen ekimena dela esan dute, "igeri egiten ehun metro egiteko gai den edozein emakumek hartu dezake parte", esan du Noelia Ramajo Gipuzkoako Igeriketa Federazioko lehendakariak. Erronkan parte hartzeko euro bat ordaindu behar da eta biltzen duten dirua Tolosaldeko Emakumeen Etxea laguntzeko izango dela aurreratu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol sailak Emakumeok Mugimenduan kanpainaren oroigarri bana emango die parte hartzaileei.

Ramajok azaldu du federazioa kirol lehiaketez harago joan nahi duela, "kirola, osasuna eta gizarte lana sustatu nahi ditugu". Emakumeen ahalduntzea bultzatu nahi dutela gaineratu du, eta horregatik egiten dutela dei zabala. "Ahalik eta igerilari gehien biltzea da gure nahia, maila baxuenetik hasi eta altuenera, 100 metro egin behar dira gutxienez, baina hortik aurrera nahi adina igeri egin daiteke, 25 kilometro egin arte". Goizane Alvarez Aldundiko Kirol zuzendariak esan du jarduera fisikoa egiteak onura ugari dakarzkiela emakumeei, "ez bakarrik emakumeen osasunari begira, baita haien integrazioari, autoestimuari eta komunitate-sentimendua sendotzeari begira ere. Onura horiek Gipuzkoako emakume guztien eskura jartzea da gure konpromisoa”.

Joxe Mari Villanueva Tolosako Kirol zinegotziak, bere aldetik, honelako ekitaldiek emakumeen kirola ikustarazteko balio dutela esan du "izan ere, kirola, hezkuntzan eta komunikabideetan duen gaitasunagatik, gizartea aldatzeko motorra da. Gizartearen eraldaketarako, emakumeen jabekuntzarako eta mugimendu feminista sendotzeko tresnak eta guneak jartzen jarraitu behar dugu emakumeen eskura. Eta erronka horrek eta Tolosaldeko Emakumeen Etxea sortzeak helburu horiek lortzen eta gizarte berdintasunezkoagoa lortzen lagunduko dute”.

Emakumeok Mugimenduan

Emakumeok Mugimenduan kanpaina Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak sustatutakoa da Emakumea eta Kirola programaren barruan. Emakumeen jarduera fisikoaren garapena sustatu, lagundu, babestu eta azaltzeko diseinatu dutela azaldu dute eta horretarako emakumeen kirola ikusarazteko dinamika, proiektu eta ekimenak garatzen dituztela.

Ekimenari lotuta aplikazio berria egin dutela esan dute eta jada deskargatu daiteke. Aplikazio hau doakoa da ikasle guztientzat, eta hiru zerbitzu eskaintzen ditu: kirol jarduera erregistratzea, beste emakume batzuengan inspirazioa bilatzea eta inguruko baliabideak eskuratzea, aktiboagoak izaten laguntzeko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!