Amaitu dituzte San Frantzisko eta Pedro de Tolosaren arteko biribilguneko lanak

Ataria 2022ko eka. 3a, 17:11

Espaloiak zabalduta oinezkoei eman zaiela lehentasuna nabarmendu du Tolosako Udalak, eta autoen joan-etorriak arindu egingo direla esan du.

Martxoan hasi ziren San Frantzisko pasealekuaren eta Pedro Tolosa kalearen arteko bidegurutzea biribilgune bihurtzeko lanak, eta gaur amaitu dute. Hain justu, udal ordezkariek eta udal teknikariek bisita egin dute obra eremura, lanak amaitutzat emateko.

Biribilgunea eraiki aurretik, lanak baliatu dituzte saneamendu sarea berritzeko, euri uren sarea eta ur beltzen sarea bereiziz. Saneamendu lanei esker, sare bakoitza banatu egin dute, euri urak zuzenean ibaira bideratzeko eta ur beltzak ur hondakinen araztegira. Saneamendu sareko lanak egin ahal izateko, hiru metroko baino gehiagoko zuloa egin behar izan da eta hainbat sare gurutzatu behar izan dira, hala nola, telekomunikazio sareak, saneamendua bera, elektrizitate sarea, ur-hornidura sarea eta argiteria publikoa. Edonola ere, lanak iraun bitartean zerbitzu guztiak martxan mantendu dira, une oro. 

Tolosako Udaletik esan dutenez, Tolosa Badabil Mugikortasun Plan Berriaren baitan eta planean jasotako irizpideei jarraituz, oinezkoak erdigunean jartzeko helburuarekin egin dira eremua eraberritzeko eta biribilgunea eraikitzeko lanak, behin betiko irtenbidea diseinatuz oinezkoen ibilbideak, bidegorriak eta ibilgailuen zirkulaziorako galtzadak kontuan hartuta. Lanen aurretik, autoek zuten protagonismoa osoa eremuan 3 errailekin trafikoa bideratzeko. Bidegorria espaloian kokatuta zegoen eta hainbat tokitan ere espaloiak estuak ziren oinezkoentzat. "Orain aldiz, lehentasunak erabat aldatu dira eta oinezkoak jarri dira erdigunean, espaloiak zabaldu egin dira, autoen eremua erabili da bidegorrirako, trafikoa oztopatu gabe. Bizikleten eta oinezkoen kasuan, gainera, norabide ezberdinetan joateko aukera ere izango da, autoen kontrako norabidean joateko aukerarekin eta herritarrek leku gehiagotik igarotzeko aukera ere izango dute", esan dute. 

Trafiko fluxuei dagokienez, biribilgune berriari esker, autoen joan etorriak arindu egingo direla azaldu dute, "Larramendin gertatu den moduan". Eta dagoeneko semaforoak ere kendu egin dituzte. "Egindako lanei esker, beraz, bide segurtasuna eta irisgarritasuna nabarmen hobetu dira". 

Biribilgunearen baitan egindako lanez gain, inguruko kaleak ere asfaltatu dituzte eta Alliri auzotik San Frantziskora errei bakarra dago orain bertako espaloia zabaldu eta bidegorria ere zabaltzeko. "Eremuaren eraberritzeak, hortaz, bizilagunen eta herritarren bizi kalitatea eta erosotasuna hobetuko ditu, irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeaz gain, jasangarritasun irizpideei jarraituz, emisioak murriztuko direlako geldirik dauden ibilgailuen kopurua ere murriztearen ondorioz eta zaratak ere gutxitzea lortuko delako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!