Emaitza nabarmenak, Tolosa CF-ko gimnastentzat

Ataria 2022ko ekainaren 3a

Tolosa CF-ko A kategoriako eskola mailako gimnastek pasa den larunbatean Abetxukon jokatu zen Euskadiko Eskola Jokoetan parte hartu zuten.

Guztientzat maila horretako lehen txapelketa izan zen. «Lan bikaina egin zuten, denboraldiari amaiera bikaina ematea lortuz», azaldu dute klubetik. Alebinetan Pello Errota txapeldun eta Herrikide txapeldunorde izan zen. Infantiletan ere bi talde izan ziren, Tolosa 1 garaile izanik, eta Tolosa 2 laugarren.

Larunbat arratsaldean June Bengoetxea juniorrak zilarra lortu zuen banaka sokarekin, eta brontzea kidekako sailkapen orokorrean. Hori horrela, uztailean Zaragozan egingo den bere lehen Espainiako bakarkako txapelketan parte hartzeko txartela lortu zuen.

Igandean, berriz, jubenil eta seniorren txanda izan zen Durangon. «Aipamen berezia gimnasta hauen esfortzuari, entrenamenduak goi mailako ikasketekin partekatzen dituzte eta», azaldu dute klubetik. «Tapizean heldutasuna nabaria izan zen, eta gozaturiko txapelketa izateaz gain, talde guztiek domina leporatu zuten». Jubenil P taldeak zilarra leporatu zuen, eta maila bereko M jubenilak brontzea. Seniorrek urrezko domina lortuz amaitu zuten.

Gimnasta horientzat denboraldia bukatu arren, asteburu honetan Durangon izango dira berriz Tolosa CF-ko gimnastak. Oraingo honetan lau kadete taldeentzat denboraldi amaiera izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!