Jon Maia izango da hilaren 11n, Sormenetik egitasmoan

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 3a, 16:40

Ohi bezala, Zerkausiko azpialdean izango da; Itzea Urkizu kazetariaren galderei erantzungo die bertsolari, abeslari eta idazleak.

Galtzaundiren Sormenetik egitasmoko aurtengo lehen saioa izango da hurrengo larunbatean, hilaren 11n. Jon Maia bertsolaria izango da protagonista eta bere azken urteetako ibilbidearen inguruan hitz egingo du, Itzea Urkizu kazetariaren galderei erantzunez. Saioa 12:00etan hasiko da, Tolosako Zerkausiko azpialdean TAK arraun klubak duen gunean. 

Jon Maia bertsolaria, euskal abeslaria, euskal idazlea, itzultzailea eta dokumentalgilea da. Bertsolari moduan, lau aldiz iritsi da Euskal Herriko Txapelketa Nagusiaren finalera, azkena 2009an. Badira hogeita hamar urte Jon Maia bertsolariak bere lehen kantuak idatzi zituela, Negu Gorriak taldearen Gure jarrera diskora bideratuak. Harrezkero, Negu Gorriakez gain, beste talde eta kantari askorentzat ere jarraitu du testuak idazten: Gari, Mikel Urdangarin, Anari, Benito Lertxundi, Soziedad Alkoholika, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Gozategi, Ken Zazpi eta abar luze batentzako, eta horietako asko jendearen oroimenean geratu dira: Itsasoari begira, Gora Herria, Lehenetsi bala, Nirekin, Nirekin.

Bere ibilbide oparoa ospatzeko, Maiak bere abesti ezagunen bertsioak biltzen dituen liburu-disko bat argitaratu du Kantu bat gara izenekoa eta hainbat kontzertu eskaintzen ari da maila handiko musikariekin batera: Pello Ramirez, Gorka Hermosa, Nacho Soto, eta Nerea Quincoces.

Kultur espresio desberdinak batu

Tolosako kale erabilera neurketek adierazten dutenez, euskara indartsuen larunbateroko azokaren bueltan dago eta Sormenetik egitasmoaren bitartez euskara indartsuen dagoen guneari hauspo berria eman nahi dio Galtzaundik. Bestetik, kultur espresio ezberdinak gune berean batu nahi ditu euskara taldeak, "kultur hausnarketarako eta heziketarako gune bilakatu eta bateko eta besteko herritarrak eta kultur espresioak ezagutzera emateko". Hori dela eta, euskara, sorkuntza eta azoka elkarren artean aberasteko, Sormenetiken edizio berri honetan ere publikoak euskal sortzaileen ikuspegia zuzenean jasotzeko aukera izango duela azaldu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!