Eskola Agenda 2030 ekimenaren barruko lanketa aurkeztu dute ikasleek

Ataria 2022ko ekainaren 3a

Ikasleek udalari hainbat proposamen egin dizkiote eta udal ordezkariek ere Tolosa herri jasangarriagoa egiteko hainbat konpromiso hartu dituzte.

Tolosan garapen jasangarriarekiko konpromisoak ikastetxeetara hurbiltzeko Eskola Agenda 2030 programa landu dute ikasturte honetan, eta landutakoa udalari aurkezteko Eskola Agenda 2030 udal foroa egin dute.

Tolosako Ingurumen Zentroak koordinatzen du egitasmoa ikastetxeekin, eta aurten Tolosako zortzi ikastetxek hartu dute parte, guztira 4.700 ikasle inguruk. Ikasturtean zehar, jarduera desberdinak jorratu dituzte ikasleek aurtengo gaira hurbiltzeko eta lantzeko. “Basoa” izan da gaia, garapen iraunkorreko 15. helburuarekin lotuta, lurreko ekosistemen bizitza jorratzen duena. Herrian berdegune gehiago txertatzeko aukerak, Baso Eskola proiektua, mendi ibilbideak eta beste hainbat gai izan dituzte hizpide, besteak beste.

Eskola Agenda 2030 udal foroan ikastetxe desberdinetako ikasleen ordezkariak aurrez aurre bildu dira udaleko ordezkariekin, eta ikasturtean zehar gaiaren inguruan egindako lanketaren emaitzak aurkeztu dituzte. Lanketaren emaitzak aztertu ondoren, proposamenak egin dizkiote udalari, eta udal ordezkariek proposamenei erantzun eta Tolosa herri jasangarriagoa eta atseginagoa egiteko hainbat konpromiso hartu dituzte, hala nola, azpiegitura naturalak egokitzen jarraitzea, berritzen diren jolas parkeetan naturan oinarritutako jokoak txertatzen jarraitzea eta mendi ibilbideak egokitzeko eta txukuntzeko lanei jarraipena ematea, besteak beste.

Tolosaldeko hainbat herrik ere parte hartu dute Eskola Agenda 2030 egitasmoan; Aduna, Alegia, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Ibarra, Irura, Tolosa, Villabona eta Zizurkilek hain zuzen ere. Eskualde mailan, guztira, Haur Hezkuntzatik Lanbide Hezkuntzara bitartean, adin ezberdinetako 7.700 ikasle inguruk aztertu dute eskualdeko basoen egoera, ikuspuntu desberdinetatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!