Bakarrik ez daudela sentiarazteko

Ataria 2022ko ekainaren 3a

Alzheimerrak eta beste dementziek gizartean duten eragina ikusarazi eta herritarrak sentsibilizatzeko murala margotu du Buru Bihotzez elkarteak.

Buru Bihotzez elkarteak murala margotu berri du Gernikako Arbolan. Alzheimerrak eta beste dementziek gizartean duten eragina ikusarazi eta herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatu nahi dituzte ekintza honen bitartez.

Buru Bihotzez elkartetik esan dutenez, dementziaren bat duten pertsonen kopurua gorantz doa. Munduan 55 milioi inguru dira (65 urtetik gorako emakumeen %8,1 eta gizonen %5,4). Gainera, 2030 urterako 78 milioi izango direla eta 2050 urterako 139 milioi izatea aurreikusten da.

Elkartetik diote dementziak milioika pertsonei euren oroitzapenak, independentzia eta duintasuna lapurtzen diela, "eta gaixoen ingurukoei maite ditugun pertsonak kentzen dizkigu". Horregatik, esan dute beharrezkoa dela dementzia duten pertsonek behar duten arreta indartzea, eta era berean, arreta eskaintzen dutenei babesa ematea.

Buru Bihotzez elkarteak dioenez, 40.000 pertsonak dute dementziaren bat Euskal Herrian, horietatik 12.000 Gipuzkoan, eta horiek zaintzen 38.000 pertsona ari dira. Tolosaldeari dagokionez, 700 familia baino gehiago dira egoera horretan daudenak.

Margotu duten muralarekin herritarrak sentsibilizatu nahi dituzte gaiaren inguruan, gaixotasunaren existentzia normalizatu nahi dute eta bere inguruan sortzen diren aurreiritziak ezabatu, gizarte inklusiboagoa lortzeko. Horrekin batera, gaitza pairatzen duten gaixo eta senideak bakarrik ez daudela sentiaraztea nahi dute, elkartera gerturatzeko gonbidapena eginez.

Hala, gogoratu dute, Tolosako Udalaren laguntzarekin, elkarteak urteak daramatzala gaixoek eta beren senideek dituzten beharrei erantzuteko ekimen ezberdinak antolatzen; "elkarteko kideak hamabost egunez behin elkartzen dira, arreta psikologikoa eskaintzen dugu edota sustapen kognitibo tailerrak egiten ditugu familiei laguntzeko asmoz, eta horiek indartzea da asmoa familia gehiago batu ahala".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!