Bakardadea saihesteko Hariak estrategia aurkeztuko dute

Ataria 2022ko eka. 3a, 10:17

Arrasaten ekimena aurkezten ari dira gaur

Ekainaren 7an Tolosan aurkeztuko dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik bakardadeari aurre egiteko martxan jarri duten Hariak estrategia.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik nahi gabeko bakardadeei aurre egiteko erabiltzen duten estrategia da Hariak. Etorkizuna Eraikiz ekimenean eta Gipuzkoa 2020-2030 Agendan txertatuta dago, eta etorkizuneko politika publikoak modu partekatuan eraikitzea du helburu, Gipuzkoa zaintza eta politika sozialen abangoardian kokatuz.

Hariak ekimenak Gipuzkoa osorako estrategia bateratu bat eraiki nahi du, hainbat instituzio, gizarte-erakunde eta eragilerekin lankidetzan. Azken bi urteotan erakunde publikoen eta gizarte antolatu osoaren laguntzarekin egindako parte hartzeko prozesu zabal eta biziaren emaitza ere bada ekimena. Erakundeetako ordezkariek, gizarte-ordezkariek eta adituek osatutako 51 laguneko talde eragile baten eskutik, guztira 400 lagunek baino gehiagok hartu dute parte: Gipuzkoako 77 udalek, 98 gizarte-erakunde eta tokiko eragilek, Osakidetzak —6 ESIren bidez— eta 20 enpresak eta berrikuntza-zentrok. Halaber, parte hartzeko prozesuan tokiko 637 ekimen identifikatu dira, nahi gabeko bakardadeei aurrea hartzen eta aurre egiten laguntzen dutenak, zuzenean edo zeharka.

55 urtetik gorako gipuzkoarren %30 inguru bakarrik sentitzen da, baina % 5,5ek soilik onartzen du aho betean. Bakardadearen erronka horri aurre egiteko, Hariak-ek esparru estrategiko bat eskaintzen du, Gipuzkoako bakardadeen aurrean jarduerak bideratzeko. Beraz, estrategia orientatzailea da, eta, aldi berean, ekintzara bideratua.

Hariak estrategiak hiru mailatan sailkatzen ditu sustatu eta jorratuko dituen hamabi jarduera-motak, lehen, bigarren eta hirugarren mailako prebentziokoak diren, eta estrategiari atxikitako eragileei 91 gomendio ematen dizkie, bakardade-egoerei aurrea hartzea eta aurre egitea ahalbidetuko duten ekimenak identifikatzeko. Gomendio horiek, era berean, 4 ibilbide estrategikoren arabera antolatzen dira: Hariak agente-sarea eta haren gobernantza eraikitzea; bakardadeei buruzko elkarrizketa publikoa bultzatu eta erraztea; jarduketak berritu eta jorratzea, eta ezagutza ebaluatu eta eraikitzea.

Bi urteko jarduera-planetan

Hariak ekimenaren helburuen artean dago gure lurraldeko pertsona guztiei pertsonak, egiturak, jarduerak, laguntzak eta tresnak eskura jartzea, bakardade egoerei aurrea hartzeko eta aurre egiteko, halako egoeretan laguntza jasotzeko, eta esanguradun lotura sozial eta afektiboak izateko. Adineko pertsonak eta zahartze-prozesuak dira estrategia horren ardatz nagusia, baina ez horiek bakarrik. Gipuzkoako gizarte osoari zuzentzen zaio, belaunaldien arteko elkartasuna funtsezkoa baita. Izan ere, lehen mailako erronka bat da, gizarte-erronka kolektibo bat, eta Gipuzkoa aukera testuinguru batean ari da mugitzen.

Hariak estrategiaren dokumentua eta herritarren dekalogoa ezagutzera animatu dituzte herritarrak Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Adinberritik. Ekainaren 7an, Tolosako Euskal Herria plazan, Istorioak ehunduz erakusketa jarriko dute bankuetan, kanpainaren azalpena eta dekalogoa osatzen duten 10 esaldiak jasoz. Bankuen ondoan, informazio gune bat jarriko da, bertaratzen direnek estrategia ezagutu eta dokumentuarekin bat egin dezaten sinatu ahal izan dezaten. Parte hartzaileei txapa bana emango zaie.

Programa

  • 16:30. Bankuotan 5 lantegi egingo dira: amets-harrapatzaileak, ehungailu txikiak, mandalak, mugikorrak eta munstro dibertigarri batzuk…, guztiak ere hariz.
  • Segidan. Elkarlaneko eskultura egingo dute. Herritarrek hilorama bat sortzeko aukera izango dute —artista batek dinamizatuta—, eta Hariak ekimenarekin bat egitearen erakusgarria izango da. Hariak emango dira, eta non kokatu behar diren azaldu.
  • 18:00. Bankuetatik hurbil, horretarako prestatutako eremu batean, musikari batek bakardadea simulatzeko hainbat pieza interpretatuko ditu harpaz, eta entzuleak elkarrizketa publikora eramango ditu.
  • 19:00. Topic museoan izango da elkarrizketa publikoa, eta udaleko, aldundiko eta Adinberriko agintariek estrategia azalduko dute.
  • Ondoren. Eskualdeko abesbatza batek kontzertu txiki bat eskainiko du. «Hariak» sinfonia interpretatuko du, J. Elberdinen musikarekin eta Marta Garcíaren hitzekin ekimenerako berariaz sortutako lana. Jarraian, bertaratu eta parte-hartzaileak lunch batean elkartuko dira.

Jardunaldian parte hartu nahi baduzu, izena eman beharko dute aldez aurretik dohainik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!