Arkauteko teilatua berritzen hasi dira

Ataria 2022ko ekainaren 2a

107.190 euroko aurrekontua dute lanek, eta uztailaren 26rako amaitzea aurreikusi dute.

Tolosako Udala Arkaute eraikineko teilatua eraberritzen hasi da, "egoera txarrean zegoelako eta segurtasuna bermatzeko eraberritze-beharra zuelako". Maldadun teilatua eta estalki laua (terraza) eraberrituko dituzte, eraikin baten kontserbazio lan gisa.

Teilatuak ur sarrera puntualak jasan izan ditu eta, horrek urteetan sortutako narriadura kontuan izanda, teilatuaren azterketa orokorra egin zuten. Bertan aurreikusitakoa oinarri hartuta, egitura puntualki sendotuko da eta, urak eragindako kaltearen ondorioz hondatuta zeuden habexka batzuk ordezkatuko dituzte. Obra zuzendaritza Arretxe Aholkularitza enpresari esleitu zaio lizitazio bidez, eta eraikuntza lana, aldiz, IZ4 Guipuzcoa S.L. enpresari. Lanak uztailaren 26rako amaituta egotea aurreikusten da eta guztira 107.190,20 euroko aurrekontua dute, BEZ barne.

Eraikin osoaren proiektu integrala

Aurtengo aurrekontu proiektuan aurreikusia dago, baita ere, eraikina barrutik erabat berritzeko proiektua egitea. Behin teilatua konpontzeko lanak amaituta ekingo zaiola proiektuaren idazketari azaldu dute udaletik. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!