Ekainaren 8an beteko dira ehun urte Tolosa Club de Futbol sortu zela. Mendeurrena ospatzeko ekitaldi sorta zabala antolatu dute. Hasieran pentsatu zuten urte natural batean ospakizunak egitea, baina lehenengo bileretan, orain hiru bat urte, klubaren bi egun bereziak lotzeko ideia jarri zuten mahai gainean. Batetik, 2022ko ekainaren 8a, kluba sortu zeneko mendeurrena, eta, bestetik, 2023ko ekainaren 24a, Berazubi estadioa inauguratu zeneko mendeurrena. Beraz, hamahiru hilabetez luzatuko dira ospakizunak, mendeurren baten datarekin hasi eta bestearekin bukatuz.
Otsailean izan ezik, hurrengo inauteriak orduan egokitzen direlako, gainerako hilabete guztietan ekitaldiak izango dira. Bi mendeurrenak lotzeko ideia polita dela esan du Iñaki Martixa klubeko lehendakariak: «Baina gero ekitaldiz bete egin behar da. Tolosa CF klub handia da, historia handikoa, atal asko ditu eta bakoitzak bere ekitaldiak izango ditu. Kirol ekitaldiez gain, kulturari lotutako ekitaldi batzuk ere sartu ditugu eta hainbat hitzaldi ere antolatu ditugu. Festa girokoak ere ez dira faltako». Batzorde bat ari da hori guztia aurrera eramaten, baina ekitaldi guztiak gauzatzeko, bazkideen, kirolarien eta kirolari ohien parte hartzea behar dutela nabarmendu dute. «Erne egon daitezela, beraien laguntza behar dugunean azaltzeko», esan du Martixak.
Klubaren izenak futbola daraman arren, atal ugari ditu, eta hori da bere berezitasun nabarmenena. Gaur egun, hain justu, zortzi atal ditu: futbola, atletismoa, eskubaloia, txirrindularitza, gimnastika erritmikoa, pilota, mendia eta tenisa. Gipuzkoan badira beste klub batzuk ere atal ugari dituztenak, Lasarteko Ostadar eta Oñatiko Aloña Mendi, adibidez, baina Tolosa CF-ren dimentsiorik ez dutela diote klubetik.
Tolosa CF-k futbolarekin eta atletismoarekin hasi zuen bere bidea, eta bi kirol horiek indar handiz jarraitzen dute gaur egun ere. «Kirola sustatzea izan zen sortzaileen asmoa», esan du Martixak. «Zehazki, klubaren aktetan kirol atletikoak sustatuko direla esaten da». Egun zortzi atal daude klubean, baina beste kirol batzuk ere izan ziren, saskibaloia eta igeriketa, besteak beste. Patinen gaineko hockeya edota errugbia ere Tolosa CF-ren parte izan ziren.
Iñaki Arratibel da mendeurreneko ekitaldien batzordeko burua eta orain urte batzuk klubeko lehendakaria izan zen. «Beste klub batzuk badituzte kirol ezberdinak, baina bakoitzak bere kasa funtzionatzen du», esan du. «Hemen, dena kudeatzen duen buru bat dago. Alde batetik nahiko konplikatua da, baina, bestalde, beste indar bat du. Udaletxera joaten garenean klub baten izenean joaten gara». Kirol aniztasun hori ere bultzatu egiten dela gaineratu du. «Tolosan pilotako bi edo hiru talde zeuden, eta udaletik eskatu zuten batean elkartzea. Tolosa CF-k egitura egina zuenez, bateratze horretan laguntzeko eskatu zuen udalak».
Guztira 1.158 kirolari daude egun klubean, horietatik 622 federatuak eta beste 538 eskola mailakoak. Horri gehitu behar zaio mendi atalean dauden 40 federatu inguru. Futbolak, atletismoak, eskubaloiak, pilotak eta gimnastika erritmikoak kirolari ugari dituzte, oinarri sendoarekin. Mendiko atala pixka bat lotan egon da eta berriro jarri da martxan. Federatu txartelak egiteaz gain, lau kirolari mendi lasterketetan aritzen dira. Txirrindularitzaren atalari dagokionez, emakumezkoen talde bat sortu zen, errepidean ere aritzeko, baina gaur egun hiru txirrindulari daude taldean pistan elite mailan aritzen direnak. Teniseko atalean, berriz, beterano mailan aritzen den kirolari bat dago federatuta. «San Joan jaietan tenis txapelketa bat antolatzen dugu. Hortik aurrera, tenisean egitura zabalago bat izateko beste baliabide batzuk izatea beharrezkoa da», esan du Martixak.
Tolosan kirolaren itsasgarria izateko ezaugarri hori du klubak, baina zenbait kiroletan beste klub batzuk eratu dira. Igeriketan, esaterako, bi talde zeuden, horietako bat Tolosa CF, eta biak elkartzerakoan aparteko klub bat sortu zen, Tolosaldea IKT. Saskibaloiari dagokionez, Tolosa CF-n zegoen atalak beste klub bat eratu zuen, egungo TAKE sortuz. Beste kirol batzuetan, patinajea adibidez, hasiera batean atal berri bat martxan jartzea izan zen asmoa, baina gero patinajean zebiltzanek bere kasa beste klub bat sortzea erabaki zuten, Irristaka sortuz.
Sinergia asko izan dira Tolosan kirolaren inguruan, eta rol garrantzitsua izan du hor Tolosa CF-k. «Nahiz eta kirol batzuek arrakasta gehiago izan edo ez, politena da aukera izatea», esan du Imanol Esnaolak, eskubaloi ataleko zuzendaritzako kideak. «Gauza berezia da Tolosan klub bat izatea non ia edozein kiroletan parte hartzeko aukera ematen dizun. Inertziagatik edo, futbolean hasten dira gaztetxoenak, baina hori ez badute nahi, ez dira kalean geratzen. Denetik dago, aukera handia dago».
Kirol aniztasunaren ezaugarri hori ez dela klubarena bakarrik, herriarena ere badela gaineratu du Martixak, eta Tolosan denetik dagoela nabarmendu du, arrauna aipatuz. «Tolosa CF-k berezitasun hori bultzatu du», esan du Arratibelek. «Kluba sortu zenean, kirola egiteko grina zegoen». Tolosa herri kirolaria dela gaineratu du, eta kirolari asko atera direla dio, hainbat kiroletan gainera. «Iraupen eskia hemen sortu zen, eta mendizaletasuna izugarria izan da betidanik. Bestalde, atletismoari dagokionez, kontuan izan behar da Berazubiko estadioa izan zela 400 metroko luzerarekin Espainiako Estatuan egin zen lehena».
Kirola egiteko grinaz gain, kirolaren kultura handia dagoela dio Arratibelek. «Hemen aritu dira Iguaran eta beste batzuk, ez bakarrik kirola egiten, zientifikoki aritzen ere. Hezkuntza eta Kirol Fakultateko liburutegiak Iguaran Funtsa du, bere familiak utzitakoa. Hor hainbat publikazio biltzen dira, XIX. eta XX. mendeetan argitaratutakoak: entrenamenduei buruzkoak, teknikari buruzkoak, fisiologiari buruzkoak... Bere garaian aurreratu batzuk izan ziren». Hasieratik ikuspegi ezberdin hori izan zelako, ondoren gauza asko eratorri direla nabarmendu du Arratibelek.
Eskualde izaera
Klubak Tolosa izena izan arren, Tolosaldeko izaera duela dio Martixak. «Kirola egiteko aukera ematen diogu edozeini. Ez dugu begiratzen nongoa den. Tolosa eta inguruko herrietakoak daude klubean, eta ez da egongo eskualdeko herri bat bera ere kirolari bat Tolosa CF-n izan ez duenik». Eskualde izaera horrek ere bermatzen du atalak jokalariz hornitzea, Esnaolak azaldu duenez: «Hainbeste kirol eskaintza izanik, batzuetan kosta egiten zaigu nahi adina kirolari izatea. Eskubaloian nesketan falta izaten dugu, eta eskerrak Tolosa kanpotik ere etortzen direla».
Fitxa kopuru handia du Tolosa CF-k eta askotan galdetu izan diete horren arrazoiaren inguruan. Arratibelek ondorengo argudioa ematen du: «Guk erantzuten dugu Tolosaldea hartzen dugula kontuan, eta guztira ia 50.000 biztanle garela. Herri txikiek ez dute azpiegiturarik kirol guztiak egiteko, frontoiak kontuan hartu gabe. Normala da eskualdean Tolosak izatea kirol ezberdinak praktikatzeko erreferentzia».
Gero eta emakumezko gehiago ari da kirolean parte hartzen eta hori fitxa kopuruetan nabarmentzen dela diote klubetik. «Iritsiko da une bat parekotasun batera iritsiko dela», esan du Arratibelek. «Hori bai, seniorretan gehiago kostatzen da emakumezkoen kopurua mantentzea, baina gazte mailetan aurrera doala ziurra da. Klubeko kirolarien kopurua berriz igotzen ari da, batez ere neska gehiago etortzen ari delako». Horren adibide eskubaloiaren atala jarri du Esnaolak. Lehenengo taldea orain zortzi urte sortu zen eskubaloian. «Erronka bezala jarri zen adinean igo ahala, eskailera osoa osatzearena. Hori aurreko denboraldian lortu genuen, senior taldea martxan jarriz. Justu, infantiletan talderik ez zen egon urte horretan, baina estruktura eginda dago klubean maila bakoitzean talde bat izateko». Eskola mailan gaur egun 22 mutil eta 16 neska daudela dio, parekotasun horren erakusgarri. «Azpiko mailetatik kopuru gehiago sartzea behar dugu, jarraikortasun bat izango dela bermatzeko eta taldeak mantentzeko», gaineratu du Esnaolak.
Gaur egun ere futbolak kirol nagusia izaten jarraitzen du, baina horrek ez dio Arratibeli kezkarik sortzen. «Ez dit arduratzen haur gehienak futbolera joatea», esan du. «Bide horretatik ohiturak hartzen dituzte; hau da, entrenatzea, kirola egitea eta abar. Gero konturatzen badira futbolean puntu bateraino iritsi direla, beste kirol batzuetara pasa daitezke, eta horrelako kasu asko izan da». Esnaolak, hain justu, eskubaloian dauden gehienak futboletik pasatakoak direla azaldu du. «Tolosak hori zaintzen du», gaineratu du Arratibelek. «Aukera asko dago, eta kirola egiteko ohitura badago; kirola egin nahi duenak egingo du zerbait. Futbola bakarrik baldin baduzu, hor geratuko da euren kirol ibilbidea. Aukerak eskaintzea da klubaren oinarria».
Harrobiari begira
Kirolari buruz hitz egitean, lehen taldeak zer mailetan dauden nabarmendu ohi da. «Euskal Herrian goi mailan talde asko ditugu, lau katu izanik», esan du Arratibelek. «Jendeari gustatzen zaio klubeko taldeak ahal den maila gorenean egotea, baina ikusi behar da horrek zer suposatzen duen: ez dirua bakarrik, jende gehiago behar da laguntzen ere».
Eskubaloian orain gutxi gizonezkoen lehen taldea bigarren mailan izan zen. «Dirua ez dago maila horretan jokalariak profesional izateko, baina denboraldi horretan jokalariek adibidez Kordobara joan behar izaten zuten, 11 orduz autobusean sartuta egonik. Han jokatu, orokorrean sufritu, eta astelehenean lanera edo ikastera berriro, kobratu gabe». Lehen urtea izanik, ilusioz bizi izan zela dio Esnaolak, eta sari bat izan zela aurretik egindako lanagatik, baina urtea luzea egin zela ere gaineratu du. «Mailaz igotzea aldaketa handi bat suposatu dezake, baina ez dirutan bakarrik, baita bizimoduan ere. Eskaera profesionala izaten da, baina gero ordainik ez».
Futbolean gizonezkoen lehen taldeak aurten Hirugarren Maila galdu du. «Bueltatuko gara», iragarri du Martixak, baina aldi berean maila horretan beste hainbat taldek duten ahalmena nabarmendu du: «Ikusten duzu zenbait talderen antolaketa, eta adibidez batek entrenamendua astearte goizean hamaiketan duela jabetzen zara. Jokalari horiek ez dira enpresa batera lanera joaten, ordaindu egiten zaie, eta taldeak egitura profesional bat du. Ez dira gu baino hobeak, baina egitura horrekin selekzio bat egiteko aukera dute. Guk Tolosaldeko jendearekin osatzen ditugu taldeak, eta hori da gure helburua». Tolosa CF-ren filosofia beti horrela izan dela dio Arratibelek: «Hala ere txukun samar moldatzen gara».
Klubeko taldeetan jokalarien %80 inguru Tolosaldekoak izatea da Tolosa CF-ren helburua. «Etxeko jendearekin egin nahi ditugu taldeak», esan du Martixak. «Gu lan egiten dugu jendeak kirola egiteko eta lehenengo taldeetara iristeko aukerak izateko. Nahiago dut Tolosaldeko jendea lehen taldeetan ikusi, gu maila zehatz batean lehiatzea baino». Horrek ez diola lehiakortasunari eragiten gaineratu du Esnaolak: «Nahiz eta gogorra izan, gero diru aldetik eta izaten diren baldintzagatik, Bigarren Maila helburu bezala jartzen dugu gizonezkoen eskubaloi taldean. Anbizio hori badugu. Gure mailagatik pentsatzen dugu beti hor egon behar dugula, igoera faseko postu horien inguruan». Nesken eskubaloiko senior taldeari dagokionez, datorren denboraldian aurten lortu ez duten igoeraren bila joango direla azaldu du.
Gaur egun milatik gora pertsona daudela Tolosa CF-ri lotuta esan du Martixak. «Kirolariak, entrenatzaileak, laguntzaileak, fisioterapeutak... Aurretik beste zenbat pasa ote dira? Etorkizunera begira beste ehun urtez jarraitzea da helburua. Lanean jarraitzen dugu. Izen-emateak irekitzen ditugunean haur askok ematen dute izena, eta bide horretan jarraituko dugu».
Berazubi, «gure etxea»
Tolosa CF esan eta Berazubi estadioaren irudia berehala agertzen da pentsamenduan. «Berazubi gure etxea da», esan du Martixak. Bertan futbolak eta atletismoak dute protagonismoa. Bulegoak dauden eraikina eraberritu zen, eta beste kirolen etxea izatea nahi dute. «Erabilera anitzeko gela bat jarri nahi dugu, irekita egongo dena bertan bilera, ikastaro, hitzaldi eta abar egiteko».
Tolosako herriarentzat ere oso berezia da Berazubi. «Ez dago tolosar bat ez dena Berazubitik pasa», nabarmendu du Martixak. «Lortu dugu horrelako azpiegitura bat ehun urtetan mantentzea. Ohore bat da, eta baita lana ere». Muñoa Fundazioarenak dira lurrak, Tolosa CF-renak azpiegiturak eta gaur egun kudeaketaren ardura Tolosako Udalak du, Kirolzer enpresaren bitartez.
Azken 25 urteetako aldaketa nagusia Berazubi dela dio Arratibelek. «Oso kirol azpiegitura gutxi geratzen dira pribatuak direnak. Muñoa Fundazioak esan zuen Berazubi dagoela dagoenerako, bestela bertan etxebizitzak egiteko oso gutxi faltako litzatekeela. Altxor bat dugu herriaren erdian. Birika bat da herriarentzat, eta horiek ez dira nire hitzak, udal arkitektoarenak dira. Hau ezin dugu galdu». Berazubin obrak egitea beharrezkoa zela gaineratu du, baina klubak horri ezin ziola aurre egin. «Kudeaketa utzi zaio udalari hainbat urtetarako, bertan obrak egin direlako, baina gero berriz negoziatu beharko da nola kudeatzen den hori guztia. Jende askorentzako zaila izan da, lehen nahi zuenak barrura sartzen zelako; eta orain garai berriek beste planteamendu batzuk ekarri dituzte. Gauza batzuk galdu genituen eta beste batzuk irabazi».
Berazubi hainbatetan ixteko zorian izan zen, beharrezko baldintzak ez zituelako betetzen. «Obrak egin behar ziren, eta hori dirua kostatzen da», esan du Martixak. «Guk ez daukagu dirurik, alde batetik sartu eta bestetik ateratzen baita. Kirola sustatzen joaten da dirua, hori delako gure lana eta helburua». Orain erabilera Tolosa CF-ko bazkideei ez ezik, udaleko kirol zerbitzuetako bazkide egiten direnei irekita dago. «Futbol zelaia dago bakarrik gure erabilerarako. Hor guk agintzen dugu, eta guk mantentzen dugu. Uharte moduko bat da», zehaztu du Martixak.
Udalarekin iritsitako akordioan, Usabal kiroldegiko azpiegituren erabilera ere txertatu zen. «Usabalgo kanpoko azpiegiturak erabiltzen ditugu eta baita barruko kantxak ere», esan du Esnaolak. «Kanpotik etortzen direnak esaten dute sekulako instalazioak ditugula, maila onekoak direlako. Hala ere, motz geratzen zaizkigu. Kirol pila bat egiten da bertan, eta Tolosa CF-z gain beste hainbat klubek erabiltzen dute. Azpiegitura ona dugu baina egurra ematen diogu».
Eskubaloi atalak 50. urteurrena
Ekitaldiei begiratuta, eskubaloi atalak protagonismo berezia du, aurten 50. urteurrena ospatzen duelako. «Tolosak klub bezala 100 urte betetzea sekulakoa da, baina beste kirol batek, eskubaloiak, hasiera batean hainbeste jende eta gazte erakartzen ez dituenak, 50 urte betetzea marka handia da, meritu handia du», esan du Esnaolak. «Urte hauetan guztietan beti ibili da jendea eskubaloia bizirik mantentzen Tolosan. Eta asmoa da ospakizun potoloak egitea». Batetik, Asobal Ligan aritzen diren lau talderen arteko torneoa antolatuko dute abuztuan, Bera Bera taldearen partida ofizial bat ziurrenik ligakoa jokatuko da Usabalen, eta urriaren 1ean antolatu duten festa «gogoratzeko modukoa» izaten saiatuko dira.
Asobal Ligako lau talde horien artean, Bidasoa eta Benidorm izango dira, eta baita Guadalajara ere. Izan ere, azken talde horrekin Haitz Gorostidi tolosarrak, aurretik Tolosa CF-ko jokalaria, igoera lortu berri du Asobal Ligara. Gorostidi eskualdeko lehen eskubaloi jokalaria izango da maila horretan ariko dena. «Gu oso pozik gaude Haitzengatik, eta harro ere bai», esan du Esnaolak.
Mendeurrena ospatzea sekulako lana izaten ari dela diote, baina harro daude klubak horrelako historia biltzen duela ikusirik. Martixak gogora ekarri duenez, futbolari dagokionez Tolosa CF Gipuzkoako seigarren zaharrena da. Klubarekiko sentimendua zabaldu nahi dute herrian zehar, eta Esnaolak eskaera bat luzatu du: «Ea lortzen dugun Tolosa urte guztian zehar urdinez janztea, eta jendeak parte hartzea antolatzen ari garen ekitaldi guztietan. Jendeak bizitzeko, gogoratzeko, klubak ehun urte egiten dituela banderak-eta prestatzen ari gara, jendeak balkoiak urdinez janzteko. Aurten 13 hilabetez jantzi behar dugu, hori da erronka. Guretzako handia den gauza bat denon artean ospatzeko».
Tolosa CF-ren banderak, kamisetak eta abar zabaldu nahi dituzte klubetik, eta partidak jokatzen direnean salgai jarriko dituzte. Eguberriei begira denda bat jartzeko asmoa dute. Bestalde, komertzioak ere inplikatu nahi dituzte mendeurreneko ospakizunean. Laguntzaile direnak eta mendeurreneko ekitaldien antolakuntzarako dirua eman dutenak pegatina bat izango dute. Esnaolak enpresei ere deialdia egin die diru laguntza emateko ekitaldiak antolatu ahal izateko: «Oso urte berezia da, eta hori dena gauzatzeko laguntza behar dugu».
Datorren asteazkenean, ekainaren 8an, emango diote hasiera beraz, mendeurreneko ekitaldiei, Berazubi estadioaren ondoko Tolosa CF plazan. Armarri berria egin du klubak, eta aurrekoa eguneratu egingo du. Bestalde, garai batean partida bat izaten zeneko ohiturari jarraituz, klubaren bandera jarriko dute, eta ospakizunek iraungo duten hilabeteetan bertan mantenduko da. Horrez gain, mendeurreneko eskulturaren inaugurazioa egingo da plaza horretan. Hasiera izango da hori eta ondoren hainbat ekitaldiz bustiko da Tolosa, beti ere urdin kolorez.
1.158 kirolari Tolosa CF-n
ATLETISMOA. Federatuak: 140. Eskola mailakoak: 136.
FUTBOLA. Federatuak: 291. Eskola mailakoak: 242.
GIMNASTIKA ERRITMIKOA. Federatuak: 60. Eskola mailakoak: 65.
ESKUBALOIA. Federatuak: 87. Eskola mailakoak: 52.
PILOTA. Federatuak 36. Eskola mailakoak 41.
TXIRRINDULARITZA. Federatuak: 3 lizentzia elite mailakoak.
TENISA. Federatuak: 1.
MENDIA. Federatuak: 40 inguru. Horietako 4 mendiko lasterketetan ibiltzen direnak.
MENDEURRENEKO EGITARAUA
2022
Ekainaren 8a. 19:00. Mendeurrenaren hasiera ekitaldia: armarria eguneratu eta eskulturaren inaugurazioa, Tolosa CF-ren plazan.
Ekainaren 9a. Gipuzkoako 100+11 mendiak urdinez egitasmoaren hasiera.
Ekainaren 10a. 19:00. Gipuzkoako Futbol Federazioaren Gala, Topic aretoan.
Ekainaren 11a. 09:00. Urtzi Gurrutxagaren Oroimenezko 7. Futbol Txapelketa, alebin mailako mutilentzat, Berazubin.
Ekainaren 11a eta 12a. 15:00. Gimnastika erritmikoko ikasturte amaierako jaialdia.
Uztailaren hasiera. Mendeurreneko liburuaren aurkezpena.
Uztailaren 4a. Pala txapelketa, Tolosa CF-ren Mendeurrena, Berazubin eta Beotibarren.
Uztailaren 27a. Mendeurreneko futbol partida, Real Sociedad eta Osasuna taldeen artean, Berazubin.
Abuztuaren 26a eta 27a. Asobal Ligako lau talderen arteko eskubaloi torneoa, Usabal kiroldegian. Bidasoa, Benidorm, Guadalajara eta oraindik zehaztu gabeko beste talde bat.
Irailaren 15a. Tolosa CF-ren historiaren erakusketa inaugurazioa, Aranburu Jauregian
Urriaren 1a. Eskubaloiaren festa, Usabalen.
Urriaren 22a. 4x400 metroko atletismoko herri proba, San Frantzisko pasealekuan.
Urriaren 29a. Pilota txapelketen hasiera, benjamin, alebin eta infantil mailetan, Beotibarren.
Urriaren 30a. Tolosa CF-ren historiaren erakusketaren amaiera ekitaldia, Aranburu Jauregian.
Azaroaren 9a. Mahai-ingurua, Cambios en la concepción del deporte izenekoa.
Azaroaren 16a. Mahai-ingurua, El fútbol profesional desde el banquillo izenekoa.
Abenduaren 16a. Gimnastika erritmikoko master class saioa, nazioarte mailako gimnasta betekin.
2023
Urtarrilaren 18a. Mahai-ingurua, Tolosa y fútbol izenekoa.
Martxoaren 15a. Mahai-ingurua, Eskola-kirola - kirol eskolak klubak izenekoa.
Apirilaren 15a. Infantil nesken Nescup futbol txapelketa, Berazubin.
Apirilaren 27a. Mahai-ingurua, Teknologia egungo kirolean izenekoa.
Maiatzaren 19, 20, 21. Tolosa CF-ren historiari buruzko antzezpena, Berazubin
Ekainaren 10a. Eskubaloiko San Joan Haur Torneoa, Usabalen.
Ekainaren 10a. Urtzi Gurrutxagaren Oroimenezko alebin mutilen futbol txapelketa, Berazubin.
Ekainaren 10a. Kontzertua: Tolosaldeko taldeak eta talde gonbidatua, zezen plazan.
Ekainaren 17a. Tolosa CF-ren mendeurrenaren jaialdia, Oria ibaiaren inguruan.
Ekainaren 24a. Berazubiren mendeurrena eta ekitaldien amaiera, Berazubi.
Aurreikusitako beste ekitaldiak baina data zehatzik gabe:
-Tolosa CF-ren gala.
-1. mailako emakumezkoen futbol partida, Berazubin.
-Bera Bera taldearen partida ofiziala, Usabalen.
-Pilota txapelketaren finala eta jaialdia Tolosaldeko pilotari profesionalekin, Beotibarren.
-Estropadak, Tolosa CF Bandera, Oria ibaian.