Denboraldiko helburua lortu eta gero, «oso pozik»

Imanol Garcia Landa 2022ko eka. 1a, 19:58

Tolosa CF Eskubaloiko bigarren taldeko kideak zaleekin igoera ospatzen.

Asteburu garrantzitsua izan da Tolosa CF-ko eskubaloi atalarentzat, gizonezkoen bigarren taldea mailaz igo baita. Datorren denboraldian Euskal Ligan ariko da, hau da, lehen taldea dagoen 1. Maila Nazionalaren maila bat beherago.

«Oso pozik gaude. Denboraldiko helburua lortu dugu, eta igoera faseko azken jardunaldian lortu dugu, lauko finala jokatu beharrik izan gabe», esan du Julen Garcia entrenatzaileak. Azken jardunaldian berdintzea nahikoa zuen igotzeko eta 20-28 irabazi zion Tolosak Askartza taldeari. Zale ugari joan ziren Tolosatik Leioara taldea animatzera, eta han bertan ospatu ahal izan zuten denek igoera.

Denboraldia hasterakoan lehiatzeko helburua zuen taldeak, aukera izan duten asteburuetan, Garciak zehaztu duenez: «Jokalari dezente izan ditugu aurten lehen eta bigarren taldearen artean ibili direnak jokatzen, eta asteburu askotan ez dugu izan aukerarik bigarren taldean eskuragarri izateko jokalari horiek. Horren ondorioz taldearen lehiakortasuna murriztuta egon da». Urtea, beraz, ez da samurra izan bigarren taldearentzat, baina igoera fasean sartu ahal izan ziren, eta fase horretan beste maila bat eman ahal izan dute: «Orduan helburua argi genuen mailaz igotzea zela, eta lortu dugu. Hain justu, denboraldiaren zati horretan garrantzi gehiago eman zaio bigarren taldeari. Lehen taldeak ez zuen helburu zehatzik, ez zuelako aukerarik igoera postuetan egoteko eta ezta arriskurik mailaz jaisteko. Beraz, bigarren taldeak mailaz igotzeko aukera zuela ikusita, lehentasuna eman zaio klubetik. Ikusten denez, erabaki aproposa izan da».

Bigarren taldea horrelako maila altu batean izateak klubarentzat garrantzi handia duela azaldu du Garciak: «Lehiakortasun aldetik ez du zerikusirik orain aritu garen Gipuzkoako lehen mailak eta Euskal Ligak. Talde oso indartsuak daude Euskal Ligan, eta ia denak bere klubeko lehen taldeak dira». Jokalarientzat ere motibagarria dela gaineratu du: «Lehiakortasun hori izatea eta datorren denboraldian maila mantentzeko helburu hori izatea garrantzitsua da beraientzat». Bestalde, jubeniletatik igotzen direnek ere, lehen taldera iristeko bide horretan, maila altu batean jokatzeko aukera dute bigarren taldearekin, esperientzia handituz eta lehen taldean jokatzeak suposatu dezakeen jauzia txikiagoa bihurtuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!