'Lumen' ikuskizunerako boluntario bila ari dira

Ataria 2022ko ekainaren 2a

Txotxongilo erraldoiekin osaturiko emanaldirako herritarren laguntza eskatu dute; ekainaren 10ean izango da ikuskizuna.

Lumen Maitasun Istorio Bat antzerki eta dantza ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da hurrengo ostiralean, hilaren 10ean, 22:00etan Tolosako kaleetan. SA Marionetas - Teatro & Bonecos Portugalgo konpainiaren ikuskizuna da, eta Topic Txotxongiloen Nazioarteko Zentroak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako Udalaren laguntzarekin antolatu du.

Ia bost metroko altuera duten hainbat txotxongilo erraldoiren kalejira da ikusi ahalko dena. Txotxongiloak musikaren erritmora mugitzen ikusiko dira, eta dituzten led argiei esker, ikusgarria da emaitza konpainiako kideek azaldu dutenez.

BOLUNTARIOEN BEHARRA

Talde portugaldarrak inoiz egin duen sorkuntza original handiena da Lumen, eta taldeko kideez gain, jende gehiago ere behar izaten dute ikuskizuna eskaintzeko. Horregatik, Topic-etik herritarren parte hartzea eskatu dute emanaldian txotxongilo erraldoiak mugitzen laguntzeko. Hain zuzen, 12 urtetik gorako 37 boluntario behar dituztela adierazi dute Topic-etik, eta erraldoiak mugitzeko edo argia emango duten zuzi modukoak eramateko izango dela zehaztu dute. Erraldoiek ez dutela pisu handirik eta herritarrak animatu dituzte parte hartzera. Horretarako, cit@cittolosa.com helbidera idatzi edo 943 650 414 zenbakira deitu beharko da.

Animatzen direnek koreografia eta manipulazioa ikasteko entseguak egingo dituzte ekainaren 6tik 9ra 18:00etatik 21:00etara, eta ekainaren 10ean goizez eta arratsaldez.

Musika eskolako ikasleek ere parte hartuko dute ikuskizunean, emanaldia musikatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!