Aurten ez da erreserbarik egin beharko igerilekuetara joateko

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko eka. 1a, 19:59

Ekainaren 15ean irekiko dituzte Usabal kiroldegiko kanpoko igerilekuak, eta irailaren 23ra arte egongo dira zabalik; gehienezko edukiera ez gainditzeko hainbat neurri hartuko dituzte.

Usabal kiroldegiak prest du udako kanpaina. Aurten, ekainaren 15ean irekiko ditu kanpoko igerilekuak. Irailaren 23ra arte egongo dira irekita, egunero, 10:00etatik 21:00etara. Azken urteetako murrizketa eta osasun eta prebentzio neurriak bertan behera geratuko dira ia bere osotasunean, baina hainbat neurrik indarrean jarraituko dute. 

Asier Martin kiroldegiko arduradunak aurreratu duenez, aurten ez da erreserbarik egin beharko igerilekura joan ahal izateko, baina Osasun Sailak oraindik ere neurri batzuk hartzeko eskatzen die, eta horiek bete egingo dituzte. "Batetik, arratsaldeetan, 15:30eatik aurrera, barruko eta kanpoko igerilekuak banatuta egongo dira, eta ezingo da batetik bestera igaro. Kanpoko igerilekuan gehienezko edukiera muga bat mantendu behar dugu, eta horregatik erabaki dugu neurri hau hartzea. Beraz, kanpoko igerilekuaren eremura sartzeko, kanpoko tornuak (Iurramendi aldean daudenak) erabili beharko dituzte erabiltzaileek”. 

Usabal kiroldegiak hartuko duen beste neurrietako bat kanpoko igerilekuan eremukako banaketari eustea izango da. “Azken bi urteetan egin dugun bezala, kanpoko igerilekuaren eremua zatituta egongo da. Gazteak terrazara edo solariumera bideratuko ditugu, eta gainerako eremua familiei bideratuta egongo da. Honek jendearen arteko mugimendua banatzea erraztuko digu, eta era berean, zerbitzu hobeago bat eskainiko dugu”. Herritarrek egindako eskaerari erantzunez, solariumeko eremuan dutxa bat jarriko da aurten. 

Kirolaz gozatzeko aukera

Kanpoko igerilekuez gain, Usabal kiroldegiak zein herriko zenbait elkartek, askotariko aisia zerbitzuak eskainiko dituzte aurtengo udan. Usabalen egin ahalko diren ikastaroak haurrei eta helduei zuzenduta egongo dira, eta honakoak izango dira: aquafitnes, pilatesa, jumpfit, desafit, K-stecht, cycling, igeriketa, zunba, tabata hiit, body balance, padel eta tenis eskola, eta Global training kfit (azken biak, Berazubin). 

Haur eta gaztetxoentzat eskaintza berezia egongo da kiroldegian, eta honakoak izango dira 13 eta 16 urte bitartekoentzako ikastaroak: askotariko ekintzak, Kfit junior eta Shuffle dance. Bestetik, 3 eta 16 urte bitartekoei zuzendutako ikastaroak ere izango dira: igeriketa, dantza eskola, kirol ludoteka, futbol kanpusa, basket Stage-a, eskalada, tenisa eta padel eskola (Berazubin), edota pilota eskola (Beotibarren).

Azken urteetan ez bezala, bazkaltzeko zerbitzua eskainiko diete aurten parte hartzaileei ikastaroak amaitu ondoren, 13:00etatik 14:00etara, Bidegoxo jatetxean. Aipatutako ikastaroetan parte hartzeko, Usabal kiroldegira bertaratuz, Usabalkiroldegia.com webgunean edo 943 53 64 00 telefonora deituz eman behar da izena. Bertan aurkitu ahalko da igerilekuko zein ikastaroen inguruko tarifen informazioa.

TAKE saskibaloi klubak, kiroldegian bertan, aparteko eskaintza izango du. Saskibaloi campusa antolatu dute haur eta gaztetxoentzat. "Aurten, lehen aldiz, egun osoko ekintza burutuko dugu umeekin, 9:30eatik, 17:00etara. Apustua egin nahi izan dugu, haurrek elkarrekin egun osoko planak egiteko aukera izan dezaten", esan du Goar Artetxek. Saskibaloia ez ezik, beste kirol batzuk ere praktikatuko dituztela gaineratu du. Campusean izena emateko eta informazio gehiagorako, Takesb.eus webgunea bisitatu edo 616 499 394 telefono zenbakira deitu behar da.

Bestetik, Zumardia elkarteak ere bere eskaintza aurkeztu du: piraguismoa, paddle surfa, mendi zeharkaldiak Aratz-Aizkorri Parke Naturalean, mendi bizikleta ikastaroa eta natur-kirol goiz pasa. Azken honetan, askotariko jarduerak uztartuko dituzte. Uretako ekintzak Anoetan izango dira aurten, Oria ibaiak Tolosa parean duen emari urria dela eta. Ikastaroetan izena emateko, eta horien berri izateko, Zumardia.eus helbidean sartu edo 688 72 62 13 telefonora deitu behar da.  

Azkenik, Tolosaldeko Triatloi Taldeak eta Tolosaldea IKT taldeak, Triatloi campusa antolatu dute gaztetxoentzat. 688 807 405 telefonora deituz edo Tolosaldeaikt.eus webgunean eman daiteke izena.

"Udan ere Tolosa erakargarri"

Jakina da Tolosak kirol arloan urte guztian duen bizitasuna. Hainbat dira antolatzen diren kirol probak, zein herritarren eskura dauden kirol eremuak. Joxe Mari Villanueva kirol zinegotziaren esanetan, “Tolosa udan ere bizirik egoten da, baita kirolari dagokionez ere. Aisiaz gozatzeko aukera handia dute herritarrek, eta horren adibide da igerileku hau. Azken urteetako mugak gainditzen hasita gaude eta hori ere nabarmena izango da, bai Usabalen eta baita ekintzak egingo diren gainerako eremuetan ere”. 

Horregatik, beste urte batez, udalak "Tolosa udan ere erakargarri izateko lan egin duela" esan du zinegotziak, "herritarrei ahalik eta eskaintzarik zabalena eta erakargarriena egiteko”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!