Altxa burua!, haurrek pantailak modu egokian erabiltzeko

Tolosaldeko Ataria 2022ko eka. 2a, 07:58

Laskorain Ikastolako guraso talde batek abiatu du proiektua, teknologiak haurrengan duten eraginaz hausnartzeko.

Gailu teknologikoen erabilerak haurrengan zer nolako eragina duen hausnartzeko lantegi batean parte hartu zuten iaz Laskorain Ikastolako zenbait gurasok, eta bertan sortu zuten proiektua. Bost kide dira, eta 11 eta 12 urteko seme-alabak dituzte, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan dabiltzanak. «Talde eragile bat sortzeko proposamena jaso genuen, eta horrela hasi ginen antolatzen, helburuak betetzeko», esan du Ainara Muñozek.

Pantailek duten dependentzia da gurasoen kezka nagusia. «Haurrek gauza asko uzten dituzte albo batera, pantailei begira egoteagatik. Elkarren artean harremanak izateko moduetan ere eragin handia dute pantailek», azaldu du Ixiar Aranak. «Haur bakoitzak bere mugikorra edukitzeko gogoa du, eta gure kasuan, portzentai handi batek dagoeneko badu berea», gaineratu du Eli Trojaolak.

Trojaolaren arabera, «gainera etortzen zaigun zerbait» da teknologia: «Bat-batean harrapatzen gaitu, ez dugulako guk bilatzen. Gainera, jakintza oso txikia dugu gailu horiek duten botereaz, bai onerako, baita txarrerako ere». Hala ere, argi utzi nahi izan du ez daudela teknologiaren aurka. «Beharrezkoa da erabiltzea, baina erabilera hori egokia izan behar da. Gurasoak izan ohi gara, ordea, hori egiten ez dugun lehenak; pixka bat hanka motzak gara horretan. Bai haurrek, baita guk ere, asko dugu ikasteko, eta gure kasuan, zenbait ohitura aldatu behar ditugu».

Ikasturtea amaitzera doanean, arau komun batzuk lantzeko eskatu diote elkarri, eta erronka bat ezarri dute: udan haurrei mugikorra ez emateko eskatu diete Lehen Hezkuntzako 6. mailako gurasoei. «Ikasturte berriarekin batera elkartuko gara, taldea berriz martxan jartzeko, erronkaren emaitzak eta sentsazioak partekatzeko, eta formazio saio berriak egiteko».

Hasiberriak direla diote, eta aurrerago, denborarekin jakingo dutela lanketa honek zein emaitza ematen dituen. «Teknologia etxe gehienetan izango da gatazka-iturri bat, eta guk bertatik edan nahi dugu, benetako arazoa zein den ezagutu ondoren, autokritikaren bidetik, irtenbideak aurkitzeko», adierazi du Orkatz Goenagak. Bien bitartean, ekimenean parte hartu nahi duten gurasoek, Laskorainikastola.eus webgunean aurkitu dezakete informazioa.

Ikastolak bultzatu zuen ekimena hasieran, eta taldea osatu zutenean, elkarren bidelagun izatea adostu zuten. «Bi alderdiek batera lan egitea da helburuetako bat, elkar koordinatuz eta komunikatuz». Hala ere, ateak itxi ordez, sarea osatzen joateko, gainerako ikastetxeetako guraso eta ikasleekin elkarlanean aritzea izango da taldearen hurrengo erronka. «Elkar babestu behar dugu, guraso guztiak, ahal den neurrian, norabide berean joan gaitezen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!