Erreportajea

Arrakasta baten kontakizuna

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko eka. 2a, 07:59

Joan Mari Torrealdaik ia amaituta utzi zuen ‘Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta’ liburua aurkeztuko du Joanmari Larrartek, Tolosako kultur etxean, 19:00etan. 

Tolosako Lizardi elkarteko kultura batzordeak antolatuta, Joan Mari Torrealdaik idatzitako Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta liburua aurkeztuko du gaur Joanmari Larrartek. Tolosako kultur etxean izango da saioa, 19:00etan. Egunkariaren sorrera eta garapena nola gertatu zen azaltzen du Torrealdaik, berak bizitako ikuspegitik; honela dio idazleak hitzaurrean: «Hau ez da Egunkariaren historia. Horretarako distantzia bat hartu behar dut. Batetik, denboran; oraindik oso gertu dago gertatutakoa. Bestetik, posizionamendu aldetik; ezin dut distantzia hori hartu, prozesu guztia barru-barrutik bizi izan nuelako».

Larrartek azaldu duenez, 1989an euskarazko egunkari bat martxan jarri nahi dela erabaki zenetik, bere ibilbide osoa egiteko aukera ematen dio liburuak irakurleari: «Akaso ez dago guztia modu kronologikoan kontatuta, baina egunkariaren ekarpenak aipatzen ditu liburuak, baita Joan Marik haien gainean egindako gogoetak ere». Itxiera, gainera, «bigarren plano batean» dagoela esan du: Azken urteetan, egunkariari buruz idatzi dena itxierari buruz idatzi izan da. Besteak beste, horregatik idatzi nahi zuen Joan Marik liburua. «Gure arrakasta ez zen izan itxiera, hau martxan jarri eta hamahiru urtez honi eustea baizik, eta hori kontatu beharra dago», esaten zuen berak».

Torrealdaik, ordea, ez zuen liburua guztiz idatzi. Larrarteri eta kide gehiagori egokitu zaie testuak txukuntzea, egokitzea eta edizio lana egitea. Hernaniarrarentzat «esperientzia polita eta zaila» izan da: «Neurri batean, bere izenean argitaratuko da liburua, eta ez dut aukerarik hartutako erabakiak zentzuzkoak diren ala ez berarekin kontrastatzeko. Bera hil aurretik, liburuari buruz hizketan aritu izan ginen, eta gutxi gorabehera, banekien zer lortu nahi zuen. Batzuetan, ez-leku batean bezala sentitzen naiz, ez delako nire lan bat, eta niri egokitzen zaidalako defendatzea. Era berean, ohore handia da, bere izenean argitaratu den zerbait nire eskuetan utzi duelako».

Halaber, izenburuarekin bat egiten duela adierazi du Larrartek: «1989an, euskalgintzatik eta kulturgintzatik eratutako Egunkaria Sortzen taldea herri ekimenaren lehen ernamuina zen. Bestetik, herriz herri antolatutako kanpainetatik eta egindako bidetik, proiektua aurrera eramateko baliabideak lortu ziren, eta herriaren indarrak eutsi ahal izan zuen, lehen urteetan jaurlaritzak ere boikota egin zionean, eta dirulaguntzarik onartzen ez zitzaionean. Ondorioz, herri ekimenaren lorpen bat izan zen Egunkaria».

Herritarren ekarpena
Batzordeetan ibilitako kideak gonbidatzen ari dira aurkezpenetara, eta Tolosan ere hala egingo dute. «Gizarte zibilaren arrakasta izan zela badiogu, herriz herri nola gertatu zen ikusi ahal izateko, beharrezkoa da kide horiek ere gurekin egotea. Herrietan lan handia egin zen, eta garai haiek gogoratzeko garrantzitsua izango da beraien ekarpena», adierazi du Larrartek.

Larrartek kanpotik bizi zuen egunkariaren sorrera. AEK-n ari zen lanean, eta herrian, Egunkariaren aldeko batzordea sortu zuten eta proiektua aurrera eramateko dirua biltzen hasi ziren. «Ilusio handia genuen. Garai hartan sekulakoa zen euskaldunontzat kioskora joan eta euskarazko egunkari bat topatu ahal izatea, ordura arte ez zegoelako. Ekarpen izugarria izan zen, beraz, euskaldunok mundura zabaldu gintuena».

Aurrez, dozena bat herri baino gehiagotan aurkeztu du liburua Larrartek, eta oraingoz, solsaldi ziklo horren azken saioa izango da gaurkoa. «Saio bakoitza desberdina izaten ari da, baina guztiak interesgarriak. Orain arteko aurkezpenetan, garai hura ezagutu zuten herritarrak hurbildu dira gehienbat, baina ezagutu ez zutenentzat ere oso interesgarria da liburuak kontatzen duena», nabarmendu du. «Ziur naiz Tolosakoa saio parte hartzailea izango dela. Bertara hurbilduko den bat baino gehiago gogoratuko da garai haietaz, eta izango du zer esan eta zer kontatu», gaineratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!