ELKARRIZKETA

«Edonork erosi dezake drone bat, baina inork ez daki non eta nola erabili daitekeen»

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko eka. 4a, 07:57
Iñaki Gereñu Instagram sare sozialeko ‘@gere_inaki’ kontura igotzen ditu edukiak J. A.

Iñaki Gereñu Odriozolak (Tolosa, 1983) esperientzia handia du droneekin, eta erreminta modura erabiltzen ditu: «Mugitzeko askatasun handia ematen didate». Hala ere, ez zaio iruditzen «ezinbestekoa» denik edozein bideotan droneen irudiak sartzea.

Duela ia 10 urte, droneak oraindik ezagutzen ez zirenean hasi zen horiek erabiltzen Iñaki Gereñu tolosarra. Gaur egun bost ditu, eta bertako enpresentzat ez ezik, multinazional handientzat lan egiten du. «Dronea ez da jostailu bat, eta kontu handiz erabili behar da», esan du.

Nondik datorkizu droneekin ikus-entzunezko edukiak sortzeko afizioa?

Duela ia 10 urte hasi nintzen. Bartzelonan bizi nintzen eta snowboarda irakasten nuen neguan eta udan Alpeetan ibiltzen nintzen. Beti izan naiz mendizalea, eta orduan, drone bat erostea erabaki nuen, zaletasun modura, mendian irudiak grabatzeko. Halako batean, lagun arkitekto batek esan zidan bere ezagun batek deituko ninduela lan bat egiteko. Inditex enpresarentzat bideo bat grabatzeko eskaria jaso nuen, eta telefonoaren beste aldean zegoena Bershka enpresako burua zen. Ohartzerako, hilabete bat beranduago, Turinen nengoen, Bershkak ireki zuen milagarren dendan irudiak hartzen. Bertatik itzultzen ari nintzela, hegazkinean, bideoak nola editatu jakiteko bideo tutorialak ikusten aritu nintzen etengabe. Emaitzarekin oso gustura geratu ziren, eta urte berean Europako hiriburu gehiagotan bideo gehiago grabatu nituen beraientzat. Oso azkar murgildu nintzen mundu honetan, eta nire lehen bezeroa ez zen nolanahikoa izan.

Irakasle izateaz gain, jatetxe bateko jangelako buru ere banintzen, orduan garrantzia handia zutelako niretzat irabazi ekonomikoek. Hala ere, berehala jabetu nintzen asteburu batean bideoak grabatzen jatetxean hilabete batean baino diru gehiago irabazten nuela. Ondorioz, afizio modura hasi zena lanbide izan zitekeela pentsatzen hasi nintzen.

Orduan, Bartzelonan ikus-entzunezkoen sektorean lan egiten zutenak, zinema edo telesailen munduan ari ziren. Beraz, nire kasa hasi nintzen droneekin lanean. Gainera, ingurukoen eta ezagunen eskari gehiago jasotzen hasi nintzen, eta beranduago, enpresa handientzat hasi nintzen lanean: Danone, Iberdrola, Vueling, Red Bull edota CAF. Nik, ordea, ez nuen ezagutzarik ikus-entzunezkoen arloan, eta nire kabuz hasi nintzen ikasten. Geroz eta proiektu handiagoetan murgildu nintzen; hori dela eta, inbertsio handiagoak egin behar izan nituen. Horrez gain, gaur egun droneak maneiatzeko eta irudiak hartu eta ondoren editatzeko klaseak eskaintzen ditut.

 

«Oso azkar murgildu nintzen mundu honetan eta nire lehen bezeroa ez zen nolanahikoa izan»

 

Igora films izeneko enpresa sortu zenuen gero.

Esan daiteke dronea nire indargune nagusia dela, ikus-entzunezkoen munduan murgildu nauena, baina horretatik bakarrik bizitzea ezinezkoa litzake. Droneekin lan egin eta ikus-entzunezko eduki desberdinak sortzeaz gain, kamerari modura ere aritzen naiz, besteak beste, ETB-rentzat, irailean estreinatuko den saio baterako; telesail batean eta Basque Team fundazioarentzat ere lan egin dut. Ekoiztetxe modura lan egiten saiatzen gara, eta kamera-, produkzio- eta errealizazio-sare bana ditugu.

Zenbat langile zarete?

Orain lau gara, baina bakoitzak bere proiektua izaten du, eta beraz, norberak bere erritmora egiten du lan. Nire kasuan, batzuetan bakarrik aritzen naiz nire proiektuetan, baina beste batzuetan dozena bat langile gehiago behar izaten ditut, eta horiek kontratatu egiten ditut nirekin lan egin dezaten.

Zein motatako edukiak sortzen dituzue?

Enpresa edo agentzientzako bideo korporatiboak, dokumentalak, ekitaldi berezietako bideoak… Seat edo Audirentzako iragarkiak ere egin ditut. Ikus-entzunezko edukiak sortzea ezinbestekoa da enpresentzat, sare sozialak nahiz webguneak elikatzeko, eta eskaria oso handia da.

Duela gutxi Jordanian izan zara. Zer dela eta?

Bai. Bideogilea eta eskalatzailea den Bartzelonako lagun bat dut. Abenturarekin lotutako edukiak sortzen ditu eta berarekin lan egin izan dut. Duela pare bat urte, Amazon Prime plataforman ikusgai dagoen dokumental bat grabatu zuen Jordanian bertan. Visit Jordan agentziak, abentura-turismoko edukietarako irudi horiek eskatu zizkion, baina ezezkoa eman zien, bertara berriro joan eta irudi gehiago eta hobeak grabatuko zituela esanez. Horrela sortu zen proiektua, eta gerora, niri eskatu zidan berarekin joateko. Alemaniar bat eta txekiar bat izan dira bertan gurekin batera, baita bi eskalatzaile ere: estatubatuar bat eta austriar bat.

 

«Droneak debekatuta daude Jordanian; nik bi eraman nituen, eta bat galdu nuen basamortuan»

 

Nolakoa izan da esperientzia?

Oro har, izugarria, baina aldi berean, oso txarra. Droneak erabat debekatuta daude Jordanian, eta herrialde guztian ez dute bat bera ere saltzen; soilik baimen bereziak izanez gero erabili ditzakezu. Nik bi eraman nituen eta hegazkinak bertan lur hartu zuenerako, militar bat nuen ondoan, nire izenarekin. Droneak kendu zizkidan, hurrengo egunean lanean hasi nintzen arte; grabaketekin hasi nintzenean ere bost polizia etorri zitzaizkidan, baina azkenean ez zen ezer pasa.

Bidaia amaitzeko bi egun falta zirela, drone bat galdu nuen basamortuan. Banekien non zegoen, baina ingurune horietan oso bide gutxi daudenez, ia ezinezkoa zen leku horretara iristea. «Hona bi dronerekin etorri zara, eta beraz, biekin aterako zara hemendik», esan zidan jeneral batek. Nire hegaldiak blokeatu zituzten, eta bitartean, bi eskalatzaileak, militar bat, basamortuko gida bat eta bostok dronearen bila joan ginen. 10 orduko espedizioa izan zen; hormak eskalatu genituen, baita hamazazpi bat rappel egin ere. Azkenean aurkitu genuen, baina zenbait momentutan arriskuan jarri genituen gure bizitzak; gidak esan zigun litekeena zela bide horietatik inoiz inor igaro ez izana.

Zaila da drone bat ondo maneiatzea?

Bi gauza izan behar dira kontuan: kamera eta agintea. Gaur egun, drone mota oso desberdinak daude. Batzuekin kalitate handiagoko irudiak lortu daitezke, beste batzuekin, berriz, akziozko planoak grabatu daitezke; badira 150 kilometro orduko abiadura hartu dezaketen droneak. Hori dela eta, droneak gidatzeko moduak ere oso desberdinak dira. Batzuetan jolasean aritzen naiz agintearekin, baina beste batzuetan kontu handiz ukitu behar izaten ditut botoiak. Droneak erabiltzen dituzten askok, garaiera handietara altxa nahi izaten dituzte, baina askotan nahikoa da bizpahiru metrotara altxatzea irudi ederrak lortzeko.

Hala ere, legeek ezarritakoak dira zailtasun handienak. Une honetan, Espainiako Estatuko edozein tokitan droneekin aritzeko titulua daukat. Gipuzkoan ez gara hamar lagun baino gehiago izango hori egin dezakegunak. Gaur egun, edonork erosi dezake drone bat, baina ez daki non eta nola erabili dezakeen; Tolosan jada hogei bat drone ikusi ditut.

Gero, beste herriren batean edo parke natural batean drone bat erabili nahi badut, hamabost egun lehenago eskatu behar dut baimena udaletxean. Kontua da hamabost egun lehenago ez dakidala nolako eguraldia egingo duen, eta beraz, zailtasunak ere are handiagoak dira alde horretatik. Iruditzen zait hurrengo bost urteetan aldatu egingo dela eta aurrerago errazagoa izango dela. Izan ere, droneak baimenik gabe erabiltzeagatik, 3.000 eta 250.000 euro arteko isuna jaso dezakezu.

 

«Droneak baimenik gabe erabiltzeagatik, 3.000 eta 250.000 euro arteko isuna jaso dezakezu»

 

Zer lortu duzu dronearekin lan egiteagatik?

Droneari esker, lan gehienak naturan egiten ditut, mendian eta itsasoan, gustuko dudan lekuetan, eta bidaiatzeko aukera handia izan dut, hala nola, Jordaniara, Indonesiara, Perura eta Nepalera. Bestetik, lagun asko egin ditut eta leku zoragarriak ezagutu ditut. Proiektu batetik bestera, gainera, esperientzia eta ezagutza handiagoa lortzen joan naiz. Behin, enpresa batentzat edukiak sortu behar nituenean, bisita ugari egin nituen bertara, enpresa bera eta bertako funtzionamendua behar bezala ezagutzeko, eta hori gero edukietan transmititu ahal izateko.

Duela 10 urte droneak ezezagunak ziren askorentzat.

Bai. Duela 6 bat urte edo izan zen hemen boom handiena. Nire lehen droneari bridarekin lotzen nion kamera, eta egonkorgailuak ez ziren existitzen oraindik. Orain, garai haietako irudiek ez lukete balioko, baina orduan sekulakoak ziren, berritzaileak.

Droneak aldatuko ziren, ezta?

Asko eboluzionatu dute. Lehen arriskutsuagoak ziren, eta orain, oso zaila da bat lurrera erortzea.

Zein zailtasun ditu, oro har, edukiak sortzeak?

Berez, bat bera ere ez nizuke izendatuko, oso gustuko dudalako. Hala ere, ezinezkoa da ordutegi aldetik errutina finko bat edukitzea. Orain, esaterako, lanez gainezka nabil. Uztaila amaitu bitarte ez dut jaiegunik, ezta asteburuetan ere. Gero, akaso, urrian ez dut ia lanik egingo, eta horrelako egoerek eragina izaten dute oporrak zure erara antolatzeko garaian. Horri lotuta, sektore honetan eskariei ezezkoa esatea oso arriskutsua izan daiteke. Hala ere, errutinarik ez izatea da lan honetatik gustukoen dudana.

Zuk nola hasten duzu edukien sormen prozesua?

Sare sozialetan ikusitako ehunka bideo ditut gordeta, ezaugarrien araberako karpetetan sailkatuta: teknika, gaia, argiztapena… Bideo berri bat egin behar dudanean, baldin eta zein motatakoa egin nahi dudan edo zeri buruz egin behar dudan, karpeta horietakoren batera jotzen dut. Oso zaila da egunero sormen handia izatea, eta beraz, oso egokia da ideiak hartzeko helduleku bat izatea.

Eskualdeko zein irudi hartzea gustatuko litzaizuke?

Lasterketetako irudiak grabatzeko erabili ohi den drone batekin, noizbait Uzturreko gurutzean plano bereziak grabatzeko gogoa dut, baita Tolosari buruzko bideo bat egiteko gogoa ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!