Gaurtik aurrera aurkeztu daitezke 2023ko egutegirako argazkiak

Ataria 2022ko ekainaren 1a

Tolosanklisk argazki lehiaketara lanak aurkezteko aukera dute herritarrek, irailak 30 arte; Kirola Tolosan da aurtengo gaia.

Tolosako Udalak, Tolargik eta Tolosagasak 2023ko egutegia osatuko duten argazkiak hautatzeko lehiaketa abiatu dute gaur. Urte hasieran aurkeztu zuen udalak 2023ko egutegia osatzeko aurtengo Tolosanklisk argazki lehaiketarako gaia: Kirola Tolosan. Dagoeneko webgunea prest dago eta jada argazkiak bidaltzeko aukera dute herritarrek, irailak 30 arte; argazkiak webgunearen bidez bidali behar dira. Urriaren 7an emango du udalak irabazleen berri, eta azaroaren 16tik aurrera hasiko dira hurrengo urteko egutegiak banatzen.

Tolosan erroldatutako guztiei irekita dago lehiaketa. Argazkiak argitaragabeak eta beste lehiaketetan saritu gabeak izan behar dute, eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez 5 argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara. Parte-hartzaileek galdetegi bat bete behar dute proposamenak aurkezterakoan. Lehen aipatutako webgunean kontsultatu daitezke lehiaketaren oinarriak eta baldintzen inguruko informazioa.

Sariei dagokienez, egutegiaren azalerako argazkiaren egileak 600 euro irabaziko ditu, eta egutegiko hilabete bakoitzeko argazkien egile bakoitzari 200 euro emango dizkiete.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!