Tolosa CF mendeurrena

Zazpigarrenez antolatu dute Urtzi Gurrutxagaren Oroimenezkoa

Imanol Garcia Landa 2022ko eka. 1a, 11:59

Txapelketan parte hartuko duten Tolosa CF-ko zenbait jokalari eta Francisco Valor antolakuntza taldeko kidea.

Bi urtez jokatu gabe egon ondoren, berriro ere antolatu du Tolosa CF-k Urtzi Gurrutxagaren Oroimenezko Txapelketa. Zazpigarren edizioa izango da, ekainaren 11n jokatuko da eta bertan hamasei futbol taldek parte hartuko dute, horietatik hiru Tolosa CF-koak. 

Mutilen alebinetako bigarren urteko taldeak izango dira parte hartuko dutenak. Reala, Zarautz, Hondarribia, Beasain, Hernani, Danena, Intxurre, Baskonia, Billabona, Añorga, Lazkao, Ostadar eta Martutene dira gonbidatu dituzten taldeak, eta etxeko klubak hiru talde izango ditu: Tolosa CF,  Tolosana eta Urdiña Txiki. Aurten klubaren mendeurrena ospatuko dute, eta Tolosa CF sortzerakoan elkartu ziren taldeen izenak erabili dituzte.  

Torneoa 09:30ean hasiko da eta goiz eta arratsaldez iraungo du, eta final nagusia 18:00ak inguruan izango dela aurreikusten dute. Berazubi zelaia bitan banatuko da, eta partidak bata bestearen atzetik jokatuko dira. Lau multzotan daude banatuta taldeak, eta multzo bakoitzeko lehen bi taldeak torneoa irabazteko fasean sartuko dira. Multzoko hirugarrena eta laugarrena kontsolazio txapelketan jarraituko dute. Bukaeran torneoko lehenengo lau taldeei zein kontsolazioko lehenengo biei sariak banatuko zaizkie. Bestalde, banakako hiru sari banatuko dira: gol gutxien jaso dituen atezaina, gol gehien sartu dituen jokalaria eta jokalari nabarmenena. 

Talde bakoitzak, beraz, gutxienez lau partida jokatuko ditu: goizean jokatuko dituen multzoko hiru partidak, eta arratsaldean hasiko diren kanporaketako bat. Eguerdian talde guztietako partaideek batera bazkalduko dute Berazubin bertan. Jokalari guztiek torneoko kamiseta izango dute opari. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!