Bazterkeria egoeran daudenentzat arreta zerbitzua hobetuko du udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko eka. 1a, 07:59

Abegin gaueko eta eguneko arreta eskaintzeko zerbitzu publikoaren oinarriak onartu ditu udalbatzak osoko bilkuran; egunez hamabost eta gauez zortzi plaza eskainiko dituzte.

1986az geroztik, etxerik gabeko arreta zerbitzua ematen ari da Abegi Tolosan, boluntario talde baten eskutik. 2015ean, Gizarte Zerbitzuen Mapa eguneratzean, zerbitzua udal eskumenekoa izatera pasa zen. Azken urteetan, zerbitzua osatu eta profesionalizatu dute; aldi berean, eraikinak oinarrizko baldintzak bete ditzan obra proiektua egin dute eta eraikinaren doako lagapenerako negoziaketak egin dituzte gotzaitegiarekin. Hitzarmena sinatzear da, obra lizitazioa martxan da eta zerbitzua osatuta, datozen hilabeteetan ekingo zaie eraikinaren egokitzapen lanei.

Maiatzeko osoko bilkuran, bazterkeria egoeran daudenentzat gaueko eta eguneko arreta zerbitzu publikoa sortzea onartu zuen aho batez udalbatzak. Oinarrizko beharrei erantzuteko arreta eskaintzea da helburua. «Paradigma aldaketa bat emango da, zerbitzua profesionalizatu egingo delako, zerbitzu integrala eskaintzeko helburuarekin», adierazi zuen Olatz Peon alkateak. Kristina Pelaez EH Bilduko zinegotziak salatu zuen, udalaren eskumena izanda ere, zerbitzua «zeharka» emango dela: «Enpresa pribatu bat kontratatuko da kudeaketarako. Zerbitzua merkeagoa da, baina langileen soldaten kontura».

Egunez eta gauez eskainiko dute zerbitzua eta eraikinaren kudeaketa profesionalen esku egongo da. Egunez, jateko eta garbiketarako erabiltzaileen oinarrizko beharrak aseko dituzte; kalean egon ordez, beste leku batean egoteko eta harreman sozialak izateko aukera eskainiko dute. Bestetik, gaua igarotzeko lekua eskainiko da. Egunez, hamabost plaza eskainiko dituzte; gauez, berriz, zortzi. Boluntarioen jarraipena ere bermatu dute, profesionalen gidaritzapean.

Kreditu aldaketak

Halaber, modalitate ezberdinetako bi kreditu aldaketa onartu zituzten eta beste bi kreditu aldaketen berri eman zuten. Guztira, bi milioi euroko kreditu aldaketak izango dira, batez ere, hirigintza lan eta proiektuetarako. «Ziurgabetasun ekonomiko, sozial eta sanitarioa tarteko, eskuartean genituen proiektuei mailegurik eskatu gabe aurre egiteko aukera izan dugu», nabarmendu zuen Begoña Tolosa udal gobernuko zinegotziak.

Bestetik, iazko aurrekontuaren likidazioaren berri ere eman zuten. 2021ean, 27 milioi eurokoa izan zen behin-behineko aurrekontua; behin betikoa, aldiz, ia 35 milioi eurokoa, eta gastuen exekuzio maila, %74koa. Bi milioi euro eta erdikoa izan da azken emaitza, eta diruzaintzako gerakina, 17 milio eurotik gorakoa. Emaitza «positiboa» izan dela azaldu zuen Tolosak: «Onartutako eskubideekin, onartutako obligazioei aurre egiteko gai izan gara, eta udalaren egoera finantzarioa oso ona da».

Egindako hainbat kreditu aldaketen harira, 2020-2022 Tolosako Udalaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatzea eta diru laguntzen eranskinean ondorengo aldaketak txertatzea onartu zen: Lumen ikuskizuna babesteko Tolosako Ekinbide Etxeari diru laguntza, Boiserako bidaia finantzatzeko Udaberri Dantza Taldeari diru laguntza, zaintzaileen formaziorako Inmakulada Ikastetxeari diru laguntza eta Uemaren urteko kuota ordaintzeko gehikuntza. Era berean, datorren ikasturteko prezio publikoak ere onartu zituzten aho batez. Gauzak horrela, %2,5eko igoera izango dute musika eskolako, euskaltegiko eta kultur ikastaroetako prezioek, irailean onartutako ordenantza fiskalen igoera bera aplikatuz.

Emeterio Arrese Zentro Sozio-kulturaleko tabernako prezioen eguneraketa eta Usabal kiroldegiko kudeaketa kontratuaren 2021. urteko ustiapen kontuko kanon aldagaiaren likidazioa ere onartu zituen udalbatzak. Azken horren kasuan, kanon aldagaiaren likidazioa %35ekoa izango da. Hortaz, 6.757,90 euro dagozkio Kirolzer enpresari, eta gainerako %65 (12.550 euro) udalari ordaindu beharko dio enpresak, 2021eko kanon aldakor gisa.

Ordenantza berria

Azken hilabeteetan hainbat egokitzapen egin ondoren, bilkuran aho batez onartu zuten gobernantza, parte hartze eta gardentasun ordenantzaren behin betiko dokumentua. «Ordenantza berritzailea da, partaidetzaz harago, gardentasuna eta komunitatearen garapena jorratzen dituelako, herritarren trebakuntzan eta formakuntzan, eta berdintasunean azpimarra jarriz. Gaurko urratsa benetan garrantzitsua da, tresna honek partaidetzaren kultura Tolosan errotzen eta sendotzen lagunduko duelako», azpimarratu zuen Joseba Ormazabal udal gobernuko zinegotziak. Gai honetan nahiz likidazioaren puntuan, oposizioko zinegotziek «gardentasun handiagoa» eskatu zioten udal gobernuari, eta udalbatzari ez ezik, tolosar guztiei informazioa zabaltzea eskatu zieten.

Haurren proposamenak

Haurren Hiria egitasmoaren baitan, herriko azpiegiturak aztertu eta horien inguruko proposamenak landu dituzte ikasturte honetan herriko hiru ikastetxeetako ikasleek. Azken bilkuran, udaletxeko pleno aretoan aurkeztu zituzten ikasturtean zehar landutako proposamenak, udalbatzako zinegotzien aurrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!