Aniztasunaren gala, Topic-en

Ataria 2022ko ekainaren 1a

Oiasso, Topic eta Txillida Leku museoek elkarlanean antolatuta, Aniztasunaren Gala egingo dute; Tolosaren kasuan, larunbat arratsaldean izango da; arteak ez duela mugarik erakutsiko dute.

Topic, Oiasso eta Txillida Leku museoek aurten ere bat egin dute Aniztasunaren Gala ospatzeko. Ostiralean Irungo museoan egingo dute, larunbatean 19:00etan hasita Tolosakoan, eta igande eguerdian egingo dute Txillida Lekun.

Musika eta dantza-emanaldiez osatutako ikuskizuna izango da, eta azaldu dutenez, arteak ez duela mugarik erakutsiko dute eta museoek etorkizun zuzen eta jasangarria eraikitzeko duten balioa berresteko aukera emango du emanaldiak.

Iñaki Salvador, Jakes Txapartegi, Simon Ezquiaga, Ezezagunok antzerki-konpainia, Garagune antzerki taldea eta Verdini Dantza Taldeko kideak izango dira Aniztasunaren Galan taula gainean, eta Emma Larretak aurkeztuko du.

«Musika, dantza eta antzerki-festa bat sormenari hainbat arlotatik lekua emateko»; horrela definitu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatu duten ekimena, eta herritar oro gonbidatu dute, «artista horien gaitasun handiaz parte hartu, partekatu eta gozatzeko». Ekimen honetan parte hartzen duten hiru museoek, Oiasso museoak, Topic-ek eta Txillida Lekuk «sortzaile horiek euren desgaitasunetatik egiten duten lanari» babesa eman nahi dietela egiten adierazi dute.

Galarako sarrera bakoitza bost euro ordaindu beharko da, eta informazio gehiago nahi duenak Topic.eus helbidera jo ahalko du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!