Eliker Kalitatezko Elikaduaren Zentroa Tolosan kokatuko da

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 31a, 17:51

Oriaburu eraikinean lekutuko dute, eta Tolosa nahiz Tolosaldea etorkizuneko elikaduraren erdigunean kokatzea izango du helburu.

Etorkizuneko elikadura ardatz duen proiektu ekintzailea zein digitala da Eliker Kalitatezko Elikaduraren Zentroa. Horrela definitu dute proiektua elkarlanean sustatu duten Eusko Jaurlaritzak eta Tolosako Udalak. Elikadura-industriaren garapena du helburu eta elikaduraren balio katearen eragile desberdinekin elkarlanean eramango dela aurrera azaldu dute. Tolosan izango du egoitza, Oriaburu eraikinean, eta Tolosa etorkizuneko elikaduraren inguruko erreferentziazko gune bilakatzea da asmoa.

Olatz Peon Tolosako alkateak esan du gaur egungo gizartean "garrantzi handiko erronkak" direla elikadura katearen etorkizuneko garapena eta elikagaien ekoizpen jasangarria. Bada, erronka horiei erantzuteko sortu da Eliker, "Tolosako eta eskualdeko elikadura katearen eragile desberdinekin elkarlanean, enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta proiektu jasangarriak garatzeko".

Izan ere, alkatearen arabera, jarduera ekonomikoa bultzatzeko eta industriaren garapena bermatzeko ekimen berriak abiaraztea ezinbestekoa da, eta "ekimen horiek gure ekosistemarekin, gure izaerarekin edota gure paisaiarekin bat egiten badute are garrantzitsuak izango dira". Tolosak eta Tolosaldeak ekosistema "indartsua" dutela nabarmendu du, sare eta ehun "sendoa" elikaduraren bueltan: "lehen sektorea, azokak, merkataritza, ostalaritza, elikagaien industria... 100 enpresatik gora ditugu eta zuzeneko 1890 lanpostu sortzen dituzte".

Hain zuzen indarguneetako bat hori duela Tolosak nahiz eskualdeak esan du, eta errealitate horrekin elikadura kate osoa sustatu eta indartzera datorrela proiektua; "tradizio handiko esparruetan berritasun bideak jorratzeko eta horien garapenean bidelagun izateko, behar desberdinak landuz eta proiektu desberdinak aktibatuz, azokari, gastronomiari eta industriari lotuta, kalitatean jarriz azpimarra".

Xarles Iturbe Tolosako Udaleko Garapen Ekonomikoko, Merkataritza, Azoka eta Turismo saileko zinegotziak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak egindako diagnostiko batean du abiapuntua Elikerrek. Elikaduraren balio katearen eragileekin batera egin dute, haien beharrak eta erronkak aztertuz, eta proiektu berriarekin erronka eta behar horiei erantzun nahi zaie". "Enpresen lehiakortasuna hobetu nahi da eta proiektu jasangarriak sustatu, eta horretarako, ekosistema hori estimulatu, batu, indartu eta koordinatuko duen proiektua behar da, elikadura katea lankidetzan jarriko duena, Tolosa gastronomiaren hiriburu bilakatzeko".  

Elikerrek bi zutabe nagusi izango ditu: batetik, elikadura industriaren elkarlanaren estimulazioa eta bestetik, merkaturatzea. Bi zutabe horietatik abiatuta, Kalitatezko Elikaduraren zentroak 5 lan lerro nagusi izango ditu elikadura-industriaren garapenerako: industria jarduerak, formakuntza, digitalizazioa, ekintzailetza eta berrikuntza, besteak beste, zerbitzu lerro berriak eta sinergiak sortu, sektorearen profesionalizazioa bultzatu, ekoizpen prozesuak egokitu, salmenta bide berriak jorratu edota enpresa berrien sorrera  sustatzeko.

Imanol Zubelzu izango da Eliker proiektuaren koordinatzailea, eta esan du Eliker ez dela beste erakunde bat, "gaur egun ditugun elkarte, erakunde eta garapen agentziak edota elikadura kateko aktibo desberdinen arteko zubi berri bat" baizik. Lehendabiziko urtean burutu asmo duten ekintza planak bi ardatz nagusi dituela zehaztu du, sektorearen garapen jasangarrian bidelagun bilakatzea eta merkaturatze aukera berriak lantzea. Horretarako, eskualdeko enpresen saretze lana egingo dute, elikadura katea sustatuko dute proiektu kolaboratibo ekintzaileen bitartez, gozogintza sektorea indartzeko etorkizuneko gozoen inguruko gida eta jardunaldiak egingo dituzte, elikadura katearen topaketa ekitaldia egingo dute eta packaging molde berriak sustatuko dituzte.

Era berean, Tolosan egiten diren azoka bereziak indartu egingo dituztela adierazi du Zubelzuk, eta Haragi, Goxua edota Babarrunaren azokari esnekien inguruko topaketa eta azoka gehituko zaio. Halaber, bertako produktuen promoziorako, urteko hamar larunbatetan tokiko produktu desberdinen promozio jarduerak egingo dituzte larunbateroko azokan, promozio eta salmenta gune desberdinak aktibatuz, eta Azoka Lagunak proiektu estrategikoaren sustapenean ere bidelagun izango dela Eliker esan du proiektuaren koordinatzaileak.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako Sailburuak elikadurari lotutako proiektuari berrikuntza, teknologia eta ikerketa lotu nahi dizkiotela esan du; "Euskadi digital, berde eta inklusiboa egin nahi dugularik elikaduraren sektorea erronka eta aukera bezala ikusten dugu, eta elikadura osasunarekin lotzen badugu, are gehiago", esan du. "Sukaldaritzan eta gastronomian erreferente gara, baina jarraitu behar dugu lanean mundu mailan ahalik eta hobekien kokatu ahal izateko". Horretarako, Eliker bezalako aukera berriak baliatu behar direla adierazi du, elkarlanean, "gizarte honek dituen erronkei elkarrekin egin behar baitiegu aurre".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!