Postal Kolekzionistak taldeak 'Hotz emozionala' kantuaren bideoklipa aurkeztu du

Ataria 2022ko mai. 31a, 18:59

Korima Films ekoiztetxeak ekoitzi eta Iñigo Asensio taldeko musikariak zuzendu du Oihana Maritorena aktore eta dantzaria protagonista duen lana. 

Urtebete da Postal Kolekzionistak talde tolosarrak bere bigarren estudioko lana kaleratu zuela (Bagoi Hutsak, autoekoizpena), eta Kafea Zor Didazu lehen single-aren ondoren bideoklipari oinarri eman dion bigarren abestia kaleratu du: Hotz Emozionala.

Taldeko abeslari, kantuen sortzaile eta bideokliparen zuzendari Iñigo Asensiok, ikus-entzunezkoa osatzeko «abesti egokia» zela sentitu zuen: «Nolabait ideiak berak bultzatu du abestia hau izatea, eta ez alderantziz». Aspaldiko bidelaguna hautatu du taldeak bideoaren protagonista izateko, euren zuzenekotan ere dantzatu izan duen Oihana Maritorenak gorpuztu baitu pertsonaia nagusi hori. «Urte asko dira Oihana eta biok elkar ezagutzen dugula eta gustuko dut dantza eta interpretazio dualitate horretan lortzen duena. Kantua ere ondo ezagutzen zuen, baita musikalki kontatu nahi izan nuena, eta beste espazio narratibo batzuetara heltzen saiatu gara bideokliparen bidez», esan du Asensiok.

Artea eta sorkuntza bera minarekin kontrajarri nahi izan ditu Asensiok bideoan, eta min eta hotz horri baretasuna eta beroa eman. «Haustura baten biharamunean kokatzen da kantua, eta kantu pertsonala da oso. Musikariontzat abestiak egitea katartikoa den bezala, esango nuke bideoaren protagonistarentzat dantza egitea ere badela lasaitzailea, eta horren bila abiatzen da. Inguru industrial eta hotzean topo egin dute taldeak zuzenean jotzen eta Maritorenak berak dantzan, minari aurre egiteko asmotan, eta soplete baten argia min horren aurkako helduleku bihurtzeko. Orbainak sortzen dabil norbait industria giro hotz eta aldi berean bero horretan», azaldu du tolosarrak.

Tolosan bertan grabatu dute, Asensioren etxean eta Ulinox galdara-fabrikan. Asensiorekin batera, Iñaki Gereñu izan da argazki zuzendaritza lanetan eta dron kameraren kontrolean, Idoia Davila kameralari eta edizio lanetan eta Goiuri Eceiza arte zuzendaritzan. «Oso elkarlanetik eta lagunen artean osatu dugu dena, Iñakirekin ere asko bidaiatu dut azken hilabeteetan atzerrira, eta berak bota zidan dronaren proposamena. Azkenean, uste baino ardura handiagoa hartu du». Molatu Produkzioak enpresa ere bidelagun izan du argiztapenean, Juankar Oyanluzek bandarentzako egindako argi diseinuarekin, eta beste hamaika lagun izan dira grabaketan babesa ematen.

Postal Kolekzionistak dagoeneko hirugarren diskoaren sorkuntza fasean da, eta hurrengo kontzertuetan joango da pixkanaka abesti berriak frogatzen. Hitzordurik hurbilena uztailaren 9an dute, Lizarra Kanpinean.

Hotz Emozionala bideokliparen kredituak:
  • Aktorea eta dantzaria: Oihana Maritorena.
  • Zuzendaria: Iñigo Asensio.
  • Argazki zuzendaria eta dron operadorea: Iñaki Gereñu.
  • Kamera operadorea eta editorea: Idoia Davila.
  • Arte zuzendaria: Goiuri Eceiza.
  • Argiztapena: Molatu Produkzioak.
  • Bandaren argi diseinua: Juankar Oyanluce.
  • Elektrikoak: Jon Ander Larrañaga, Isitxo Larrañaga, Neka del Villar eta Xabier Otamendi.
  • Soldatzailea: Victor Morreira.
  • Esker bereziak: Ulinox, Joseba Ruiz eta Tristan Crowley.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!