Kerik gabeko gunea izango da Lizardi plaza

Ataria 2022ko mai. 30a, 14:16

Iaz argazki lehiaketa egin zuten.

Bihar izango da Kerik Gabeko Eguna, eta hainbat jarduera egingo dituzte Lizardi plazan.

Tabakorik gabeko mundu mailako egunaren harira, Tolosa kerik gabeko herria izateko lanean jarraitzen du Udalak. Hala, bihar, Lizardi plaza tabakorik gabeko gune izendatuko dute, eta hainbat jarduera burutuko dituzte bertan.

Tolosaldea kerik eta zigarrokinik gabe proiektua nerabeen prebentzio komunitario mahaian parte hartzen duten hainbat erakunderen elkarlanetik sortu zela duela zortzi urte gogoratu dute udaletik: Tolosako Udala, Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkartea, Tolosaldeko ESI, eta Tolosaldea-Goierriko Osasun Saileko kideen elkarlanetik, zehazki. 

Hala, Lizardi plaza tabakorik gabeko gune izendatuko dute bihar, eta, beraz, eremu hori kerik gabeko gune izatea sustatuko dute hemendik aurrera. Horrekin batera, Tolosako Udalaren eskutik, bihar Eskolapioak eta Laskorain ikastetxeetako DBHko ikasleek bi jarduera gauzatuko dituzte bertan: Ingurugiro eskolarekin elkarlanean egingo dute Zigarrokinik gabe ekintza, eta ondoren klown emanaldia ikusteko aukera izango dute Intujai taldearen eskutik. 

Era berean, goizean zehar, 10:30etik 13:30era bitartean, Osakidetzak eta Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteak mahai informatiboak jarriko dituzte Lizardi plazan, tabakoak eta keak eragiten dituen ondorioen inguruan informazioa banatzeko. 

Kerik Gabeko Herria

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak bultzatutako Kerik Gabeko Herriak egitasmoarekin bat egin du Tolosako Udalak. Eusko Jaurlaritzaren arabera, “orain hainbat urte onartutako legeriak eraginda, barrualdeetan tabakoaren kontsumoa ia erabat desagertu da, baina ohitura normalizatutzat jotzen da oraindik ere kanpoan erretzea”. Hori dela eta, Kerik Gabeko Herriak egitasmoarekin kerik gabeko espazio gehiago sortzea da helburua, “eremu horietan ez erretzea ohikoena izan dadin, batetik, biztanlegoaren osasuna eta ingurumenaren kalitatea hobetzeko, eta bestetik, espazio horiek atseginagoak eta erakargarriagoak izan daitezen”.  

Hala, Kerik Gabeko Euskadiko Sare bat sortzea da proiektuaren helburua. Horren baitan, egitasmoan parte hartuko duten herrietako erakundeek espazioak proposatu eta mugatu dituzte, bertan ez erretzea gomendatuz. Aipatu bezala, Tolosaren kasuan Lizardi plaza izango da. Hori hala dela adierazten panelak ere jarriko dira bertan. 
Kerik Gabeko Herria egitasmoak honako helburuak betetzea du xede: erretzaileak ez diren pertsonak babestea, tabakoaren eta nikotinaren kontsumoa desnormalizatzea, zigarro puntak ez izatea aire zabaleko inguruneetako objektu kutsatzaile ohikoenak, kerik gabeko gune izendatu diren espazioak osasunarekin eta ongizatearekin bateragarri izatea, espazio publiko atseginak eta osasungarriak sortuz. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!