Bigarren B Mailarako igoera fasea jokatuko du Laskorainek

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko mai. 30a, 14:59

Areto futboleko Hirugarren Mailan jokatzen ari da Tolosako taldea, eta azken jardunaldia falta bada ere, jada ziurtatua du sailkapeneko bigarren postua.

Areto futboleko Laskorain KE taldeak, Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailarako igoera fasea jokatuko du. Liga amaitzeko partida bat geratzen den arren, edozein emaitza lortuta ere, bigarren amaituko du Tolosako taldeak. Hala ere, zapore gozoarekin bukatu nahi dute liga, eta horretarako, hamargarren postuan dagoen Batzarre taldeari irabazten saiatuko dira. Larunbatean jokatuko dute, 18:30ean hasita, Gasteizko Abetxuko kiroldegian.

Asteburu honetan, etxean jokatu dute tolosarrek, seigarren postuan dagoen Gora talde bilbotarraren aurka. Azkenean, binako berdinketarekin amaitu zen partida. Azken jardunaldian gertatzen dena gertatzen dela ere, Laskorainek Antiguoko KE taldearen aurka jokatuko du igoera faseko finalerdia. Hirugarren sailkatuko dira donostiarrak, eta sailkapenean aurretik geratzeagatik, etxean jokatuko dute tolosarrek. Usabal kiroldegian izango da partida, ekainaren 11n; norgehiagokaren ordua zehazteko dago oraindik.

Beste finalerdian, Pasai Antxoko Afantxo Pescados Ferreres taldeak etxean jokatuko du. Oraindik ez dakite zein izango den aurkaria. Laugarren posturako lehia estua izaten ari dira Eskoriatza eta Mondrate taldeak. Eskoriatzarrek bi puntuko aldea dute, eta gainera, elkarren aurka jokatuko dute, larunbatean, Arrasaten; Debagoienako taldeen arteko partidan erabakiko da, beraz, igoera fasera sailkatuko den azken taldea. Behin bi finalerdiak jokatu ondoren, irabazleek, ekainaren 18an jokatuko dute igoera faseko finala. Talde bakarrak lortuko du Bigarren B Mailara igotzea.

Tolosalak, etxean

Laskorain ez da Hirugarren Mailan lehiatzen ari den eskualdeko talde bakarra; Tolosala AFKE ere liga horretan dago. Pasa den asteburuan, 7-2 galdu zuten tolosarrek, Kukuyaga Etxebarri talde bizkaitarraren aurka. Hala ere, ezer jokatu beharrik gabe aterako dira kantxara azken jardunaldian; presiorik gabe jokatuko dute. Hamaikagarren daude sailkapenean, eta zazpigarrena den Aurrera de Vitoria Futsal taldearen aurka jokatuko dute, larunbatean, Tolosako Uzturpe frontoian. 16:00etan hasiko da partida, eta arabarrek ere ez dute aukerarik igoera faseko postuetan amaitzeko. Beraz, liga garaipen batekin amaitzea izango da bi taldeen helburua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!