Argazki galeria

Musikaz girotzen ari dira herria

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko mai. 28a, 16:17

Musikherria eguna ari dira ospatzen gaur Tolosan. Goizean, kalejirak eta emanaldiak egin dituzte bertako nahiz inguruko musika talde desberdinek; arratsaldean jarraituko du festak, eta gauean, kontzertuak izango dira Plaza Berrian.

Musikherria egitasmoaren zortzigarren aldia ospatzen ari dira gaur, Tolosan. Urtez urte errotuz joan den festa bat da, eta gero eta parte hartzaile gehiago batzen dira ospakizunera; horren erakusgarri, hogei talde baino gehiago ari dira parte hartzen aurtengo edizioan. Egitarau mardula prestatu zuten, eta era guztietako musika emanaldiak ari dira izaten egun osoan herriko zenbait gunetan. Goizean, kalejirak eta emanaldiak egin dituzte bertako nahiz inguruko musika talde desberdinek; arratsaldean jarraituko du festak, eta gauean, kontzertuak izango dira Plaza Berrian.

Herri musikaria da Tolosa, baina aurten ere, kaleko musikan egin dute azpimarra antolatzaileek. Talde asko daude herrian, eta kalera ateratzeko ohitura izaten dute asteburu askotan. Gaur ere kalea hartu dute, eta herrigunera ez ezik, Larramendi, Amarotz, Izaskun eta San Esteban auzoetara ere zabaldu dute festa, goizeko lehen orduetan. Eguerditik aurrera, Alde Zaharreko kale eta plazetan aritu dira musika taldeak; ondoren, bazkaria egin dute Zerkausian.

Izatez, herriko kaleak musikaz girotzeko eta alaitzeko ekitaldi bat da Musikherria, baina Tolosako musikarien eta artisten lana ikusarazteko ere balio du. Ekimen honek aukera ematen die musikariei egiten duten ekarpena aintzat hartzeko eta elkarri aitortza egiteko. Aurkezpenean esan zuten bezala, "musika ez da botoi bat sakatu eta automatikoki sortzen den gauza bat. Egunero-egunero ikasi beharra dago. Gure lanak sakrifizio handia eskatzen du, eta Musikherrian balioa ematen zaio isilpeko lan horri”.

Arratsaldean jarraituko du festak, eta, horretarako, aurretik ere Tolosan izandakoa den Les Incognitos taldea gonbidatu dute (18:00). Reggae, rock eta ska musika lantzen du Frantziako talde horrek, eta kalez kale ibiliko dira Alde Zaharrean. 22:30ean, berriz, Plaza Berrian, Aldapeko Basque Latin Jazz taldea ariko da, eta, gauerditik aurrera, Laiotz taldearekin erromeria egingo dute jaiaren amaiera gisa.

Ondorengo orduetako egitaraua:
  • 18:00. Alde Zaharreko kaleetan zehar Les Incognitos.
  • 22:30. Plaza Berrian Aldapeko Basque Latin Jazz taldearen emanaldia.
  • 00:00. Laiotz taldearekin erromeria Plaza Berrian.
Erlazionatuak

Gogoaren baitan, akordeoi doinuz

Josu Artutxa Dorronsoro 2022 mai 28 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!