Iñaki Peña medikuak doluari buruzko hitzaldia eskainiko du Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 27a, 15:56

Ekainaren 3an, ostirala, izango da saioa, kultur etxeko areto nagusian, 18:30ean hasita; Debagoienako ospitaleko medikuak 'Oreka zaila' izeneko hitzaldia eskainiko du.

Bihotzetik Elkarrekin Eraiki elkarteak antolatuta, doluari buruzko saioa izango da ostiralean, ekainak 3, Tolosako kultur etxeko areto nagusian. 18:30ean hasita, Iñaki Peña Debagoienako ospitaleko zainketa aringarrietako medikuak Oreka zaila izeneko hitzaldia eskainiko du. Tolosaldeko elkarteak, Gipuzkoako gainerako eskualdeetako talde gehiagorekin elkarlanean, heriotzari buruz hausnartzeko 42 saio desberdin egiten ari da Donostian, Orion, Zarautzen, Elgoibarren eta Tolosan, eta eskualdeko herri nagusian, ostiralekoa izango da hurrengo hitzordua. Sarrera doan bada ere, beharrezkoa da aurrez izena ematea, Bihotzetik.org webgunean edo 656 748 391 telefono zenbakira WhatsApp mezua bidaliz.

Debagoienako ospitaleko zainketa aringarrietako medikua izateaz gain, 2018az geroztik, Zarautz, herri zaintzailea mugimenduko sortzaile eta kide da. Gainera, doluari buruz egin diren ondorengo hiru dokumentaletako zuzendari eta gidoilaria da: Aulki hutsak (2013), S(u/a)minetik bakera (2017) eta Mendian hil, hirian hil (2020).

Hurrengo hitzorduak
  • Ekainak 17, ostirala
    • 18:00. Zine foruma, kultur etxean, elebitan: Mendian hil, herrian hil filma.
  • Ekainak 21, asteartea
    • 18:30. Bizitzen ikastea, hiltzen ikastea - Aprender a vivir, aprender a morir solasaldi informatiboa, gaztelaniaz, kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!