Txotxongiloak birtualki ikusteko aukera, Topic-en webgune berrian

Ataria 2022ko maiatzaren 27a

Tolosako Topic museoak webgune berria estreinatu du; museora bisita gidatua egiteko aukera da eskaintza nagusia: 103 txotxongilo ikusi daitezke, hiru dimentsioetan eta 360 graduko argazki interaktiboekin.

Webgune berria estreinatu du Tolosako Topic museoak, Chroma estudio enpresaren laguntzaz. Ondarearen digitalizazioan espezializatutako Emovere enpresaren eskutik, bisita birtual berritzaile bat egin du txotxongiloen nazioarteko zentroak. Talde honek, Topic 360º Museoa sortu du: Murgiltze-teknologiko berrienak konbinatuz, 103 txotxongilo sartu dituzte bisita birtualean, 360 gradutan eta bereizmen handian argazkiak aterata. "3D multimedia esperientzia interaktibo honek, Topic museoan sartuko gaitu, kolorez eta txotxongiloz betetako munduko txoko guztietako erakusketa zoragarriak ezagutzeko”, esan du Emoeveko kide den Uxue Monterok.

Murgiltze-bisita digitalaren abiapuntua aireko geolokalizazioa da, museoaren barrura sartzeko. Lau hizkuntzatan dagoen edozein gailu adimentsutik azter daiteke. Emoverek sortutako software baten bidez, txotxongiloak biratu eta handitu daitezke, angelu guztietatik ikusteko eta xehetasunetara hurbiltzeko, bisita birtuala utzi beharrik gabe. Beste elementu berritzaile bat txotxongilo bakoitzak bere storytelling edo deskribapena izatea da; txotxongiloen jatorria, teknika eta ezaugarriak azaltzen ditu.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!