69 lanposturen hautaketa prozesuen deialdiak egingo ditu Tolosako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 26a, 17:05

21 oposizio-lehiaketa bidez izango dira, eta beste 48 lehiaketa bitartez; aldi baterako enplegua egonkortzea dute helburu.

Giza baliabideen "hobekuntza, modernizazioa eta arrazionalizazioa sustatzeko" eraldaketa prozesuan murgilduta dago Tolosako Udala. Prozesu horren barruan, giza baliabideen arrazionalizazio plana onartzeaz gain, lanpostuen balorazio eta udal organigrama berria onartzear ditu udalak. Eta prozesuarekin amaitzeko, aldi baterako enplegua egonkortzeko hainbat hautaketa prozesu gauzatuko ditu.

2022ko Lan Eskaintza Publikoaren bitartez,  enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murriztuko dela eta aldi baterako enplegua egonkortu egingo dela Udaleko plantillan esan dute. Honela, 2022ko ohiko Lan Eskaintzan 8 plaza oposizio-lehiaketa bitartez beteko dira, eta ezohiko Lan Eskaintzaren bitartez, 4 plaza oposizio-lehiaketa bitartez, baita ere, eta beste 48 lehiaketa bitartez.

Ez da hori Lan Eskaintza Publiko bakarra izango. Udalak 2019an eta 2020an onartu zituen ohiko Lan Eskaintza Publikoen hautaketa prozesuak gauzatuko ditu baita ere. Bertan, beste 9 lanpostu eskainiko dira, denak txanda librean, alegia, oposizio-lehiaketaren bitartez.

Beraz, guztira, 69 lanposturen hautaketa prozesuen deialdiak egingo dira, 21 oposizio-lehiaketa bitartez eta beste 48 lehiaketa bitartez. Datozen hilabetetan emango dituzte ezohiko Lan Eskaintza Publikoan sartzen diren plazen deialdi eta oinarrien inguruko xehetasunak.

Xabier Balerdi, pertsonal saileko arduradunak azaldu du “legeak xedatutakoaren arabera, aldi baterako enplegu tasa murrizteko helburuarekin garatu dela 2022ko Lan Eskaintza Publikoa; momentu honetan, soilik, plazak zehaztu eta onartu ditugu, orain ekingo diogu plaza bakoitzaren oinarriak lantzeari”. “Erabat ezohikoa den prozesu oso konplexu baten aurrean gaude; aldaketa ugari eragin ditzake udaletxean eta pertsona askorengan du eragina, horregatik da hain gai delikatua”.

Iazko abenduan onartu zen 20/2021 Legeak ezarritakoaren arabera, ekainaren 1a baino lehen zehaztu behar zituen administrazio bakoitzak egonkortze prozesu horretan eskainiko zituen plazen kopurua. Dagoeneko hori, egina dago Tolosako Udalean eta argitaratuta dago GAOn (Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean). Hemendik aurrera, abenduak 31 baino lehen, 2022ko ezohiko Lan Eskaintza Publikoan sartutako plaza horiek betetzeko hautaketa-prozesuen oinarriak landu eta zehaztuko dira eta deialdiak argitaratu; era berean, ezohiko Lan Eskaintza Publiko horretan sartutako plazen hautaketa-prozesuak 2024ko abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko ditu Udalak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!