270 ikaslek hartuko dute parte mugikortasun tailerretan

Ataria 2022ko maiatzaren 26a

Aste honetan hasi dira udaltzainak tailerrak ematen, eta ikasturtea amaitu bitarte emango dituzte.

Tolosako udaltzainak mugikortasun arauak lantzen ari dira egun hauetan udalerriko LH6ko 270 ikasle ingururekin. Bizikletaz edo patinetez, oinezkoa errespetatu beti! lelopean landu zituzten Tolosako LH6ko ikasleek mugikortasun arauak, 2021eko iraileko mugikortasun astearen baitan. Orduan ezin izan ziren gauzatu urtero udaltzainekin egiten diren tailer praktikoak, eta orain ari dira egiten, ikasturtea amaitu baino lehen.

Hain justu, gaur izan da lehen saioa Herrikide ikastetxeko ikasleekin, eta bihar beste bat egingo dute Laskorain ikastolakoekin. Samaniego ikastetxearekin ekainean egingo dute saioa. Ordubete inguru irauten du tailerrak, eta  udaltzainen gidaritzapean, Tolosan zehar ibilbidea egiten dute bizikletaz, eta kaleetatik mugitzeko jokabide egokiak lantzen dira, hala nola, taldean nola jokatu eta zebrabideetan nola jokatu behar den.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!