Elkarrizketa

«Niretzako amets bat da, izugarria da lehen mailan jokatzea»

Imanol Garcia Landa 2022ko mai. 25a, 19:59
Argazkia: SANTI MOLINA

Orain urtebete inork Haitz Gorostidiri Asobal Ligan jokatuko zuela esan izan balio, ez zion sinetsiko, eta gaur egun oraindik asimilatzen ari da lortutakoa. Guadalajara taldearekin lortu du igoera eskubaloi jokalari tolosarrak.

Urruti ikusi izan du betidanik Haitz Gorostidik (Tolosa, 2001) Asobal Ligan, eskubaloiaren lehen mailan, jokatzea. Baina amets hori lortu du Guadalajara taldearekin, igoera lortuz. Gainera, taldearekin bi urterako hitzarmena sinatu du. Asobal Ligan jokatzen duen Tolosaldeko lehen jokalaria izango da.

Asobal Ligara igo zara Guadalajararekin. Zer suposatzen du zuretzat?

Aste bat baino gehiago pasa da, baina oraindik asimilatzen jarraitzen dut. Ez da berez helburu bat izan niretzako Asobal ligan jokatzea, oso urruti ikusi dudalako beti. Bai nahi izan dudala eskubaloian ahal den urrutien iristea edo ahal den esperientzia gehienak bizitzea, niretzako beti izan delako oso garrantzitsua, baina orain dela urtebete bigarren B mailan nengoen jokatzen, eta inork esan izan balit urtebete beranduago Asobal Ligan egongo nintzela, erotuta dagoela esango nioke. Beraz, oraindik sinistu gabe.

Eta taldearentzat?

Asobal Ligatik jaitsi ondoren, hamar baja izan zituzten. Bi edo hiru urtera begirako proiektu bat egin zuten, jokalari gazteekin, baina oso ondo ulertu dugu elkar, bai jokatzen eta baita kantxatik kanpo ere, eta igoera lortzea tokatu da. Hiriarentzako eta klubarentzako oso garrantzitsua izan da, baina ez zen espero, eta ezusteko oso ona izan da.

Urtebetean lortu du, beraz, berriro itzultzea Asobal ligara.

Mailaz jaitsi eta hurrengo denboraldian igotzea oso zaila da. Hamaika jokalari berri izan ditu taldeak, baina, esan bezala, ondo ulertu dugu elkar.

Orain dela bi jardunaldi lortu zenuten igoera. Eta asteburuan, 34-26 irabazi zenioten Fertiberia Puerto Saguntori.

Igoera ospatu genuen gure jendearen aurrean. Denboraldi guztian zehar oso garrantzitsuak izan dira guretzat. Ospatu nahi genuen, baina partida irabazi ere bai. Igoera lortua dugu, baina liga irabazteko asmoa ere badugu. Fertiberiakoak oraindik aukerak zituzten igoera lortzeko, edo hirugarren geratzeko eta igoera fase moduko bat jokatzeko. Guk betiko seriotasunarekin hartu genuen partida. Oso ondo joan zen eta zortzi golengatik irabazi genuen. Lehen zatian nahiko ahul atera ginen, baina bigarrengoan defendatuz eta azkar erasotuz nahiko erraz irabazi genuen.

Azken jardunaldia falta zaizue asteburuan.

Eivissan jokatzen dugu, eta aukera dugu denboraldi izugarri honi bukaera polit bat emateko. Bigarren doan taldeak guri lehen postua kentzeko aukera bakarra da beraiek bere partida irabaztea eta guk geurea galtzea.

Nola iritsi zinen Guadalajarara?

Pixka bat errebotez iritsi nintzen. Tolosa Eskubaloian Bigarren B mailan, hau da, 1. Maila Nazionalean, maila ona ematen ari nintzen. Maila horretan zegoen Zaragozako talde bateko entrenatzaileak Guadalajarako bigarren entrenatzailea izan behar zuen. Guadalajara jokalari bila ari zen eta entrenatzaile horrek nigan pentsatu zuen, Tolosarekin jokatzen ikusi zidalako. Gazte bezala eskaini zidaten hitzarmena, bigarren taldearekin ere partidak jokatzeko asmoz. Justu nirekin hitz egin ondoren, astebetera beste talde batekin sinatu zuen entrenatzaile horrek. Beraz, justu-justu sinatu nuen Guadalajararekin.

Beraz, aurten ez zara egon lehen taldearen fitxarekin.

Klubak ez zuen nire berririk, nik bidalitako bideo batzuk zituen soilik. Beraz, niretzako zein taldearentzako proba bat zen. Inoiz aurretik ibili gabe nengoen Bigarren Mailan, ez nekien zer maila emango nuen, eta beraiek ere ez zekiten nik nola funtzionatuko nuen. Baina iritsi nintzen momentutik nire burua espero baino askoz hobeto ikusi nuen. Azken denboraldi honetan bigarren taldearekin bi partida bakarrik jokatu ditut, eta lehenengo taldearekin partida guztietan deialdian egon naiz. Pixkana joan naiz, eta taldetik esan zidaten hirugarren albokoa izango nintzela, eta pixkana minutuak hartzen joango nintzela. Entrenamenduetan oso ondo ikusten nuen neure burua, eta partidetan bai kostatu zaidala pixka bat konfiantza hartzea. Baina azken lau-bost partidetan hori aldatu da. Malagaren aurkako partidan, nire postuko titularrak ezin izan zuen jokatu, eta niri eman zidaten aukera titular bezala jokatzeko. Partida guztia jokatu nuen,eta lau edo bost gol sartu nituen. Oso ondo jokatu nuen, konfiantzarekin. Hortik aurrera minutu asko jokatu ditut eta oso kontentu daude nirekin. Ni ere, oso kontentu nago; espero nuen minutuak edukitzea, baina ez izaten ari naizen minutuak eta konfiantza.

Denboraldiko zatirik garrantzitsuenean nabarmendu zara, beraz.

Malagako aukera hori aprobetxatu nuen. Oso garrantzitsua izan zen bertan irabaztea. Ligan etxeko partidak irabaztea errazagoa zen, baina kanpokoak oso zaila ziren, eta Malagan irabaztea oso garrantzitsua izan zen. Gero, etxean, Alacanten aurka azken unea falta zuzenez irabazi genuen, partida garrantzitsua izan zen eta asko jokatu nuen. Eta igoera lortu genuen partidan beste lau gol sartu nituen, azken partida hauek oso garrantzitsuak ziren eta ni konfiantza horrekin sentitu naiz, aurrerapausoa emanez.

Nola sentitu zara aldagelan?

Talde oso gaztea da eta oso ondo konpondu naiz beste jokalariekin. Bestalde, lehenengo aldia nuen etxetik kanpo eta bakarrik bizitzen, eta hasieran pixka bat kostatu zitzaidan.

Aurretik, soilik Tolosan aritu zara eskubaloian, ezta?

Bai, Tolosa Eskubaloian hasi nintzen hamabi urterekin, eta denboraldi hau arte ez naiz beste talde batean egon.

Datorren denboraldian Guadalajaran jarraituko duzu?

Bai, bi urterako hitzarmena egin dut, eta oso pozik nago. Asobal Ligan jokatzea, lehen esan bezala, oso urruti ikusi izan dut, eta niretzako amets bat betetzea da.

Azken jardunaldia eta segidan oporrak?

Bi hilabete inguruko oporrak izango ditugu. Libre izango dut, baina bereziki aprobetxatu beharko dut fisikoki prest egoteko. Asobal Ligan kilo askoko eta fisikoki handia diren jokalariak daude. Salto handiagoa omen da Bigarren Mailatik Asobal Ligara, 1. Maila Nazionaletik Bigarren Mailara baino. Baina hori lanarekin konpentsatzen da eta horretarako ez dago gogo faltarik.

Tolosa Eskubaloiko lagunek zer esan dizute igoera lortzerakoan?

Mezu gustiak oso positiboak izan dira, denak oso kontentu daude niregatik. Denboraldi guztian zehar joan dira nire lagunak eta nire taldekideak izan direnak partidak jarraitzen, eta hitz egiten egon naiz ia denekin. Taldean partidaz partida joan gara, lagunentzat ere horrela izan da, eta bukaera aldera ezin sinistuta zer lortu dugun ikusita.

Asobal Ligan jokatzen duen Tolosaldeko lehenengo jokalaria izango zara.

Hori esan zidaten, eta niretzako amets bat da, izugarria da lehen mailan jokatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!