Hegats Igeriketa Txapelketa Usabalen, larunbatean

Ataria 2022ko maiatzaren 25a

Maiatzaren azken larunbatean egin ohi dute Tolosan Roberto Jauregiren oroimenezko hegats igeriketa txapelketa, eta datorren larunbatean, hilaren 28an, egokitu da aurtengoa. Hemeretzigarrena izango da aurten.

Igarondo Urpekoak taldeak antolatzen duen txapelketa Usabal kiroldegiko igerilekuan jokatuko da, eta 10:00etan hasiko da goizeko txanda, eta 16:00etan arratsaldekoa. Taldetik esan dutenez, bost erkidegotik (Katalunia, Gaztela, Aragoi, Nafarroa eta Euskadi) etorritako, 12 -15 urte bitarteko 180 gazte inguruk hartuko dute parte. Igarondo Urpekoak taldeko bost igerilarik parte hartuko dute, eta beraientzat esperientzia polita izatea espero dute.

50 metrotik hasi eta 400 metro arteko probak egin beharko dituzte igerilariek; «ikustera gerturatzen direnentzat oso formatu ikusgarria izango dela uste dugu», azaldu dute.

Txapelketaren helburua Roberto Jauregi omentzea da, «ahal den era onenean, igeri egiten». Izan ere, taldetik gogoratu dutenez, «Jauregi hegats igeriketa Tolosara ekarri zuen entrenatzailea izan zen eta edozein kirolari laguntzeko prest izaten zelako beti ezagutzen dute tolosar askok».

Bestalde, Igarondo Urpekoak taldeak Tolosako Udala nahiz Hegats Igeriketa Txapelketa aurrera ateratzen lagundu duten babesleak eskertu nahi ditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!