San Joan Sarian, etxeko bi igerilari lehen zortzietan

Ataria 2022ko maiatzaren 23a

Tolosako San Joan Sariaren lehen zortzi sailkatuak. MARKEL SAN JOSE

Tolosaldea IKT taldeak antolatuta, igeriketako XLIV. Tolosako San Joan Saria izan zen jokoan larunbat goizean Usabal igerilekuan. Ehun igerilarik parte hartu zuten, Gipuzkoako hamabi taldetatik, eta puntu gehien lortu zituzten lehen zortzi igerilariek diru saria eskuratu zuten.

Horien artean Tolosaldea IKTko bi igerilari izan ziren: Nahia Garridok laugarren egin zuen eta Enaitz Goñik zortzigarren. Beste sei saridunak Bidasoa taldekoak izan ziren: 1. Maialen Rohrbach, 2. Amaia Zendoia, 3. Ainhoa Martin, 5. Ion Mujika, 6. Juncal Cuñado eta 7. Asier Iguiñiz.

Tolosaldea IKTko Nerea Pagola entrenatzaileak dioenez, «gure taldekoak oso ondo aritu ziren. Gutxienekoak lortu ziren Euskadiko Txapelketarako, zein Espainiako Txapelketarako. Ekainean ditugu txapelketa garrantzitsuak eta uztailean are garrantzitsuagoak, baina dagoeneko marka politak ikusten hasi gara».

UNDERWATER PRESTAKUNTZA

Larunbat arratsaldean, berriz, Underwater prestakuntza saioa egin zuten Usabal igerilekuan, Espainiako Federazioaren eskutik, eta Euskadiko Federazioak antolatuta. Santi Veiga teknikaria eta Aschwin Wildeboer igerilari ohiak eman zuten prestakuntza. Saioan 30 igerilari inguru eta beste hogei bat entrenatzaile izan ziren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!