Haragia eta sua bat eginda

Imanol Garcia Landa 2022ko mai. 21a, 16:34

Haragi topaketaren barruan, gaurkoan herri dastaketaren eguna izan da. Trianguloa plazan hainbat modutan prestatutako haragi pintxoak dastatzeko aukera izan da, eta Zumarditxikian Haragi Festek bere martxarekin jarraitzen du.

Jende ugari elkartu da Trianguloa plazan, haragi pintxoak dastatzera. Bertan hiru gune izan dira: Txomin Parrilla euskaldunak jarritakoa, errekiak sagardo botila itxurako smoker batean prestatuta; Florencia Abella sukaldariaren lan taldearena (Eksdet, Estokolmo); eta Pablo Rivero argentinarrak (Parrilla Don Julio, Buenos Aires) prestatutakoa.

Txomin Dominguez, Txomin Parrillako arduraduna, pozik agertu da Trianguloako gunearen arrakastarekin: "Ikusten da jendea gogoz dagoela horrelako ekitaldietan parte hartzeko. Gainera, horrelako eguraldiarekin, poztekoa da". Beroa egin du Tolosan eta parrilleroek hori ere sufritu dute:  "Normalean beroa pasatzen dugu, eta gaur egin duenarekin ikaragarria izaten ari da, baina moldatzen gara horri aurre egiteko". Batetik, smoker bat jarri du Dominguezek, haragia ketzeko. "Euskal sagardoaren botilaren itxura du, eta haragia aurretik sagardoarekin ezkondu dugu, eta gero haragia smoker-aren barruan hamar orduz inguru izan dugu. Horrez gain euskal txerri bat piezatan moztu genuen atzo, eta gaur seietan hasi gara hori egiten, eta gero smoker-ean sartu dugu ere tarte batez". Prestatutako errekiak jendeak gustura hartu dituela esan du: "Haragia ona dagoela dio jendeak, eta galdetzen ari da nola dagoen eginda. Saiheskia egin dugu eta hori parrilla batean 20 minututan egin daiteke. Baina badaude beste modu batzuk, eta haragia beste modu batera geratzen da, eta horiek erakusten ari gara gaur hemen. Jendeak baloratu du egiten ari garena".

Parrilleroei laguntzen Casino eta Txinparta elkarteetako kideak aritu dira. Horietako bat izan da Irene Larraza: "Oso ondo joan da. Giro ona dago eta jendea gozatzeko asmoz. Gu parrilleroei laguntzen ari gara; beraiek dira profesionalak, baina esku gehiago behar dira pintxoak prestatu eta zerbitzatzeko". Jendearen kuriositatea nabarmendu du Larrazak: "Jendeak dena probatzeko gogoa du, eta galdetzen ari da batean eta bestean zer dagoen, jakin-min horrekin dabil. Eta pentsatzen dut herrian zehar zabaldu den usainak ere jendea erakarri duela".

Olatz Oiartzabal antolakuntza taldeko kideak azaldu duenez, "eguraldiak laguntzen duenean, beste modu batera ikusten dira horrelako ekitaldiak. Uste dut jende asko dabilela, eta gure aldetik pozik gaude egin dugun lanarekin, orokorrean balantze positiboa egiten dugu. Positiboa da horrelako ekitaldiak egiterakoan, jendeak bere parte hartzearekin eskertzea".

Gune berezia Haragi Fest egitasmoarentzat

Zumarditxikia guztiz eraldatu da Haragi topaketarako, eta Haragi Fest izena jarri diote gune horri. Hainbat foodtruck edo janaria zerbitzatzen dituzten furgoneta izateaz gain, kontzertuak ere izaten ari dira. Atzo bertan jende ugari izan zen eta gaur egunean zehar, eta gauean ere, eta bihar eguerdian, zabalik jarraituko du. Gunearen antolakuntzako kidea den Imanol Perotxenak azaldu duenez, "lehenengo aldia zen gune hau antolatzen zela. Bagenituen erreferentziak aurreko urteetan zer egin zen, eta eskala batean antolatu dugu, eta atzo izandako jendetzarekin, arrakastatsua izan dela esan dezakegu. Jendea etorri zen, dastatu zuen, musikaz gozatu zuen, eta bai jendea eta bai foodtruck hauek kudeatzen dituzte jatetxe, sukaldari eta harakinak oso pozik daude emaitzarekin".

Gaur Haragi Fest guneak bere martxa jarraituko du, eta musika emanaldiei dagokionez, 20:00etan Mugan taldea izango da, eta 22:00etan Moonshine Wagon. Bihar ere jarraipena izango du Haragi Festek 12:00etatik 16:00etara, eta musika saioei dagokionez, 12:00etan DJ Makala izango da. Horrez gain, biharkoan, 'Haragi' menua eskainiko da Tolosako erretegietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!