Joseba Roteta da Tolosa CF-ko gizonezkoen futbol talde nagusiko entrenatzaile berria

Imanol Garcia Landa 2022ko mai. 20a, 20:20
Oier Arruebarrena eta Joseba Roteta, Berazubiko futbol zelaian.

Klubak Roteta aurkeztu du, Oier Arruebarrena Errendimenduko koordinatzaile berriarekin batera. Rotetak azaldu duenez, Tolosa bezalako talde eta herri bati ezin zaio ezezkorik esan.

Tolosa CF-ko gizonezkoen talde nagusia mailaz jaitsi da denboraldi honetan eta hurrengoan Ohorezko Erregional mailan ariko da. Taldearen gidari berria Joseba Roteta oiartzuarra da. Bere azken taldea Beti Gazte izan da, Tolosa CF-rekin batera Hirugarren Maila galdu berri duena. Futbol jokalari ohia, beste hainbat taldetan izan da ere entrenatzaile, baina Beti Gazte talde lesakarra aurreko denboraldian Hirugarren Mailara igotzea izan da bere lorpenik esanguratsuena.

Ardura berria "sekulako ilusioarekin" hartzen duela esan du Rotetak. Bukatu den denboraldia Tolosarentzat eta Beti Gazterentzat gogorra izan dela dio. Lesakan jarraitzea zen bere asmoa, baina aukera hau sortu zaiola eta eskertuta dagoela azaldu du. "Inork ezin du Tolosari ezezkoa eman. Beraz, aprobetxatu eta orain hasiko gara lanean. Hiru hilabete ditugu, eta oraindik gutxi hitz egin dugu jokalariez. Orain ekingo diogu lan horri", esan du oiartzuarrak.

Tolosa beti izan dela Hirugarren Mailako taldea gaineratu du Rotetak: "Sekulako herria da, eta Ohorezko Mailan egon denean beti igotzeko asmoarekin lehiatu da. Nik lehiakortasun hori nahi nuen eta niretzako aukera polita da. Proiektu polita iruditzen zait, eta ahalegin guztiak egingo ditugu hurrengo urtean ahal bada Hirugarren Mailara itzultzeko". Horretarako "talde polit bat" behar dela azaldu du, eta hori izango dela bere lehenengo lana. Klubetik esan diote helburua taldea etxeko jendearekin osatzea dela. "Gero maila ona ematen duten bat, bi edo hiru jokalari kanpotik ekartzeko aukera badago, pentsatuko dela azaldu didate. Hasiera batean garbi utzi zidaten taldea etxeko jokalariekin osatzea dela asmoa, eta oso ondo iruditzen zait".

Oier Arruebarrena: "Hainbat urtetara begirako proiektu bat osatu nahi dugu"

Entrenatzaile berriaren aurkezpenarekin batera, Oier Arruebarrena Errendimenduko koordinatzailea ere aurkeztu du Tolosa CF-k. Bere lehen lana entrenatzaile berria aurkitzea izan da, eta izen bat baino lehenago, profil bat bilatzeari eman diote garrantzia. "Profila kontuan hartuta izen batzuk agertu zitzaizkigun, kontaktu batzuk egin genituen eta azkenean Joseba aukeratu genuen", esan du Arruebarrenak. Klubaren ideia herriko talde bat egitea zela komentatu zioten Rotetari. "Bere meritu handienetako bat Beti Gazte, herriko talde bat, Hirugarren Mailara igotzea izan zen. Ikusten genuen guk eskaini dezakegun proiektua nahiko antzekoa dela, eta horregatik aukeratu genuen", zehaztu du Arruebarrenak.

Datorren denboraldian talde nagusia Hirugarren Mailari igotzea da helburua. "Baina ez dugu egingo drama bat ez bagara igotzen. Hainbat urtetara begirako proiektu bat osatu nahi dugu, berriz herriko proiektu sendo bat egin, eta behin igotzen garenean mantentzea izango da gure helburu nagusia", esan du Arruebarrenak. Zentzu horretan, Rotetaren kontratazioa epe luzerako izan nahi duela gaineratu du.

Azken hiru urteetan, gizonezkoen gorengo mailako entrenatzailea izan da Arruebarrena. Errendimenduko koordinatzaile moduan, "Tolosako ilusioa eta grina" berreskuratu nahi dutela dio: "Berazubira jende gehiago etortzea eta herriko jendearekin lan egitea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!