Tolosan etxebizitza aukerak areagotzea da udal gobernuaren lehentasuna

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko mai. 20a, 19:59

Etxebizitza hutsak birgaitu eta alokairuan jartzeko diru laguntzen ordenantza garatu duela, eta orain, etxebizitza berrien eraikuntza sustatzen ari dela adierazi dute: "herrian alokairu aukerak areagotzea dugu helburu".

Tolosako udal gobernuak herriko etxebizitza eskariari erantzuteko abiatuta dituen lan lerro eta proiektuak aurkeztu ditu goizean. Olatz Peon alkateak esan du etxebizitza politika «estrategikoa» eta «lehentasunezkoa» dela tolosarren etxebizitza beharrei eta eskaerei erantzuteko: «Ezinbestekoa da aukera berriak eskaintzea etxebizitza eskubidea bermatu eta herritarrei erraztasunak emateko».

Alkateak adierazi duenez, «herritar askok» bere kezka, zailtasunak eta beharrak azaldu dizkie udal gobernuari. «Eskaria handia da herrian, eta tolosarrei Tolosan bizitzeko aukera bermatu nahi badiegu, beharrei erantzutea lehentasuna da guretzat», azpimarratu du.

Besteak beste, etxebizitza hutsak birgaitzea, merkaturatzea, eta alokairuan jartzea du helburu udal gobernuak. Horrela, Xabier Balerdi etxebizitza saileko zinegotzi arduradunak, jada abian jarri dituzten lan lerroen berri eman du. Batetik, Tokiko Gobernu Batzordeak Alokabiderekin sinatuko duen protokoloa onartu duela esan du. «Informazio saioak eta hitzaldiak egitea aurreikusten dugu, etxebizitza hutsen inguruko programak ezagutzera eramateko eta herritarrek eskura dituzten dirulaguntzak gizarteratzeko».

Bestetik, udalak etxebizitza hutsak birgaitzeko dirulaguntzak emateko ordenantza garatu du, sinatuko duten protokoloaren osagarri modura; aurrerago egingo dute deialdia. «Etxebizitza hutsak alokairuan jar daitezen sustatzea da helburua», esan du Balerdik. Tolosan 253 etxebizitza daude hutsik. Hori dela eta, etxebizitza hutsen jabeekin lanketa berezia egingo dutela aurreratu du: «Beraiekin hitz egingo dugu, etxebizitzak hutsik izatearen arrazoiak gertutik ezagutu eta alokairuan jartzeko dituzten aukerak aztertzeko».

Iaz, bereziki gazteei eta behar bereziak dituzten herritarrei zuzendutako dirulaguntza lerro berria abiarazi zuen udalak, alokariruaren ordainketa errazteko. Iazko laguntzak eman ditu dagoeneko; aurtengo deialdiari begira, oinarriak egokitu egingo dira. «Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Gaztelagun programa, gazteei alokairu ordainketa errazteko programa, egokitu eta zabaldu egin du eta udalaren dirulaguntza oinarriekin bat egiten du. Hortaz, baldintzak berraztertu eta berritu egingo dira, dirulaguntza herritar gehiagorengana zabaltzeko», azaldu du Balerdik.

Hiru gune nagusi

Hirigintza garapenari dagokionez, herriko eremu ezberdinetan etxebizitza berrien eraikuntza sustatzen ari da udal gobernua, etxebizitza babestuen parkea handitu asmoz, alokairuaren aldeko apustua eginez. Egoitz Sorozabal hirigintza saileko zinegotzi arduradunak azpimarratu duenez, Larramendi auzoko garapena amaituta, Tolosan garatzeko dauden eremu «ia bakarrak eta handienak» Amarotz eta San Esteban auzoetakoak dira.

Amarotz auzoan, Visesa enpresarekin sinatutako hitzarmenean bildutakoaren arabera, alokairuko 111 etxebizitza babestu eraikiko dira lehen fasean. «Tolosarrek lehentasuna izango dute», esan du Sorozabalek. Bigarrren fasean, 185 etxebizitza (81 babestu eta 104 libre) eraikiko dituzte. «Eremuan eraikiko diren etxebizitzen %65 babestua izango da, beraz», gaineratu du.

San Esteban auzoan, bestalde, udalak legealdi hasieran hartutako konpromisoa beteko duela aurreratu du: «Diagnostikoa egingo dugu, lurretan jabetza publikoa zenbatekoa den finkatzeko, eta urbanistikoki kostuak zenbatekoak izango diren ezagutzeko. Hau amaitzean, martxan jarriko da HAPOaren aldaketa, eremuaren garapenari bide emateko».

Etxebizitza gehiago, eremu berrietan

Iurreamendi auzoa garatzeko asmoa ere badu udalak. Bertan, 141 etxebizitza eraikiko dira: 23 babestu, 40 tasatu eta 78 libre. «Udazkenean egingo da bizitoki babestuen deialdia, eta errepartzelazio proiektua egin ondoren, etxebizitza berri horien eraikuntzagatik udalak jasoko duen aprobetxamendua alokairura bideratzea da udal gobernuaren proposamena. Hortaz, alokairurako 15 etxebizitza babestu eraikiko ditugu bertan», esan du Sorozabalek.

San Kosme eta San Damian eremuan ere 20 etxebizitza tasatu eraikiko ditu udalak, beste 30 etxebizitza librerekin batera. Guztira, beraz, 50 bizitoki sortuko dituzte. Horrez gain, San Frantzisko pasealekuko 37. zenbakian 23 etxebizitza libre eraikitzea aurreikusten dute. «Gauzak ondo bidean, aurten eraikitzen hasteko aukera izango dugu», aitortu du Sorozabalek.

Alde Zaharrean ere promozio desberdinak bideratzen ari da udal gobernua. Alkateak esan du «begirune berezia» diotela eremu honi. Oraingoz, 14 etxebizitza eraiki dira Kale Nagusiko 19. zenbakian, eta beste 12 eraikitzen ari dira 1 eta 3 zenbakietan. Halaber, Letxuga kaleko 5. zenbakian eta Rondilla kaleko 14.ean, etxebizitza berriak eraikitzeko baimenak lortu dituzte; beste 20 bizitoki inguru eraikiko dituzte.

Aipatutako hirigintza garapenaz haratago, Tolosako eremu desberdinetan etxebizitza berriak eraikitzeko lanean ari direla adierazi dute udal gobernuko ordezkariek. Batetik, 48 etxebizitza eraikiko dituzte Zubizarreta eremuan (Zumardi Handiaren ondoko aparkalekuan): 16 libre eta 32 babestu. Bestetik, Miserikordia Zaharreko eremua garatzeko lanketa abian du udalak. «HAPOaren arabera, 70 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten da, erdiak babestuak», azaldu du Sorozabalek.

Joxe Mari Villanueva udal gobernuko zinegotziak ere nabarmendu du eskaera «apartekoa» dela, eta horri erantzun bat ematea «ezinbestekoa» dela: «869 lagun daude zerrendetan; horietatik 555 Tolosan daude erroldatuta, eta ia 200ek, alokairuaren aldeko joera adierazi dute». Amaitzeko, udal teknikari, zinegotzi eta sail desberdinetako langileek egindako lana azpimarratu du, eta borondate osoa azaldu du, «eraikuntza bultzatu eta sustatzeko, baita Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzeko ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!