Igeriketako San Juan Saria izango da jokoan etzi

Ataria 2022ko maiatzaren 19a

Iazko San Juan Sarian parte hartu zuten Tolosaldea IKTko igerilariak.

Tolosaldea IKT igeriketa taldeak antolatuta, larunbat goizean San Juan Saria izango da jokoan Tolosako Usabal igerilekuan. 10:00etan hasiko da lehia eta guztira Gipuzkoa osoko 120 igerilari inguruk hartuko dute parte, horietatik 27 etxeko taldekoak. Infantiletatik hasi eta absolutu maila arteko igerilariak izango dira Usabalen.

Udaberriko Ligaren barruan sartzen da San Juan Saria. Aurretik ekainean antolatzen zen torneoa, baina liga barruan sartzerakoan gaur gaurkoz maiatzean egiten da. Liga horretako bigarren proba da Tolosakoa, eta lehenengoa Irunen egin zen, San Marcial Saria. Bi proba hauek A mailaren barruan daude, hau da, eskatzen den gutxieneko markak egin dituzten igerilariek parte hartzen dute bertan. Igeriketa egutegiko proben erdiak egingo dira, San Marcial Sarian egin ez zirenak, hain justu. Ligaren hirugarrengo proba Gipuzkoako Open Saria izango da.

Guztira sei sari nagusi banatuko dira San Juan Sarian. FINAko puntuazioa kontuan hartuta egingo da sailkapena, eta lehenengo sei igerilariek jasoko dute saria. Sailkapen orokorra izango da, eta ez da, beraz, emakumezkoen eta gizonezkoen aparteko sailkapenik egingo.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!