Amaitu dituzte Paper kaleko obrak

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 19a, 16:59

Besteak beste, erdibitzailea kendu, espaloiak zabaldu eta bidegorriaren zoladura eta seinaleztapena hobetu dituzte. "Lehentasuna eman diegu oinezkoei, eta kalea irisgarriagoa eta seguruagoa da orain", esan du alkateak.

Tolosa herri atseginagoa eta irisgarriagoa bilakatzeko helburuarekin kaleak eraberritzen jarraitzen du udalak. Laskoain kalean eta Gernikako Arbolan egindako lanen ondoren, Paper kalea eraberritzeko lanak gauzatu dituzte. 5 hilabeteko iraupena izan dute lanek eta Sasoi Eraikuntzak enpresa arduratu da lanak aurrera eramateaz, 559.108,7 euroko (BEZa barne) aurrekontuarekin.

Obrak amaituta, eremura bisita egin zuten atzo Olatz Peon Tolosako alkateak, obra eta zerbitzuetako zinegotzi arduradun Patxi Amantegik eta udal teknikariek, obra zuzendari eta obra arduradunekin batera. “Irisgarritasuna, segurtasuna, eta espazioen kalitatea hobetzea lortu dugu, eta orain oinezkoentzako espazio gehiago dago eta espazioa erakargarriagoa da herritarrentzat”, esan du alkateak.

Udalak zehaztutako mugikortasun planean jasotako irizpideak jarraituz egin dituzte Paper kaleko eraberritze lanak. Hala, bi biribilguneen arteko espazioan esku hartu dute eta bi erraien arteko erdibitzailea kendu dute, espazioa irabazi eta oinezkoen zein txirringan doazenen bideak eta ibilgailu motordunentzako espazioak bereiziz.

Bidegorri zatian ere berritze lanak egin ditu udalak, zoladura berria jartzeko eta seinaleztapena hobetzeko. Errepideari dagokionez, abiadura murrizteko zoladura jarri dute, oinezkoentzako espazioa seguruagoa izan dadin. Horrez gain, eta oinezkoen irisgarritasuna hobetzera bideratuta, pasabide goratuak jarri dituzte eta iparraldeko espaloia zabaldu dute. "Pertsonak erdigunean jartzen dituen herri eredua bultzatzea da lan guzti hauen helburua", esan du alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!