Tolosako Udal Musika Banda eta musika eskolako ikasleak, elkarrekin lehen aldiz

Ataria 2022ko maiatzaren 19a

Tolosako Udal Musika Bandak ‘Egun batez bandakide’ kontzertu berezia eskainiko du larunbatean, 18:30ean hasita Plaza Zaharrean.

Tolosako Udal Musika Bandak etzi eskainiko du hilabete honetako kontzertua. Egun batez bandakide jarri diote izena, eta 18:30ean izango da, Tolosako Plaza Zaharrean. Harago doa bandaren asmoa; ikasle gazteak gerturatu nahi dituzte, transmisioaren garrantziaz jabeturik: “Haurrek erreferenteak izatea garrantzitsua da, musikari lotuta jarrai dezaten, eta ondorioz, etorkizunean ere herriko taldeek jarraipena izan dezaten”, azaldu dute. Haurrentzat musika banda erreferente horietako bat izatea dute helburu.

Ia 50 ikaslek hartuko dute parte, taldetan banatuta: klarinete taldea, flauta eta oboe taldea, tronpeta laukotea, saxofoi taldea, tronpa, bonbardino eta tronboi taldea, perkusio taldeak eta teklatu-jotzailea. Zentzu horretan, musika eskolako irakasleen prestutasun eta ahalegina eskertu nahi izan du bandak.

Idoia Balza Garmendiak zuzenduko du emanaldia, eta besteak beste, Coldplay, Ed Sheeran, Pharrell Williams edo Deep Purple-en kantuak interpretatuko dituzte ikasleekin batera. Bandak bakarrik beste zenbait abesti ere joko ditu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!