Tolosa CF-ko gimnastak, Gipuzkoako Txapelketan txapeldun

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 19a, 11:57

Gipuzkoako Txapelketan emaitza ezin hobeak izan dituzte Tolosako gimnastikako taldeek, guztira bederatzi urre eta lau zilar eskuratuta

Tolosa CF-ko gimnastek emaitza ezin hobeak lortu dituzte asteburuan jokatutako Gipuzkoako Txapelketan, guztira bederatzi urrezko eta lau zilarrezko domina lortuta. Amateur taldeen txanda izan zen lehendabizi, kadete, jubenil eta senior mailetan. «Lan bikaina egin zuten lehen zazpi taldeek», azaldu dute klubetik. Kadete B mailan, urrea eta zilarra tolosarrentzat, kadete S lehen eta kadete H bigarren. Gimnasta hauentzat amateur kategorian lehen finala izan zen, eta primeran aritu ziren. Kadete A mailan, Tolosakoak txapeldun eta Ordiziako talde mistoa txapeldunorde izan zen. Jubeniletan ere bi taldeen ordezkapena izan zuten, helduek urrea lortuz eta gaztetxoek zilarra. Seniorrek ere urrea ekarri zuten Tolosara.

Eskola mailan, alebin A mailan urrea eta zilarra tolosarrentzat izan zen berriz: Herrikide garaile, eta Peio Errota txapeldunorde. Infantil A eta B mailan bi taldeak lehen postura igo ziren, eta Ordiziako neskak seigarren izan ziren.

Horrez gain, Udaberri Torneoko finalean alebin eta infantil mailako ordezkariak primeran aritu ziren tapizean, eta bi taldeek urrea lortu zuten. «Klubaren zigilua taldean lan egitea da. Gainera bidean ezarritako erronka guztiei aurre egiteko gai direla eta prest daudela demostratu dute», azaldu dute klubetik. Hurrengo helburua finkatu dute, eta datozen asteetan Euskadiko Txapelketan izango dira.

Lanean jarraitzen laguntzeko dituen babesleei eskerrak eman dizkie klubak: Valvulas CMO, Pulidos Leunlan, Mecanizados Garmendiola, Garaje Tolosa, Udarko Promo, eta babesle bezala gehitu berri zaien Mecanizados y Pulidos Nazabal-i.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!