Musikherriak Tolosako kaleak girotuko ditu maiatzaren 28an

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 19a, 11:58

Tolosako musika talde eta artistei balioa emateko antolatuko dute ekimenaren zortzigarren edizioa; 20 taldek baino gehiagok hartuko du parte.

Maiatzaren 28an Musikherria ekimenaren zortzigarren edizioa ospatuko dute Tolosan. Herriko hainbat gunetan eta egun osoz eskainiko dira emanaldiak eta dagoeneko 20 talde baino gehiagok baieztatu dute parte hartzea. Inoiz baino parte hartzaile gehiago izango direla nabarmendu du Mikel Iraola antolatzaileak eta tartean lehenengo aldiz parte hartuko dutenak ere izango direla baieztatu du.

Goizean, besteak beste, Larramendi, Amarotz, Izaskun eta San Esteban auzoetan, 10:00etan hasita, emanaldiak eskainiko dituzte Tolosako eta Giro Arte taldeetako dultzaineroek eta Incasables txarangak. Ondoren, 11:00etatik aurrera, kalejiran ibiliko dira hainbat talde: Eduardo Mokoroa musika eskolako ikasleak, Hauspotuz elkarteko trikitilariak, Udaberri fanfarrea, Udaberri txaranga, Isidro Larrañaga musika eskolako ikasleak, Uztaritzeko Herri Soinua elkartea, Laskotxaranga eta Tolosako Abeslari Gazteak. Amaia Lizaso Eduardo Mokoroa udal musika eskolako arduradunak azpimarratu duenez ikasleek badute Musikherria parte hartzeko gogoa: "Udaberria eta eguraldi onarekin batera, guztia loratzen ari da eta gu ere kalera aterako gara".

Aurten, Plaza Berrian eta Lopez Mendizabal plazan, eserita entzuteko emanaldiak prestatu dituzte eta udal musika eskolako klarinete taldea, Isidro Larrañaga akordeoi orkestra eta Lask abesbatzak hartuko dute parte Plaza Berrian. Hodeiertz abesbatzak, Garigabeak, The  Konbixek eta Garenak, berriz, Lopez Mendizabal plazan emango dute emanaldia.

Bazkarirako txartelak salgai

Osasun egoerak baimentzen duenez, Zerkausian egiten zuten herri bazkaria berreskuratu dute antolatzaileek. Musikariak eta musikari ez diren gainerako herritarrak ere gonbidatuta daudela esan du Iraolak eta gogoratu du Laskorain ikastolak prestatu eta helburu solidarioa izango duela bazkariak. Irabaziak Zutani elkartearentzat izango dira. Txartelak egunotan salgai daude Xirimiri eta Orbela tabernetan, 12 euroan helduentzat eta 6 euroan 14 urtez azpikoentzat. Bertan biltzen diren musikariekin bazkalostean nahikoa musika eta dantza izango dela hitz eman dute antolatzaileek.

Arratsalde-gau parterako bestelako emanaldi batzuk izango dituzte. Alde Zaharreko kaleetan zehar Les Incognitos taldea ibiliko da: "Frantziatik datoz, aurretik ere izanak dira hemen eta sei taldekideek, reggae, rock eta ska musika egiten dute". Ondoren, 22:30etik aurrera Plaza Berrian izango dira kontzertuak. Tolosan ezaguna den Aldapeko Basque Latin Jazz taldea ariko da alde batetik. eta gauerditik aurrera Laiotz taldearekin erromeria egingo dute.

"Egitarau mardula prestatu dugu eta gonbita luzatzen diegu herritarrei emanaldi hauetan parte har dezaten", esan du Iraolak. Gonbidapen bera luzatu du Izarne Iglesias Tolosako Udaleko Kultura zinegotziak ere: "Tolosak badu berezitasun bat, herriak duen bizitasuna. Astebururo bada zerbait, eta normaltasuna bere osotasunean berreskuratzen ari garen honetan, maiatza izaten ari da horren adibide". Herriko kaleak musikaz girotzeko eta alaitzeko ospatuko da Musikherria maiatzaren 28an, eta Iglesiasek nabarmendu du, egun horrek Tolosako musikarien eta artisten lana ikusarazi eta haien ekarpenari aintzat hartzeko balioko duela.

Egitaraua

  • 10:00. Tolosako Dultzaineroak, Giro Arte dultzainero taldea eta Incansables txaranga, Larramendi, Amarotz, Izaskun eta San Esteban auzoetan.
  • 11:00. Kalez kale, Eduardo Mokoroa musika eskolako ikasleak, Hauspotuz elkarteko trikitilariak, Udaberri fanfarrea, Koponezinak txaranga, Isidro Larrañaga musika eskolako ikasleak, Uztaritzeko Herri Soinua elkartea, Laskotxaranga eta Tolosako Abeslari Gazteak.
  • 12:00. Alde Zaharreko kaleetan zehar Tolosa Kantari.
  • 12:00. Plaza Berrian, Lask abesbatza, Eduardo Mokoroa udal musika eskolako klarinete taldea, Isidro Larrañaga akordeoi orkestra.
  • 12:00. Hodeiertz abesbatza, Garigabeak, The Konbix eta Garena Lopez Mendizabal plazan.
  • 14:30. Herri bazkaria Zerkausian. Txartelak Xirimiri eta Orbela tabernetan salgai. Prezioa: 12 euro helduek eta 6 euro 14 urtez azpikoek.
  • 18:00. Alde Zaharreko kaleetan zehar Les Incognitos.
  • 22:30. Plaza Berrian Aldapeko Basque Latin Jazz taldearen emanaldia.
  • 00:00. Laiotz taldearekin erromeria Plaza Berrian.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!