Elkarrizketa

«Estatu ez diren Europako nazioen arreta geureganatzeko garaia da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko mai. 18a, 11:58

‘Pirinioetako Bidea’ ekimena antolatu du Gure Eskuk uztailaren 2rako; euskal herritarrek eta kataluniarrek, 300 gailur argiztatuko dituzte: «festa ikaragarria eta ibilbide berri baten abiapuntua izango da», esan du Sarasolak.

Pasa den larunbatean egin zuten uztailerako beroketa saioa, eta Gipuzkoako Gure Eskuk deituta, dozenaka herritarrek argiztatu zuten Uzturreko gailurra. «Oso arrakastatsua izan zen, lortu duen oihartzuna ere handia izan delako. Ilusioa piztu du, eta ea herritarrak aktibatzeko balio duen», nabarmendu du Beñat Sarasolak (Andoain, 1976).

Zer da uztailaren 2rako antolatu duzuena?

Argi utzi nahi dugu ez dela Gure Eskuk bakarrik antolatzen duen mobilizazioa. Orain arte bakarrik aritu izan gara gure ekimenak antolatzen, baina beti izan ditugu inguruan lagun kataluniarrak. Uztailaren 2rako, batak besteari elkartasuna adieraztetik, elkarlanera igaroko gara. Kataluniako zenbait erakunderekin batera eramango dugu aurrera proiektua.

Inflexio-puntu handi bat izan daiteke aurtengoa. Mugimendu honetan lanean ari garenok ikaragarri nabaritu dugu, bi urtez geldirik egon ondoren, berriro ere martxan jartzeak zer nolako esfortzua suposatzen duen, herritarren aldetik batez ere. Horregatik, ekimen hau interesgarria izango da, edonork egin dezakeelako, eta noski, Pirinio guztiak argiztatzea ez delako egunero gertatzen. Erronka handia izango da, buru hausteak eragingo dituena, baina irudi zoragarri bat utziko duena.

Hala ere, ez dadila argazki soil batean geratu...

Ez, ez genuke nahi behintzat. Bederatzi urte igaro dira lehen giza-katea antolatzen hasi ginela. Olatuak ikaragarriak izan dira, giza-kateetatik hasi, herrietako galdeketekin jarraitu, eta estadioak bete genituen egun handira arte, eta bakoitzak bere historia du. Erantzun masibo horiei jarraipena ematea, ordea, kosta egin zaigu, eta hori da aurtengo mobilizaziorako erronka nagusietako bat. Uztaileko asteburu hori eta gero, irailetik aurrera, lortzen ari garen honi beste norabide bat eman nahi diogu, eta gizartea ere horren parte izatea nahi dugu, aktibatzea nahi dugu. Guk asmo hori dugu; ea herriak hori ulertzen duen eta gurekin bat egiten duen.

Zergatik hartu behar dute parte herritarrek?

Gure Eskuk hasieratik izan ditu hiru printzipio: Herri bat gara, Erabakitzeko eskubidea dugu eta Herritarron garaia da. Hori bere sentitzen duen horrek, bertaratzeko gogoa izanez gero, aitzakia ederra du.

2014an, Eskoziak aurrera eraman zuen erabakitze prozesu bat. Urte berean, azaroaren 9an, erreferendum bat gauzatu zuen Kataluniak. Eta non geunden gu? Zurriola hondartzan, sekulako mosaikoa osatzen. Ikaragarria izan zen, 10.000 herritar bildu ginelako. Eta orain berriro horrelako olatu bat etorriz gero, zer? Ikusle hutsak bakarrik izan nahi dugu edo guk ere olatu hori harrapatu eta bertako partaide izan nahi dugu? Argi dugu norberaren esku dagoela, baina bide berean jarraitu behar dugu, eta herritarrei adierazi behar diegu behar-beharrezkoa dela burujabetza prozesu hori gauzatzea.

Pirinioak argiztatuz, nazioarteko komunitatearen arreta bereganatu nahi duzuela diozue. Zertarako?

Lehen aipatu dudan bezala, orain arte bat egin dugu kataluniar herriarekin, besteak beste, Proces-aren baitako eta egin dituzten galdeketen mobilizazioetan. Aurten, baina, batera ariko gara. Bion artean, Europaren ikusmiran jartzea da lehen helburuetako bat. Orain arte, ondoan ditugun bi estatuei begira egon gara, baina haien aldetik ez dugu erantzunik jaso, eta beraz, estatu ez diren Europako nazio horien arreta geureganatzeko garaia da, baita Europar Batasunaren arreta ere.

Indar subiranistek, esaterako, Self-Determination Caucus mugimendua antolatu zuten. Ideia berari jarraiki, zenbait dinamika daude, baina herritarrok ez badugu aurrerapauso bat ematen, oso zaila da horrelako dinamikak egunerokoan topatzea. Horregatik, beharrezkoa da mobilizazio jendetsu batek erabakitzeko eskubidea eskatzea ez ezik, horri jarraipena ematea. Herritarrak aktibatzea behar dugu, ez soilik uztailaren 2ari begira, ibilbide luze honen hurrengo jomugari begira baizik.

Pirinioek, gainera, bi herriak elkartzen dituzte.

Hemen edo han hasi eta amaitzen dira. Elkarren artean gauza ugari partekatzen ditugu, eta Pirinioak bion arteko lotune dira.

Aldi berean, ordea, muga ere markatzen dute.

Erabakitzeko eskubide horrek sortzen duen beldurra da muga handiena. Azken hamarkadetan argi geratu da herri burujabe batek ez diola beldurrik ezeri, eta berak hartzen dituela erabakiak aurrera egiteko. Baina burujabe ez den herri batek, beti du behar hori, eta kasu honetan, bai estatu frantsesak, baita espainiarrak ere, ez diote aterik ireki nahi prozesu horri, haiek ere zerbaiten beldur direlako. Horrez gain, pandemiak agerian utzi du herri burujabeek aurrera egiteko askatasun handiagoa dutela, beti beste batzuen erabakien menpe egon beharrik gabe.

Herritar bakoitzak nahi duen mendia argiztatzeko aukera izango du?

Ez. Segurtasun kontuak medio, bi motatako mendiak identifikatu ditugu. Zailtasun handiagoa duten mendiak gorriz markatu ditugu; edonork igo ditzakeen mendiak, berriz, berdez. Lehenak, federatutako mendizaleei eta mendi elkarteei begirakoak izango dira; jada lanean ari gara horiekin, haiek mendi horiek argizta ditzaten. Bestetik, gauez egingo den ekintza denez, ezinbestekoa izango da herritarrek frontalak eramatea.

Berez, eskualde bakoitzak mendi bat edo batzuk argiztatzeko ardura izango du; Tolosaldearen kasuan, Oianberri, Urkidi eta Zipuru dira egokitutako mendiak. Ez dute zailtasunik, eta herritar guztiak igoko gara bide beretik, muino batera. Bertan sakabanatuko gara hiru gailurretara; gainera, hirurak elkartzen dituen bide bat dago, eta beraz, eskualdeko herritarrok lerro eder bat osatuko dugu.

Hiru mendiak Arantza herriaren inguruan daude, eta hura izango da gure kanpamentu nagusia. Bertara joateko eta etortzeko autobus zerbitzua jarriko dugu, nahiz eta bere kontura joan nahi dutenek ere aukera izango duten. Eskualdeko herritarren batek beste mendi bat argiztatzera joan nahi badu, horretarako aukera izango du izen-ematean, Gureesku.eus-en. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!