‘Gerrako umeen’ lekukotza jasoko dute

Iñigo Terradillos 2022ko maiatzaren 17a

1937an Getxotik Ingalaterrara irten zen itsasontzia gerratik ihesi.


Intxorta 1937 elkartea 36ko gerran erbesteratutako haurrei buruzko lanketa ari da egiten; Tolosan izango dira datozen egunetan.

36ko gerratik ihesi erbestea ezagutu zuten Gerrako umeak identifikatu eta haien memoria berreskuratzeko azterlana abian jarri zuen Intxorta 1937 kultur elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, pasa den urtean. Debagoiena eskualdean hasi ziren lanean, eta helburua ikerketa Gipuzkoa osoan egitea denez, eskualdez eskualde ari dira lanean, eta Tolosaldean izango dira datozen asteetan.
Elkartetik azaldu dutenez, Frantzia, Ingalaterra, Errusia, Belgika, Katalunia, Txile, Argentina edota Mexiko bezalako lurraldeek hartu zituzten haur 
horiek. 1936. urtean 16 urtetik behera zituzten haurrak kontsideratzen dituzte Gerrako umeak, eta erbesteratzea Gipuzkoan jaiotako nahiz kanpotik etorritako 8.000 haur baino gehiagok pairatu zutela uste da. 

Hala, Espainiako gerran zuzenean parte hartu ez bazuten ere, haien lekukotza memoriaren «pieza garrantzitsua» dela dio Intxorta elkarteak, «gatazkaren ondorio sozial, fisiko eta afektibo mingarriak jasan baitzituzten». Bada, haur eta gaztetxo horien izen-abizenak, argazkiak eta lekukotzak jaso eta ikertu nahi dituzte, eta horretarako Tolosaldeko herritarrentzat zuzeneko arretarako bulegoa jarriko dute Tolosako kultur etxean bi egunetan. Gaur eta hilaren 25ean izango dira, 12:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, eta Tolosako Cecilia G. de Guilarte foro errepublikarreko kideak, Carmen Ocariz eta Ana Mari Guilarte izango dira bertan. «Atsegin handiz» hartuko dituztela eta bertaratzera animatu dituzte herritarrak. «Euren bizitzaren inguruan, bizi izan ziren tokiez, bizi izan zituzten gora-beherez... elkarrizketa egitea izango da helburua».

Tolosaldean, 217 haur
Tolosaldearen kasuan, 217 pertsona dituzte identifikatuta, 112 mutil eta 105 neska. Gehienak Tolosakoak (194) dira, eta Amasa-Villabonan (13), Ibarran (4), Berastegin (4), Asteasun (1) eta Zizurkilen (1) ere badituzte zerrendatuta.  

Ikerketa amaitzean, aldundiaren asmoa da Gerrako umeen memoria aitortu eta aldarrikatzeko ekitaldi bat antolatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!